Apirilaren 9an eraso matxisten aurkako manifestazioa Gasteizen

Erredakzioa 2016ko otsailaren 12a

Euskal Herriko mugimendu feministak antolatu du ekimena, 11eraso, 12 erantzun, Feministok Prest lelopean. Atxikimendu kanpaina ere jarri dute martxan, #feministokprest traolarekin.

Euskal Herriko mugimendu feministak indarkeria matxistaren kontrako manifestazio nazionalera deitu du datorren apirilaren 9an Gasteizen, 11eraso, 12 erantzun, Feministok Prest lelopean. Gaur goizean Gasteizko Aldabe gizarte etxean aurkeztu dute ekimena eta bertan Euskal Herriko mugimendu feministako 40 kide inguru izan dira.

Mobilizazio honek hiru helburu ditu; “eraso matxistak salatzea, azkenaldian ematen ari den mugimendu feministaren kontrako kriminalizazioa salatzea eta bortizkeria zer den, bere modu anitzak eta nola identifikatu, tratatuko dituen hausnarketa bat eta debate sozial bat sustatu”.

Agerraldian azaldu dutenez, “bortizkeria matxistak ez dira kolpeak eta hilketak soilik; kontu estrukturala da eta sistema batean oinarritzen da”. Bortizkeria matxista bakarra ez dela salatu dute, “baizik eta gure jendarteak eraikitzen duen egitura sendoa”.  Egoera honen aurrean, feminismoak egoera hori agerian uzteko eta aurre egiteko erantzukizuna dauka.

Apirilaren 9an egingo den manifestazioarekin batera, atxikimendu kanpaina abian jarri du mugimendu feministak:  #feministokprest traolarekin argazki bat egitea proposatzen dute, ondoren sarera igotzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago