EH Bilduk Guardian EAJrekin "aurrekontuetarako zuen ituna" apurtu du, proiektua aurkeztu aurretik haiekin "inolako harremanik" izan ez dutela argudiatuz.
Ostiralean zabaldutako ohar batean alderdi abertzaleak gaineratu du garbigune berriaren inguruan EAJk "kudeaketa desleiala eta iruzurrezkoa" egin duela, eta, hortaz, "konfiantza" galdu dutela jeltzaleengan.
Alderdiak gogora ekarri du aurtengo aurrekontuak EH Bilduren botoekin aurrera atera zirela, baina ez dutela datorren urteko aurrekontuen berri izan horiek aurkeztu arte. Garbiguneari dagokionez, EH Bilduk dio EAJk ez duela bete adostutakoa, eta gobernu taldea kokapen alternatibo bat negoziatzera "itxi" izan dela. "Gobernantza estiloari eta gobernuaren eta oposizioaren arteko lankidetzari dagokionez" baldintzak "betetzen" ez direla ondorioztatu dute.
Polemika ez da baretu asteburuan. Are, Arabar Errioxa blogaren Facebooken kontuan zabaldutako albiste bati egindako iruzkin batean Araba mailako EH Bilduren buruzagi batek esan du aurrekontuena ez dela izango "datozen asteetan alkateak izango duen arazo bakarra", gerora iruzkina ezabatu badu ere.
Raul Garcia Ezquerro alkateak, berriz, sare sozialetan, "gezurrak" esatea leporatu die EH Bilduko kideei. Bestetik, ohar batean, EAJk ziurtatu du "duela bi aste" eman ziotela oposizioko taldeei aurrekontuen proposamena, baina orain arte "isiltasuna" baino ez dutela jaso, eta azken osoko bilkuran beste astebete eman dietela taldeei aurrekontuak negoziatzeko. Osoko bilkuraren bideo grabazioa zein oposizioari bidalitako gutuna mahai gainean jarri ditu EAJk. "EH Bildu ez da PP baino gehiago", ohartarazi dute jeltzaleek, bi alderdiei aurrekontuen berri emateko modua babesteko. Garbiguneari dagokionez, gogora ekarri dute kokapena "aldundiaren erabakia" izan dela. "Ez dute nahi Guardiak aurrekontuak izatea, eta ez dakite zer asmatu", esan du EAJk.