Frankismoa

Gorazarreen azken aztarnak

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 14a

Irailean ezezagunek pintura gorria bota zioten tropa frankisten alde aritutakoak goratzen dituen idazkunari. ARGAZKIA: JUANMA GALLEGO / ALEA

Mañuetan Caídos por Dios y por España dioen leihoburua kentzeko eskaerei ezetza eman die bertako udalak, baina kontua aurki argitu daiteke, ministerioak udalari emandako epea betetzear dagoelako.

Mañuetako udal eraikin bateko leihoburuan Caídos por Dios y por España dioen lelo frankista kentzeko eskaerari uko egin dio behin baino gehiagotan Mañuetako alkateak, Gerra Zibilean Errepublikaren aurkako estatu kolpean aritutako soldaduak goratzeko leloak "inori kalte egiten ez diola" argudiatuta.

Martxoan abiatu zen polemika, Arabako Errioxako PSE-EE idazkunaz jabetu zenean, eta Mañuetako udalari horren berri eman ziotenean. Ordudanik, Espainiako Gobernuak hainbat aldiz ohartarazi dio idazkunak Memoria Demokratikoaren Legea urratzen duela.

Erantzunik ez

Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren eskaerek ere ez dute baiezko erantzunik jaso udalaren aldetik, eta alorreko ministerioak esku hartu behar izan du. Hala, urrian Francisco Javier Garcia PPko alkateari bi hilabeteko epea eman diote, leihoburuko leloa kentzeko egin duen kudeaketaren berri eman diezaion.

Arabako Errioxako Elkarte Sozialistako idazkari nagusi Raquel Zabalaren esanetan, "kezkagarria" da udal batek legea bete ez izana, baina "are kezkagarriagoa" da behin egoeraren berri izanda alkate batek berrestea legea ez duela beteko. Zabalak Gorrebuston izandako antzeko beste kasu batekin alderatu du egon den aldea. Kasu horretan ere, tropa frankisten alde aritutako pertsonak goratzen zituen xafla bat aurkitu zuten herriko elizaren sarreran, baina horren berri eman eta gutxira kendu zuten, normaltasunez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago