Erabateko gaitasuna muga izan ez dadin

Juanma Gallego 2026ko martxoaren 7a

Besteak beste, arlo kognitiboko gaitasunetan trebatzen dira Kimu zentroko erabiltzaileak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Desgaitasun intelektuala duten 44 lagun egunero trebatzen dira Oiongo Kimu zentro okupazionalean. Bertako erabiltzaileek ahalik eta autonomia handiena eskuratu dezatela du helburu zentroak, bai eta ohiko lan merkatuan txertatu ahal izatea ere. Azken hau, ordea, erronkarik zailena da, ez baitute lortzen.

Iaztik jardun kognitiboak lantzen dituen lantaldean dago Patricia Bausan, aldundiak Oionen daukan Kimu zentro okupazionaleko erabiltzailea, baina berak argi dauka beste gela baterako jauzia egin nahi duela, eta, helburu hori buruan izanda, egunero ahalegintzen da horretan. "Hemen asko ikasten dut, etorkizunean nire lana izateko. Nire neurrira egokituta egongo den lanpostu batean lan egin nahiko nuke", azaldu du. Juanjo Amurrio begiralearekin enplegu jarduna lantzen du. "Jende ederra da, eta oso ondo zaintzen gaituzte", dio Bausanek, begirale eta zentroko gainerako langileei erreferentzia eginez.

Bausanekin batera, desgaitasun kognitiboa duten beste hainbat pertsona daude. "Aurrera, aurrera", gonbidatzen dute, gelara sartu eta berehala. Luis, Aimar, Conchi, Nahim edo Javi bezalako lagunak begirale baten laguntzarekin hainbat zereginetan buru-belarri ari dira. "Gure helburua da pertsona hauek ahalik eta autonomoen izatea, eta guk horretarako tresnak eskaintzen dizkiegu", azaldu du zentroko arduradun Iratxe Lopez de Aguiletak.

Ez dute lan erraza, aniztasun funtzional kontzeptuak berak adierazten duen moduan, askotariko mailak daudelako pertsonek dituzten gaitasunetan, eta horien arabera egokitu behar dira egin beharrekoak.

Astean zehar, egunero Oionera etortzen dira desgaitasun intelektualak dituzten eskualde osoko pertsonak. Uneotan, 44 lagun dira, baina zentroak 50 erabiltzaile artatzeko gaitasuna du.

"Daukaten gaitasunaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago ematen dute hainbat ekintzatan", azaldu du arduradunak. Autobus edo taxian etortzen dira gehienak, bai Oiongo erabiltzaileak zein beste udalerrietakoak ere. Astelehenetik ostiralera egoten dira, goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko bostak arte.

Autonomia, jomuga

Besteak beste, sukaldaritza tailerra edota estimulazio kognitibo eta sentsoriala ere lantzen dituzte. Amurriok euskara eskolak ere ematen dizkie. "Sukaldaritza egiteko herrira joaten dira erosketak egitera, eta errezetak prestatzen dituzte, zentroan bertan ematen dituzten bazkarietarako. Eta gero haiek beren etxeetan ere gauza horiek egin ahal izateko", esan du Lopez de Aguiletak. Ahalik eta autonomia gehien emateko helburua, noski, ezin da beti gauzatu etxean, Amurriok ohartarazi duenez. "Izan ere, gero kanpoan beste hainbat traba ere egon daitezke, begirale bat alboan izan gabe. Baina, tira, trebatze kontua ere bada, gero haiek beren egunerokotasunean hemen landutakoa praktikan jartzeko". Gauzak hala izanik ere, biek argi dute hori dela jomuga, eta jakitun dira horrekin tentsionatuta mantendu behar direla.

Indesaren tailerretik hainbat enkargu egiten dizkiete, enpresaren lanetan lagundu eta, modu berean, trebatzeko. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

"Batzuetan geu geuri ere gertatzen zaigu: erabiltzaileek zerbait egin nahi dutela esan eta guk 'tira, lasai, nik egingo dizut' esaten diegu ohartu gabe", onartu du Lopez de Aguiletak. "Baina beti argi izan behar dugu —bakoitzak ahal duen neurrian, bederen— autonomia irabazi behar dutela".

