Melodiak ahaztu ez daitezen

Juanma Gallego 2026ko maiatzaren 18a

Gaur hiru musika banda baino ez dira geratzen eskualdean. Irudian, Lantziegoko Iradier Salaberri banda. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako Errioxan azken mendeetan musikak izan duen ibilbidea jaso du Eduardo Morenok 'Recorrido por la música en Rioja Alavesa' liburuan: organoak, musikariak, musika bandak edota aurorak.

Etorkizunean, denbora izanez gero, Arabako Errioxan XVI. mendetik hona musikaren alorrean zer gertatu den biltzea gustatuko litzaidake". Duela bi urte ALEAri emandako elkarrizketa batean azaldu zuen Eduardo Moreno musikari eta ikertzaileak zeintzuk ziren buruan zituen asmoak, eta aurten, azkenean, asmo horiek gauzatzeko moduan egon da. Recorrido por la música en Rioja Alavesa liburua (2 de agosto argitaletxea) argitaratu du, eta Gasteizen zein Guardia bere herrian bertan aurkeztu du lana jendaurrean.

Buruan zeukan denbora markoa errespetatu du, XVI. mendean hasi eta XX mendera arteko ibilbidea egin baitu liburuan. Kontakizunaren hasiera XVI. mendean jartzearen arrazoia izan da garai horretatik aurrera daudela gaiaren bueltako agiri historikoak. Bukaera joan den mendearen amaieran jartzeko erabakia ere azaldu du Morenok Guardian egindako liburuaren aurkezpenean. "Azken urteak ez ditut sartu, ez zaidalako etikoa iruditu hemen gaudenon inguruan hitz egitea. Hori gero etorriko direnek egin beharko duten zerbait izango da", azaldu du.

Morenok landu duen hirugarren liburua izan da. Idatzi zuen lehen liburuan Guardiako musikaren historia jorratu zuen, eta, bigarrenean, eskualdeko musika banden historia izan zuen aztergai. Azken honetan, berriz, ikuspegia lurralde osora zabaldu nahi izan du, bere adierazpen guztietan.

Kontakizun arina

Modu xume eta arinean bildu nahi izan du ezagutza hori, ez baitio eman izan nahi ikuspegi akademiko bat. Aitzitik, gaiari buruzko dibulgazio lan bat ondu du, eskualdeko biztanleentzat egindako proiektua izan delako. "Ahanztura eta ezagutza falta da kalte gehien egin ahal diguna", ohartarazi du. "Guk hemen dugun altxorra baloratzea lortu nahi izan dut, behin ezagutza hori daukagula, horren alde borrokatu gaitezen".

XVI. Mendean hasi eta XX. mendera arteko kontakizuna egiten du liburuak

Askotariko pasarte, datu, ezagutza eta bitxikeriak topatuko ditu irakurleak Morenoren azken lan honetan. Kasurako, eskualdean aritu izan diren musikarien arrastoa jarraitu du, Erdi Aroko ministrilengandik hasita, gaita jole, organo jole eta bestelako musikarietaraino. Gogora ekarri du gaur egun bera dela Guardian musikaren profesional bakarra, urte mordoa daramatzalako herriko musika eskolan irakasle, baina garai batean asko izan zirela herrian musika lanbide izan zutenak. Hala, 1665-1841 urte bitartean musikari profesionalen talde bat egon zen herrian. "Hori izugarrizko aberastasuna da", nabarmendu du musikariak.

Zortzi organo entzungai

Organo jolearen lanbidea bereziki garrantzitsua izan zen, eta hori sarri aipatzen zen agirietan. Gaur egun ondare nabarmena gordetzen du eskualdeak organoei dagokienez, baina horietako asko galtzen ari direlako kexu mintzo da Moreno. "Euskal Herri osoan ez dago halako organo bildumarik". Orotara, hamabi organo geratzen dira elizetan, baina horietatik zortzi baino ez dute soinua ematen. "Noizean behin Jorge Nicolas organo jole adiskidea dator organo horietako bat jotzera", azaldu du. Are, paperetik harago, ondare musikal hori ezerezean geratu ez dadin, azken organo horiekin egindako musika bilduko duen .disko bat prestatzen ari direla aurreratu du musikariak.

Eduardo Moreno, Guardian egindako liburu aurkezpenean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Organo horietako baten barruan kontserbatu ziren, hain zuzen, eskualdeko partitura zaharrenak: XII. mendekoak dira. "XIX. mendean, Bastidako organoa konpontzen ari zirenean, barruko piezetan txertatu zituzten partituren paperak, airea igaro ez zedin. Bederatzi partitura osorik iritsi zaizkigu horri esker, eta hogeita hamar bat inguru, zatika".

Aztarna aberatsak

Ondare immaterialaren alorrean, herriz herri abestu izan diren aurorak ere bildu ditu adituak. "Horien inbentario bat egin dugu: gaur kantatzen direnak, eta, agirien arabera, lehen egiten zirenak ere". Modu berean, azken hiru belaunaldietan mantendu diren dantzak jaso ditugu, herri bakoitzean dauden adierazpenekin". Eta horien inguruan, noski, musika bandak. "Bederatzi banda egon dira, baina orain hiru baino ez dira geratzen. Garai batean ez zegoen musika entzuteko beste modurik, ez bazen elizako organoa edo herriko banda".

Azkenik, elizetan marraztutako ikonografia jaso du ere, batez ere Guardiako Erregeen Andre Mariaren elizarena, bertan dagoelako mota horretako eskualdeko adierazpenik nabarmenena. Erdi Aroko musikariak beren tresnekin zizelkatuta daude elizpean, eta Morenoren aspaldiko ametsa da horiek bizitzara ekartzea, musika tresnen kopiak egin, eta, modu batean edo bestean, galdutako ezagutza hori berreskuratu aldera.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago