Zabalganako auzo elkartea, meskitaren aurkako mezu arrazisten aurka

Erredakzioa 2016ko mar. 9a, 17:16
Irudia: Google maps

Mariturriko bulebarrean irekiko duten otoitz-etxearen aurkako gutun anonimoa gaitzetsi du Zabalgana Batuz taldeak.

 

Komunitate musulmanak otoitz-etxe berri bat irekitzeko lizentzia eskatu du Zabalganan, Mariturri bulebarraren 20. zenbakia eta Oion kaleko 51. eta 53. atariak hartzen dituen lokal batean. Bertara eraman nahi dute gaur egun Ariznabarrako Mediterraneo hiribidean kokatuta dagoen meskita, orain arte elkarbizitza arazorik gabe funtzionatu duena. Irekiera horren aurrean, gutun anonimo bat zabaldu zuten ezezagun batzuek aste hasieran, eta berehala erantzun zuen Zabalgana Batuz auzo elkarteak, elkarbizitzarako deia zabalduz. 

Auzo elkartearen hitzetan, 23.000 biztanle dituen auzo berria "zabala, plurala eta anitza da, klutur anitzeko jendea biltzen dituena eta topaguneak behar dituena". Hezkuntza, osasuna, kultura eta gizarte eragileen sarean "elkarbizitza eta integrazioa" nagusitzen direla nabarmendu dute, eta "jarrera arrazistak eta xenofoboak" onartezinak direla adierazi.  

Zabalganan zabaldutako gutun anonimoa

Egunotan zabaldutako sinatu gabeko gutunak "ez du auzoa ordezkatzen", eta, Zabalgana Batuz elkartearen esanetan,  jarrera arrazisten aurkako erreakzioak piztu dira, "auzoaz harro egoteko modukoak". 

Musulmanen integraziorako Al Indimay elkarteko ordezkariek ere euren iritzia eman dute komunikabideetan, eta azpimarratu dute meskita irekitzeko "arau guztiak betetzen" ari direla eta haien aldetik "egunero  lanean" ari direla integrazioaren alde. 

Udala, bere aldetik, alde ezberdinen arteko bitartekaritza egiteko prest agertu da, "eskubide eta betebehar guztiak beteko direla ziurtatzeko eta elkarbizitza bermatzeko". 

Guztira, 13 meskita daude Gasteizen, eta Koroatze auzoan beste bat irekitzeko lizentzia eskaera egin du musulmanen komunitateak. Mariturrikoa ere laster ireki dezakete, Udalak lokalak baldintza guztiak betetzen dituela baieztatzen duenean. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide