Gaur goizean Gasteizko Mugimendu Feministak agerraldia egin du eta datorren martxoaren 8an, 20:00etan, San Anton plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko gonbita luzatu die gasteiztarrei. Horrekin batera, apirilaren 9an ere Gasteizen hitzordu garrantzitsua izango dela gogorarazi dute. Egun horretan, eta "11 eraso, 12 erantzun. Feministok prest lelopean, hartuko dugu kalea, eta elkarrekin erantzungo diogu indarkeria sexistari".
Gizartea eraldatzen jarraituko dutela azaldu dute Gasteizko Mugimendu Feministako kideek. "Elkarrekin, aliatuta eta saretuta egingo dugu hori, Euskal Herriko Mugimendu Feminista batuta eta iraultzarako prest baitago", adierazi dute. Sare horiek baliatu nahi dituzte "sistema patriarkalak gure bizitzetan eta gorputzetan ezartzen duen indarkeriatik libratzeko" .
Besteak beste, emakumeek gerran pairatzen duten egoera salatu dute eta emakume kurduen borroka ekarri dute gogora. "Gogoan izan nahi genituzke, bereziki, urtarrilaren 4an polizia turkiarrak erail zituen hiru aktibistak; tartean, Munduko Martxako antolatzaile Seve Demirr".
Horrez gain, gogorarazi duten moduan, "indarkeria matxista ez da soilik kolpeak eta hilketak, badakigu estrukturala dela".