Inoiz baino aurreratuagoa, baina orain arteko ajeekin

Juanma Gallego

Mahats bilketan buru belarri ari dira. AFA

Bi aste aurreratu da aurten Arabako Errioxan mahats bilketa.

Egunotan eskualdean barra-barra entzuten den ideia da: aurten inoiz baino lehenago hasi da mahats bilketa. Bereziki uztail eta abuztuan zehar gero argiago zegoen aurten mahatsa oso aurreratuta zetorrela, eta azkenean aurreikuspenak bete egin dira. Egoera orokorrari erreparatuta, ez da azken orduko ezustekorik izan fruituaren garapenari dagokionez: mildiu onddoak ez du iazko triskantzarik eragin, eta eguraldia ere orain arte ondo portatu da, harriarekin edo uholdeekin landareak txikitu gabe.

Ez da pertzepzio kontu hutsa. Ardoaren Etxeko Laborategiak eskuratu dituen datuek aurrerapen nabarmen hori berretsi dute. Hala, abuztuaren 18tik 27ra bitartean 963 lagin hartu ditu laborategiak, eta horietatik 500 inguru muztio laginak ziren. Iazkoarekin konparaketa eginez, 2025eko kanpainan ez zen muztio laginen antzeko kopururik lortu irailaren 8tik 17ra bitarteko aldira arte.  

Klima aldaketari buruz egiten diren aurreikuspen gehien-gehienak bat datoz hori izango dela gero eta gehiago finkatuko den joera, eta ardogintzan dihardutenak horren jakitun dira. Adibidez, duela hainbat urte ia gehienetan Ebro ondoko lurrak ziren mahastizainentzako preziatuenak, baina, gero eta gehiago, Cantabria mendilerrotik hurbilen dauden soroak dira orain erosle potentzial apurrek gehien lehenesten dituzten aukerak.

Jaian, lanera

Hortaz, eta, bitxia bada ere, nekazari asko ezingo dira bertaratu irailaren 13an Kripanen ospatzekoa den mahats bilketaren jaira, uzta jaso behar izateko beharrak ez baitu bereizten jaieguna ote den edo ez. Aurtengo programak —31. edizioa izango da— orain arteko eskema orokorrarekin jarraitzen du; aurten horrenbeste jende batera kudeatzeko beharra erronka logistiko berezia izango da; biztanleriari dagokionez, bederen, eskualdeko udalerri txikiena baita Kripan. Ordezkari politikoak kabitu kabituko dira, eta, tradizioari jarraiki, espero da alorreko diputatu, sailburu eta bestelako mandatariek ardogintzaren gaineko mezuren bat zabaltzeko baliatuko dutela hitzordua.

Norabide horretan, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak dagoeneko birritan aurreratu du aurtengo mezu nagusia: hilaren hasieran, bilketa kanpainaren abiatzearekin batera, diputatuak ezagutzera eman zuen gutun bat bidali ziela "ahalmen handiena duten upategiei", orain arte horiek zeintzuk diren zehaztu ez badu ere. Gutun horretan upategi handienei eskatu die "ahalegin" bat egiteko mahatsa "bidezko prezioan" ordain dezaten. Mezu bera berretsi du joan den astean Lasernara (Guardia) egindako bisitaldi batean: diputatu nagusiak babestu du egoera ona denean "irabaziak partekatu" behar diren bezala, "zailtasun garaietan ahaleginak ere partekatu" behar direla.

Gonzalezek ziurtatu du sektoreko ordezkariekin hizketan ari dela foru erakundea, baina oraindik ez duela jaso idatzizko erantzunik. Halere, baikor azaldu da, mikrofonoen aurrean bederen. "Ziur nago hainbat upategik dei honi erantzungo diotela, eskualdeak bizi duen egoera bereziki zailaz jabetuko direla, eta ahalegin partekatu hori beren gain hartuko dutela", esan du. Halakoetan errepikatu ohi den bezala, kontsumitzaileei dei egin die Arabako Errioxako ardoaren aldeko apustua egiteko, bertoko ardoak eskatuz. 

Ostiral goizean gertatu da Lantziegoko heriotza. AFA

Muturreko klimaren edo izurriteen aldetik aurten txarrerako ezustekorik egon ez bada ere, tragediak beste behin sektorea kolpatu du. Kasualitatez, diputatu nagusia eta Noemi Agirre nekazaritza diputatua Lasernan zirela jazo da ezbeharra: Lantziegoko upategi batean lanean zegoen ekoizle batek heriotza ekarri dion istripua izan du.

Bafadagatiko heriotza

Hermanos Calleja upategiko jabea izan da ardoaren bafadak hildakoa. Duela sei urte Lapuebla de Labarcan eta duela hiru urte Lantziegon bertan izandako patroi berdina errepikatu da: mahatsak jasotzen dituen biltegi batean muztioak irakitean sortutako karbono dioxidoak isilean lagun hori ito egin du. Abisatu gabe etortzen den heriotza da: upategian gasaren kontzentrazioa detektatzeko gailurik izan ezean, arnastean kontzientzia galdu egiten da, eta biktima berehala ateratzen ez badute, itotzeko arriskua oso handia da. Upategira bertaratu diren sorospen zerbitzuek ezin izan diote bizitza salbatu David Callejari. Familiak hala eskatuta, asteburuko jaiak mantendu ditu Lantziegok, baina astelehenean egin dioten hiletan, elizan ezin kabitu eman diote azken agurra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago