Erresuma zaharraren mugetan

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 15a

Villamayor de Monjardinetik Naiarara doan bide zahar baten zatia berreskuratzen ari da Aguilar Bizirik. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Nafarroako erresumak Arabako Errioxako zati handi bat hartzen zuen garaiko mugak zeharkatzen dituen bidea egiten ari dira Aguilar Bizirik elkarteko kideak. Urtarrilean egingo dute azken etapa.

Abenduan egitekoa zuten azken etapa, baina, ezaguna denez, neguko lehen elurtea etorri zen, eta bertan behera utzi behar izan zuten. Alabaina, ez dute ekimena zintzilik utziko, eta, eguraldia beste behin guztiz kontra jartzen ez bada, urtarrilaren 17an bukatuko dute Erresumako Mugen Bidearen lehen edizio osoa. Azken etapa hau Villabuenatik Naiararaino (Errioxa) doa, eta, Erresuma zaharreko hiri dotorea ezagutzen dutenek jakingo dutenez, zer ikusi eta zer gozatu izango dute bertan. Besteak beste, Naiarako jatetxe batean jango dute, eta, bazkaldu ostean, Santa Maria la Real monasterioan bisita gidatua egingo dute.

Bederatzietan geratu dira Arabako Errioxako herrian, baina ordubete lehenago beste hitzordu bat finkatu dute, autoekin buelta antolatu ahal izateko.

Ekimenarekin, Nafarroako Erresumak Arabako Errioxako zati handi bat hartzen zuen garaiko mugak berreskuratzen ari dira, eta, horrekin batera, Done Jakue Bidearen bigarren adar bat ere. Villamayor de Monjardín (Nafarroa) herrian hasi eta Naiaran (Errioxa) bukatzen den ibilbidea da, eta, tartean, noski, Arabako Errioxa zeharkatzen du bideak.

Promesa batetik abiatuta

Aguilar Bizirik elkarteko kide Guillermo Remesar Amianok azaldu du honen guztiaren abiapuntua. Dioenez, ibilbidea bera Jose Ziordia irakasle erretiratuak berreskuratu zuen. "Diakono baten senidea zen, eta, hiltzear zenean, erlijio gizonak bidea berreskuratzeko eskatu zion". Torralba del Río (Nafarroa) herriko udalera jo zuen, eta erakunde honek inguruko gainerako udalei deia zabaldu zien. Hau pandemia aurretik izan zen, eta, ondoren, Aguilar Bizirik kultur elkartea proiektuan inplikatu zen. Orain Teder Lizarrerriko landa garapenerako agentziaren esku dago nafar zatia; elkarte hori Europako diru laguntzez baliatuko da Nafarroako zatian bederen balizak jartzeko.

Arabako Errioxak ere zati handi bat hartzen du —Nafarroako Erresumaren parte izan zen egungo Sonsierraren zati handi bat, Vianako Printzerriaren bitartez—, eta, horregatik, Aguilar Bizirikeko kideak kontaktuan jarri dira Arabako Errioxako Kuadrillarekin. Ohi bezala, kontaktu hori errazteko, mugaren alde honetan ere, ekimenak bertako kulturarekiko eta jendearekiko konpromisoa duten eragileen aldetik emandako bultzadari esker gauzatu ahal izan da, askotan argazkian ateratzea kostatzen bazaie ere.

Elvillarren egindako geldiunean, bertako eliza lehen eskutik ezagutu dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

"Elkartean egin duguna izan da bidea martxan jartzea. Izan ere, horrelako kontuetan burokrazia asko egon ohi da, eta, beraz, guk ibilbidea oinez egiteko beharra ikusi dugu. Horregatik dagoeneko ekin diogu etapak egiteari". Hurrengo urratsa izan da Arabako Errioxako Kuadrillarekin hitz egin eta bertako etapak proposatzea, haiek erabaki behar dutelako bidea nola gauzatu eta mugarriak nola jarri".

Hala, Aguilar Bizirik elkartea zubi lana egiten ari da orain, kuadrillaren eta Teder artean, koordinatu daitezen. "Oraindik ez dira hasi, baina interesa badago", adierazi du Remesarrek. Nafarroako aldean, enpresa bat hasi da proiektua prestatzen, baina elkarteko kideak nabarmendu du funtsezkoa dela bi aldeak koordinatzea; kasurako, seinaletika adosteko.

Zeharkatzen dituzten herrietan bertako ondarea ezagutzen saiatzen dira beti

Zeharkatzen dituzten herrietan leku esanguratsuak bisitatzen ari dira. Kasurako, Araban sartu den lehen etapan Kripanen eta Elvillarren geldiuneak egin dituzte, bertako elizak bisitatuz, eta herri horietako historiaz ikasiz.

Bisita kulturalak

Hau ere arras garrantzitsua da haientzat: ahal dutenean, tokian tokiko aditu eta herritarrekin bisita antolatzen saiatzen dira, lehen eskutik emandako azalpenak jasotzeko.

Elvillaren kasuan, bereziki ikusgarria izan da bisita hori, bertan edertasun handiko eliza daukatelako, eta Toño Gainzarain aguazilak oso ondo transmititzen duelako herriarekiko eta ondarearekiko duen grina. Bigarren etapa — Elvillarretik Villabuenarainokoa— dezente luzeagoa izan da, eta beraz, aurrekoan baino geldiune gutxiago egin dituzte. Tartean, Navaridasen geratu dira, Santa Eulaliaren nekropolia ikusteko. "Etapa horretan asko gelditzeko astirik izan ez dugun arren, paisaia zinez ederra da, eta suposatzen dugu Naiarara doan azken etapa ere oso polita izango dela", nabarmendu du Remesarrek.

Elkartearen asmoa da datozen urteetan hitzordua finkatzea, eta etorkizunerako aztertzen ari dira ere inguru honetan Vianako Printzerriak hartzen zituen lurren inguruan bestelako ekimen kulturalak sustatzea, egungo mugaren bi aldeen arteko lan komuna indartuz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago