Gutxienez zazpi lagun atxilotu dituzte Gasteizko ikasle protesta jendetsuan

Erredakzioa 2016ko mar. 17a, 13:57
Irudia: Hara Ba!

Ikasle Abertzaleakek deituta, protesta eguna izan da gaur, "hezkuntza sistema propio baten alde". Arabako campusean eta Gasteiz erdiguneko kaleetan istiluak izan dira eta hainbat lagun atxilo eraman ditu Ertzaintzak. Atxiloketengatik protesta egiteko, elkarretaratzea deitu dute, 18:00etan, Andra Mari Zuriaren plazan.

Ikasle Abertzaleakek Euskal Herriko ikastetxeetako, lanbide heziketetako eta unibertsitateetako ikasleriari gaur, martxoaren 17an, kalera ateratzeko deia luzatu die. #M17 Altxa! lelopean, "guztioi eragiten digun egoeraren aurrean altxatzera, ezkutuan aurrera doazen erasoei aurre egitera, aldaketa sakonei bide ematera eta zapalduon askapenaren mesedera dagoen hezkuntza eraikitzera", dei egin du ikasleen erakundeak. Mobilizazioak izan dira goiz osoan zehar, "Hezkuntza sistema propio baten alde egiteko".

Goizean goizetik protestak izan dira Arabako Campuseko hainbat eraikinetan. Ingeniaritza, Magisteritza eta Farmazia fakultateak eta Aularioa itxi egin dituzte. Eguerdian, Andre Mari Zuriaren plazatik abiatu den manifestazioan ikasleek salatu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan LOMCE ezkutuan aplikatzen ari dela, Heziberri 2020 izeneko legearen bidez. “Erasoaldi honen aurrean, kalera atera behar gara Heziberri dekretua atzera botatzea exijitzeko. Ezin dute ikasle mugimenduaren, langile eta irakasle sindikatuen, guraso eta familien elkarteen eta abarren babesik ez duen lege horrekin aurrera jarraitu”, azaldu du ikasleen erakundeak.

Herrizaingo sailak jakinarazitakoaren arabera, gutxienez zazpi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak campusean eta Gasteiz erdigunean izan diren istiluetan.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide