"Patronala negoziazioa blokeatzen ari da, aurrekoetan bezala"

Duque eta Callao ardogintzaren sektoreko sindikatuetako ordezkariak dira. JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako ardogintzaren lan hitzarmena berritu ezinean dabiltza, sindikatuen eta patronalaren arteko desadostasunak tarteko.

Sektorean ordezkaritza duten LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuen arteko plataformaren izenean mintzatu dira Borja Duque Saenz eta Jesus Callao Diez ordezkariak. 

Negoziazio mahaiaren blokeoa salatzen duzue. Zertan oinarritzen da blokeo hau? 

Jesus Callao: Uztailean deituta zegoen azken bilera. Negoziazioari begira, hasieran, sindikatu bakoitzak bere plataforma egin zuen, eta [Arabako enpresariak biltzen dituen] SEAk berea aurkeztu zuen. SEAkoek transmititu zuten enpresak ez zeudela prest sindikatuen proposamen guztiak onartzeko, eta lau sindikatuok plataforma bateratu bat egiteko eskatu ziguten. Sindikatuok ados jarri ginen, eta intersindikal bat osatu genuen. SEAren hurrengo erantzuna izan zen plataforma bakoitzaren proposamen onenak jaso genituela. Logikoa da hori, bide batez, baina, gainera, hori ere ez zen guztiz egia.

Borja Duque: Handik aurrera, negoziazioa blokeatu dute. Uztailaren 28an hitzartuta genuen azken bilera, baina bertan behera utzi zuten egun batzuk lehenago. Haien ohiko jokabidea izan da aurreko lan hitzarmenen negoziazioan ere. SEAk argudiatu ohi du ezin izan direla bildu upategiekin, edo beste ezein aitzakiaz baliatzen dira bilera ez egiteko. Ordudanik, ez dugu beste erantzunik jaso. 

Zeintzuk dira zuen eskaera nagusiak?

J.C.: Ez da desberdina sektore guztietako lan hitzarmenek eskatzen dutenetik. Lanaldia murriztea edota KPItik abiatutako soldata igoerak. Hori da nagusiena, baina badira hobekuntza asko ere erretiroen aldetik, ordaindutako baimenetan... funtsean, beste sektore batzuetako lan hitzarmenekin parekatzeko eskatzen dugu. Araban dagoen beste edozein lan hitzarmen baino txarrago gaude. Errioxaren aldean gaude, eta bertan inbidia diete Arabako lan hitzarmenei. Bada, bitxia bada ere, denbora batez Errioxakoen atzetik ibili gara gure lan hitzarmenean. 

B.D. Upategiek dituzten irabazien eta gure egoeraren artean aldea dago. Ez da guk esaten dugun zerbait, upategiek berek diote hori, baina, azkenean, horrek ez die eragiten upategien irabazi horiek lortzen ari diren langileei. Noski, upategiek gero eta gehiago irabazi, hobeto, gure lanpostuak mantentzeko nahi dugun zerbait da hori, baina horrek ere behean eragin behar du. Garai txarrak datozenean, beti langileei ahalegina eskatzen diete, eta langileek erantzuten dute. Bada, garai hobeak daudenean, ez du berdin eragiten langileengan.

J.C.: Kontua da beti aurreikuspen batzuk dituztela, baina gero ez dituzte betetzen. Hala, aurreikusitakoa baino gutxiago salduz gero, porrot gisa hartzen dute. Ez da erreala, saltzen jarraitzen dutelako, saldu nahiko luketena baino gutxiago izanda ere. Beti aitzakia hori jartzen digute: salmentarik ez dagoela, eta, ondorioz, mozkinik ez dutela. Eskualde honetako beste ezein upategi ibili da beste upategiak erosten, beste zenbait jatorri deiturako lurraldeetan ere. Enpresen ondarea igo da; askotan, erakundeek diruz lagunduta, gainera. Baina hori ez da islatuta ikusten langileen baldintzetan.

B.D.: Batez ere upategi handienek diru laguntza oso handiak jasotzen dituzte, argitaratzen den informazioaren arabera. Eta horiek dira sektorea markatzen dutenak, eta ez langile gutxiago dituzten upategi txikiak. 

Erakundeek diru laguntza horiek lotu beharko lituzkete erantzukizun sozialarekin?

B.D. Nik baietz esango nuke. Ezin daiteke izan urtero milioika euro txertatzea eta horrek soilik upategietan ondorioa izatea. 

Sektorea askotarikoa da, upategi txiki askorekin ere. Upategi motaren arabera, malgutasunik planteatzen al duzue?

B.D.: Ez. Sektore osorako baldintzak planteatzen ditugu. Ez dugu uste upategi horiek ere eskatzen ditugun baldintzak betetzeko moduan egongo ez direnik. Gure soldatak nahiko urriak dira. Buruz ari naiz, baina peoi gisa sartzen den langile batek 1.360 euro gordin inguru daramatza; hots, 1.180 garbi. Bakarrik biziz gero, gaizki; baina pentsa kargura familia izanez gero...

Mahats bilketaren jaian zuen eskaerak plazaratzen egon zineten. Zer gehiago egin duzue orain arte?

B.D.: Guardian ardoari buruzko azoka batean egon ginen, bai eta Kripanen ere. Eta mobilizazioekin jarraituko dugu. Azaroaren 5ean lau ordezkari Batzar Nagusietara joango dira, alderdi politikoek ere jakin dezaten negoziazioak zertan diren. Beste horrenbeste egingo dugu Eusko Legebiltzarrean, urtarrilean. Modu berean, hiru auto karabana egingo ditugu: azaroaren 16an, Mañuetatik Bastidara. Abenduaren 1ean, Lapuebla de Labarcatik Guardiara. Azkena, abenduaren 19an, Cune upategietatik Oionera. Horien ostean, elkarretaratzeak egingo ditugu. Abenduaren 5ean, Gasteizen egingo duten Ardoaraba azokara ere joango gara. Erantzunik ez badago, lanuzteak egiteko aukerak aztertzen ari gara. Abenduaren 10ean bi orduko lanuztea da buruan duguna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago