20 autobus berde berri 2017tik aurrera

Saioa Fdz. de Aranguiz 2016ko mar. 4a, 12:55
Autobus berriak aurkeztu ditu Gorka Urtaranek

Autobus-gordetegi berriak udal haztegiaren lurretan jartzea proposatuko du Urtaranen gobernuak. PSE-EE eta Irabazi udal taldeek ez dute kokapen hau egoki ikusten.

 Gasteizko autobus flota berritzea erabaki du gaur goizean TUVISAren Kontseiluak. Gasteizko Udaleko talde politikoek aho batez onartu dute akordioa. Hala, 2017ko lehen hiruhilekoan hiriak 10 ibilgailu berri izango ditu. Autobus artikulatuak izango dira, dieselak, eta udalak azaldu duen moduan, "emisio araudi zorrotzena” beteko dute. 2018an beste bost autobus berri erosiko ditu eta 2019an beste bost. Guztira, 20 ibilgailu berri izango ditu TUVISAko flotak.

Ibilgailu berriak erosteko 10 urterako mailegua eskatzea aurreikusten du Udalak. 2009tik TUVISAk ez du ibilgailu berririk erosi, eta horren ondorioz autobusek batez beste 10 urtetik gora dute.

Autobus berdeak

Autobus berrien erosketarekin batera, konpainiaren irudia aldatuko dute, “konpainia modernoagoa eta erakargarriagoa” izateko. Hala, autobus berrien kolorea berdea izango da eta diseinuak Gasteizko Udalaren irudi korporatiboari jarraituko dio.

Instalazio berrien kokapena zalantzan

TUVISAren instalazioei dagokienez, aldaketak proposatu ditu Udal Gobernuak, hauek ere zaharkituta geratu baitira, besteak beste, instalazioak lekuz aldatu eta handitu eta lantegiak eta bulegoak berritu nahi ditu. Urtaranen gobernuak proposatuko du autobus-gordetegi berriak udal haztegiaren lurretan jartzea; Arkitektura Zerbitzuak eta TUVISAk lan talde bat eratuko dute eraikuntza-proiektua zehazteko.

Izan ere, udal talde batzuk ez dute oso argi ikusten udal gobernuak proposatu duen autobus-gordetegi berrien kokapena. Hala, PSE-EEk eta Irabazik beste aukera batzuk aztertzeko eskatu dute, bien ustetan, instalazio hauek udal haztegian kokatzeak ingurune-inpaktu handia eragin dezakeelako. Irabazik harago joan da eta flotaren berritzearekin ados egon arren, “oraindik ez du ikusten hirirako garraio publikoaren estrategia argi bat”.

 

Gaur goizean ere, gardentasun ataria argitaratu du TUVISA udal sozietateak. Gasteizko udalerrian hiri autobusen garraio-sistema kudeatzen duen udal enpresa horren jarduerari buruzko zuzeneko informazioa egongo da eskuragarri bertan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide