Udalak atzoko istiluak gaitzetsi ditu, EH Bilduk arbuiatu

Erredakzioa 2016ko mar. 18a, 09:39

EH Bilduk ikasle mugimendua zoriondu du greba deialdiak izandako “arrakastagatik”, baina hirian jazo ziren gertaerak arbuiatu ditu. Ikasle Abertzaleakek istiluetan “izandako errepresioa eta kriminalizazioa” salatu du.

Gasteizko udaleko PP, EAJ, PSE-EE, Podemos eta Irabazi Gasteiz alderdi politikoek atzoko gertaerak gaitzetsi dituzte. Udal talde politiko guztiek, EH Bildu salbu, adierazpen bateratua egin zuten atzo. “Pertsona eta talde orok du eskubidea egokitzat jotzen dituen eskaerak publikoki egiteko, baina ez indarkeria erabiltzeko. Indarkeriaren erabilerak legitimitate osoa kentzen dio edozein eskaerari, oso bidezkoa izan arren, gaur milaka gazteek era baketsuan egin duten bezala”.

EH Bildu ikasle mugimendua zoriondu du greba deialdiak izandako “arrakastagatik”, baina hirian jazo ziren gertaerak arbuiatu zituen. “Gertaera horiek ezin dute gaurkoa bezalako egun batek dituen aldarrikapenak bigarren maila batean utzi, kalera atera diren milaka ikasleen konpromisoa alboratuz”. Era berean, eta poliziaren jarrerari dagokionez, “herritarren salaketek mahaigaineratu dituzten gehiegikeriak lehenbailehen argitzea” eskatu zuen.

Arabako Foru Aldundiak ere gaitzetsi ditu istiluak. “Hezkuntza publikoa ez da unibertsitatean kaltea eginez defendatzen”, adierazi du Arabako diputatu nagusia, Ramiro Gonzálezek.  

15.000 ikasle Euskal Herri osoan

Ikasle Abertzaleakek emandako datuen arabera, atzo 15.000 ikasle atera ziren Euskal Herri osoan,” LOMCE, 3+2... eta orokorrean gaur egungo hezkuntza eredua bertan behera uzteko eta eraiki nahi dugun herritik eta herriarentzako ereduen arteko talka azaleratzeko”.

Eguerdiko manifestazioa eta gero, sortu ziren istiluetan “izandako errepresioa eta kriminalizazioa” salatu du ikasleen erakundeak. Guztira, 12 ikasle atxilo eraman zituen poliziak, Gasteizen zortzi, eta hainbat zauritu eta dozenaka identifikatu egon zirela salatu du. “Gasteizen argi geratu da ikasleriak hezkuntza eredu askatzailea eraikitzeko daukan nahia”. Horrez gain, atxilotu eta zaurituen artean, bi kasu nabarmendu ditu Ikasle Abertzaleakek. “komisaldegitik audio bidez jipoitua izana salatu du neska gazte batek eta buruan zauri larriak eragin dizkiote beste ikasle bati, atxilotu ondoren ospitalera eraman behar izan dute. Horrez gain, beste bi ikasle daude ospitalean eta beste asko dira zaurituak”.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide