Koroatzea biziberritzeko proiektuari buruzko informazio saioak egingo dira gaur

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko api. 18a, 09:30

Bi saio egingo dira, 10:00etan eta 18:00etan, Europa biltzar etxean.

Gasteizko Udalak eta Visesak Koroatze auzoa biziberritzeko proiektuari buruzko informazio guztia biltzen duen agiria aurkeztu dute gaur goizean. Horrez gain, gaur, hilak 18,  bi informazio saio egingo dira Europa biltzar etxean (10:00etan eta 18:00etan), proiektuaren inguruko zalantzak argitzeko.

Proiektu berri honek Koroatze auzoa eraldatu nahi du eta bertako auzokoen bizi-kalitatea hobetzeko xedez, energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta informazioaren teknologien erabilera hobetzeko ekintzak gauzatu nahi ditu.

Gasteizko Udaleko Hirigintza eta Ingurumen koordinatzaile Alvaro Iturritxak iragarri duenez, espazio publikoan egitekoak diren jarduerak oraindik ez daude zehaztuta, baina Udala horiek lantzen ari da dagoeneko. “Esku-hartzeak Koroatze auzoko bizilagunekin, elkarteekin eta entitateekin batera zehaztuko dira. Horretarako, herritarren parte-hartzerako prozesu bat jarriko dugu martxan, eta uda baino lehen, lantegiak egingo ditugu, proiektuaren ildo nagusiak adosteko".

  Besteak beste, altzari publikoak eta argiteria hobetuko dira, eta beroa banatzeko sarea instalatzeko behar diren zangak egingo dira. "Inguruan bizi direnei entzun eta haien iradokizunak ezagutu nahi ditugu, elkarrekin lan egiteko eta onuradunen konplizitatea izateko”, azaldu du Iturritxak. Espazio publikoaren alorreko lanak 2017an hasiko direla gaineratu du.

Etxebizitzak birgaitzeko lanak

Une honetan, birgaitze energetikorako zenbait aurreproiektu lantzen ari dira, auzoan dauden eraikin mota ezberdinen arabera, parte hartzeko interesa duten bizilagunek azter ditzaten. Ildo horretan, Visesak  bizilagunei zuzendutako aholkularitza zerbitzua udazkenerako martxan jartzea aurreikusten du, birgaitzeko lanen aurrekontua egin eta eskura daitezkeen laguntzez informatzeko.

Etxebizitzak birgaitzeko lanak 2017an hasiko dira. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak berme funts bat sortuko dute, birgaitzearen hileko kuotari aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duten jabeei laguntzeko.Proiektuaren egitasmoen artean, galdara zentral bat instalatzea aurkitzen da. Honek energia berriztagarria baliatuko du, gastua eta berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko. Oraindik ez da zehaztu galdara nola kudeatuko den ezta nolako zerbitzua eskainiko duen ere.

Udalak egindako aurreikuspenen arabera, birgaitze energetikoaren batez besteko prezioa etxebizitza bakoitzeko 21.000 euro ingurukoa izango da. Erakundeen diru-laguntza 11.400 eurokoa izanik, jabeek 9.600 euro jarri beharko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago