Labrazako parke eolikoaren inguruko polemika oraindik bukatu ez denean, ingurumenari lotutako beste tirabira bat piztu da Oionen. Oraingoan, zabaltzeko baimena eskatu duen zabortegi edo ingurumen zentro baten harira. Oiongo Podemos taldeak eskuorri bat zabaldu du herrian eta sare sozialetan, eta aste honetan gaiaren bueltako adierazpen bat zabaldu du alderdiak EAE mailan.
Eskuorri zein adierazpenean, udalerrian kokatuta dagoen Valdeaguilarko zabortegiaren inguruko kezka agertu du Podemosek. Are, EH Bilduk zuzentzen duen udalari gaiaren bueltan "gardentasun" falta izatea egotzi dio. Herritarren partaidetzarako plana ez betetzea eta "herritarren ongizatearen aurretik enpresa baten negozioa lehenestea" leporatu dio udalari.
Pribatizazio zantzuak
Uste dute Arabako Errioxako Kuadrilla titular zuen zabortegi publiko baten "balizko pribatizazio estalia eta irregularra" egin nahi dutela. Hori dela eta, EKI elkarteak eskaera bat erregistratu du kuadrillan, zabortegiaren izapidetze administratiboa ofizioz berrikusteko eskatuz. Horren bitartez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpena lortu nahi dute. "Elkarte horrek uste du irregulartasun administratiboen zantzuak egon daitezkeela zabortegiaren kudeaketa edo titulartasuna baimenik gabe lagatzeagatik, administrazio prozedurarik gabe", dio Podemosek.
Zabortegiak izan ditzakeen "ingurumen arriskuak" ere aipatu dituzte. Zabalpenaren tamaina aipatu dute —"20 futbol zelairen parekoa"—, eta jardueraren ondorioz sortuko den trafikoa ere kritikatu dute. Zenbatetsi dute hogei urtean 25 tonako 4.500 kamioi ibiliko liratekeela, eta kutsadurak eta zaratak "herritarren osasunari" eragingo lioketela. Horrez gain, Podemosen arabera, inguruko mahastien jabeek kezka agertu dute "lixibatuek kutsatzeko izan ditzaketen arriskuengatik".
Bestetik, zabortegiak amiantoa izan dezakeen "susmo sendoak" agertu dituzte Podemoseko kideek. Aintzat hartu behar da obra hondakinak jasotzeko proiektua aurkeztu duela Ecoreinares enpresak, eta, hori da kezka horren abiapuntua. "Podemos Oionen ustez, Udalak ezin du enpresa baten negozioa lehenetsi herrian bizi diren pertsonen ongizatearen aurretik, irregulartasun zantzuak eta iluntasun handia dituen proiektu batengatik", nabarmendu dute.
Udalaren erantzuna
Joan den astean egindako azken osoko bilkuraz baliatu zen Jose Manuel Villanueva alkatea Podemosek aurkeztutako argudioen aurka egiteko. Izenari berari ñabardura jarri dio, zabortegia baino, obra hondakinak kudeatzeko "ingurumen gunea" izango dela argudiatuz. Zabalpenaren tamainaz ere azaldu du hogei futbol zelai horiek "areto futbolarenak" direla, eta egokiena izango zela esatea zazpi futbol zelairen tamaina aurreikusten dutela.

Labrazako parke eolikoaren kasuan bezala, gogora ekarri du zabortegia handitzeko baimena joan den agintaldian onartu zela. "Lehenagotik datorren kontua da, eta guk egin dugun bakarra izan da enpresa behartzea, kamioiak herriaren erdialdetik igaro ez daitezen", esan du alkateak.
Amiantoari dagokionez, udalaren arabera ez da "halakorik aurreikusten", eta Jaurlaritzan aurkeztutako ingurumen inpaktuko txostenean hori ikus daitekeela dio. "Hau jada azaldu zioten Podemosi", jakinarazi du. Ukatu egin du ere enpresak udala mehatxatu izana. "Udala mugatu da egungo lege markoan ezarrita dauden prozedurak betetzera. Enpresa pribatu bat Jaurlaritzak ezarri duen arauarekin bat etortzen baldin bada, udalak ez du ezer esateko". Bestetik, alkateak dio enpresak "bermatu" diela behin martxan dela zabortegiak espezializatuta ez dauden 15 eta 25 behargin inguru beharko dituela lanerako. "Hemen langabezian dagoen jende asko daukagu, eta herriko jendeari lana emango diote", ziurtatu du Villanuevak. Gardentasunari dagokionez, Villanuevak dio proiektua jendaurrean iragarri dela, eta Podemosi esan dio politikan "gezurrak" ez duela tokirik izan behar.
Birziklatzeko teknologia
Osoko bilkuran, Oscar Layana PSE-EEko zinegotziak udalaren jarrera babestu du, eta zabortegiak izango duen funtzioa argitu. "Jaso dugun informazioaren arabera, hondakinak sailkatu egingo dituzte. Modu horretan, etorkizunean horiek birziklatzeko teknologia garatuz gero, material baliagarriak atera ahalko dira, modu garden eta azkarrenean". Layanak esan du bere kezka nagusia zela kamioiak erditik pasako zirela, baina arazo hori konpondu dela dagoeneko. "Gardentasuna egon dela uste dut; ni bederen uneoro informatuta sentitu naiz", erantsi du.