"Argi izan behar dugu erabiltzaileek autonomia irabazi behar dutela" Iratxe Lopez de Aguileta

Autonomia hori ezin da mugatu, noski, zentroaren edo etxearen lau hormetara, eta, horregatik, Kimutik kanpoko jarduerak antolatzen dituzte. Kasurako, Oiongo azken jaietara joan dira, eta inguruan duten Litalsa enpresara edo Zuazo Gaston upategira ere bisitak antolatu dituzte duela gutxi. "Oiongo institutuko eta ikastolako jendearekin ere hainbat ekimen egiten ditugu", gogora ekarri du Amurriok. "Oiongo emakume batzuk irakurketa erraza egitera etortzen dira ere, eta astean behin tabernara joaten gara, pintxo potea egitera".

Helburu bikoitza dute: batetik, erabiltzaileek beren ingurua gertuagotik ikusi dezaten; bestetik, kanpoko jendeak ere ezagutu dezan aniztasun funtzionalaren mundua, eta eguneroko bizitzari eusteko zailtasun bereziak dituzten lagunen bizitza. "Guretzat oso garrantzitsua da komunitatean dagoen jendearekin harremana izatea", nabarmendu du Kimuko arduradunak.

Irteera gehiago

Lantaldeko kideek aitortu dute gustatuko litzaiekeela irteera gehiago antolatu ahal izatea edo kanpoan jarduera gehiago egin ahal izatea. "Tira, lau begirale eta lanaldi erdira dagoen bosgarren bat izanik, daukagunarekin moldatu behar gara, eta ahal duguna egiten dugu, dio Amurriok. Begirale horiek zein zentroaren arduraduna egunero daude erabiltzaileekin, eta astean behin etortzen dira pedagogo bat, gizarte langilea eta psikologoa. "Haiek lan teknikoagoa egiten dute", azaldu du arduradunak. "Haiekin adosten ditugu gauzak, bai eta erabiltzaileen senideekin ere. Zentrora aurrenekoz etortzen direnean, erabiltzailearekin eta haren familiarekin bilera bat egiten dugu, eta bilera horretan daude ere erreferentziako monitorea eta teknikariak. Horrela ikusi nahi dugu erabiltzaile horrek zer plan izango duen: zein aktibitatetara joango den, eta abar. Baita erabiltzaileak zentrotik zer espero duen jakiteko, edota zer motako jarduerak egitea gustatuko litzaiokeen ezagutzeko".

"Ez dago ohiko lanpostu batera ateratzen den erabiltzailerik" Juanjo Amurrio

Alboko gela handiago batean, tailer txiki baten funtzioa betetzen duen tokia dago. Bertan hainbat lan egiten dituzte. Gaurkoan, torloju, tako eta eskarpia kopuru zehatz bat daramatzaten poltsak prestatzen ari dira. Alboan duten Indesaren tailerretik pasatzen dizkieten enkarguak dira. Eta hau da, hain zuzen, zentroko teknikariek duten kezka handienetako bat: lan mundura ateratzea. Indesa enplegurako zentro berezian lanaldi erdian diharduen erabiltzaile bat dute uneotan, gainerako denbora zentroko jardueretan ematen duelarik. "Gutxitan gertatzen da hori", nabarmendu du Amurriok. "Eta ez dago, gainera, ohiko lanpostu batera ateratzen den erabiltzailerik".

Juanjo Amurrio eta Iratxe Lopez de Aguileta. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kezkarekin bat dator Lopez de Aguileta. "Egia da zentro okupazionala berez badela modu bat beren lan mundura sartzeko, baina oso gutxitan gertatzen da. Hemen hainbat gaitasun dituzte, baina gero ezin dira bat-batean atera lan mundura. Laguntzaile bat beharko lukete kanpo enpresa batean lan egiteko, poliki-poliki ikasteko, baina guk figura hori ez daukagu".

Gizarte erronkez galdetuta, Kimuko kideek uste dute aurrerapauso asko egon direla, baina oraindik asko falta dela egiteko. "Oionen, adibidez, hesi arkitektoniko asko daude". Baina erronkak ez dira mugikortasunera mugatzen, Lopez de Aguiletak ohartarazi duenez. "Duela gutxi aldatu dute ere legea, desgaitasun intelektuala dutenek hainbat kontu erabakitzeko gaitasuna izan dezaten; lehen ez egin ezin zituztenak, hain zuzen". Horretan ere, hesiak kentzen ahaleginduko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago