Dokumentuak faltsutzea egotzi diote Garcia Ezquerrori

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 5a

Raul Garcia Ezquerro jeltzalea Guardiako alkatea da. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

EH Bilduk fiskaltzan aurkeztu duen txosten batek dio osoko bilkurak eman ez zion izendapen bat bereganatzeko agiri bat nahita prestatu zuela. Alkateak salaketa gezurtatu du, eta "jazarpen kanpaina" batean kokatu du kontua.

EH Bilduk epaitegietara jo du, eta Arabako Fiskaltzan salatu du Raul Ezquerro Guardiako alkateak Arabako Errioxako ADR Landa Garapeneko Elkartean parte hartu duela udalaren osoko bilkurak horretarako berariaz izendatua izan gabe. 

Aurkeztutako salaketaren arabera, 2024ko abenduan Guardiako osoko bilkurak landa garapenerako erakunde horri atxikitzea erabaki zuen, baina "ez zuen zehaztu nor izango zen ordezkaritza horretaz arduratuko zena", argudiatu du koalizio abertzaleak. 

EH Bilduk dio alkatea maiatzetik aurrera zuzendaritza batzorde horretan parte hartzen hasi zela, baina ADRko zerbitzu teknikoek "irregulartasun horren berri" eman ziotela. Salatutakoaren arabera, alkateak "itxaron zuen" ohiko idazkariak oporrak hartu arte, bere ordezkoari ziurtagiri hori egiteko eskatzeko. "Ziurtagiri horretan osoko bilkuran hartu ez diren erabakiak jasotzen" direla dio EH Bilduk. Zehazki ADR-ren aurrean udalaren ordezkari izendatu zutela omen dio. Hortaz, "dokumentuak faltsutzearen balizko delitua litzateke", ohartarazi dute.

Bide beretik, alderdiak salatu du udalaren "ustezko iruzurrezko kontratazio bat". Diotenez, udan turismo bulegoa indartzeko erakunde publikoen kontratazioari buruzko "hainbat lege eta araudi urratuko" zituen kontratazioa egin zuten, eta, EH Bilduren arabera, idazkariak aldez aurretik horretaz ohartarazi zuen, baina kontratua kasu honetan ere "idazkari kontu-hartzailearen oporrak aprobetxatuz" egin zuten.

Angel Coca EH Bilduk Laguardian duen zinegotziaren arabera, legegintzaldi honetan "legeditik kanpo dauden" eta "delituzkoak izan daitezkeen" jarduerak egiten ari dira alkatea eta gobernu taldea. 

Alkatearen erantzuna

ALEAk salaketaren inguruan galdetu dionean, Garcia Ezquerrok esan du "dena erabat faltsua" dela, eta Guardiako oposizioak "alde guztietatik ia-ia astero" haren aurka egiten ari den "jazarpen kanpaina baten barruan" kokatu du. "Nik beti legearen barruan jardun dut, eta udaleko, kuadrillako edo ADRko zerbitzu teknikoek esan didatenaren arabera aritu naiz", babestu du alkateak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago