EH Bilduk Guardiako alkate Raul Garcia Ezquerroren (EAJ) aurka aurkeztutako salaketa artxibatu du Arabako Fiskaltzak, EAJk gaur ohar batean ezagutzera eman duenez.
Ebazpenak ez du errekurtsoa jartzeko aukerarik ematen, eta adierazten du salatutako gertakariak ez direla delitu, ez baita "antzematen egindako jardueran delitu zantzurik dagoenik; ez da diru publikoa behar ez bezala erabili aberastu nahian, eta ez da ebazpen arbitrariorik ezta ilegalik eman, jakinaren gainean egonda", EAJk bere oharrean emandako ebazpenaren aipuaren arabera.
Besteak beste, EH Bilduk dokumentuak faltsutzea leporatzen zion alkateari, ADR Landa Garapenerako Elkartean udalaren izenean parte hartzeko aukera ematen zion agiri bat ohiko idazkaria ordezkatzen ari zen beste idazkari bati eskatzeagatik.
Salaketaren berri eman zenean egin zuen moduan, Garcia Ezquerrok "presio estrategia politiko" bati egotzi dio EH Bilduren salaketa. "Bi urte pasatxotan behin baino gehiagotan defendatu behar izan dut nire burua auzitegietan. Guztietan absolbitu egin naute, salaketa guztiak artxibatu edota kendu egin dira. Hau nire aurka doazen salaketa faltsuen bitartez eraikitako jazarpen eta eraiste kanpaina bat bihurtu da. Espero dut orain eragileek publikoki barkamena eskatzea egindako kalteagatik", esan du Ezquerrok.
Giroa arras garraztuta dago azken hilabeteotan Guardiako udala gutxiengoan gobernatzen duen EAJren eta oposizioaren artean. Azken udal hauteskundeetan PPk gehiengoa eskuratu zuen arren, EH Bilduk alkatetza EAJri lagatzea ahalbidetu zuen, baina aurten jeltzaleek ez dute lortu aurrekontuak adostea ez EH Bildurekin ez PPrekin.