Meskita baten aurkako mezuak Zabalganan

Itsaso Estarrona 2016ko mar. 8a, 11:21
Whatsappez zabaldutako irudia.

Gasteizko musulmanak jopuntuan daude berriro ere. Zabalganan irekiko duten meskitaren aurkako gutun bat zabaldu da auzoan azken egunotan.

Sinatu gabeko gutun bat jaso dute Zabalganako Mariturri sektoreko auzokide askok postontzian eta atarian, auzoko komunitate batean irekiko duten meskita berriaren aurkako hainbat "galdera" eta "zalantzekin". Hala, otoitz-etxeak umeengan eragina izan dezakeela planteatzen dute dokoumentuan: "Eragina izango al du gure seme-alabengan, kalera jolastera jaisten direnean?". Izan ere, uste dute "urbanizazioetan eta inguruetan jendea pilatuko dela, eguneko eta gaueko edozein ordutan". Horrekin batera, egonezina adierazi dute mugikortasun arazoak dituzten pertsonen egoitzagatik, meskitaren lokalaren ondoan kokatuta dagoena: "Haien lasaitasuna aztoratuko al dute?". 

Planteamendu hauengatik "arrazista" deitzearen aurka agertu dira gutunaren egile anonimoak: "Bidezkoa ikusten al duzu, zure eskubideak eta eguneroko espazioa defendatzeagatik, arrazistatzat hartzea?". Etxeen prezioengatik ere beldurtuta daude: "Zure etxea debaluatuko da. Saldu nahi baduzu, eroslerik aurkituko duzu?". Era berean, musulmanek auzoan negozioak ireki ditzaketeela nabarmendu dute. 

"Partzela egoki bat"

"Elkarte sozio-kultural" bezala irekiko dute meskita Mariturriko komunitate zehatz horretan, Gasteizko beste hainbat auzotan arrunta izan den moduan, tartean Adurtza, San Cristobal, Ariznabarra, Lakua, Alde Zaharra eta Koroatzea. Horrekin kritiko agertu dira zabaldutako oharrean; hain zuzen, meskita erabilerarako "egokiak diren partzelak" esleitzeko eskatu dute. 

Udalaren bulegoetan, 010 telefonoan eta webguneko Hiritarren Postontzian kexatzeko deia egin dute, "betiere errespetuzko hitzekin". "Gero eta kexa gehiago, orduan eta aukera gehiago konponbide bat lortzeko". 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide