Eskola garaian ikasten da ibaiek askotan itsasorako bidean bihurguneak egiten dituztela, eta horiei meandro deitzen zaiela. Oroimen hobea dutenek — edo bizitzan zehar naturarekiko kuriositatea galdu ez dutenek— seguruenera oroituko dute denborarekin meandro horiek isolatuta geratu daitezkeela, ibaia jatorrizko marrara bueltatzen denean. Meandro fosil deitzen diete geografoek. Bada, batzuetan meandro hil horietan ur putzuak mantendu daitezke, eta horiek berezko ingurunea sortzen dute. Izena estandarizatuta ez badute ere, horiei galatxo esaten zaie, Aragoin izan ohi duten izendapenean oinarrituta.
Ez da erraza horietako bat aurkitzea, baina, zenbaitetan, gizakiaren esku hartzea naturaren onerako izan daiteke. Horrelako ekimen bat abiatzea otu zitzaien duela bost bat urte Eltziegon, eta, garai horretan Eltziegoko alkate zen Luis Aldazabalen lanari esker, ametsa errealitatea da duela bi urte ingurutik; tamalez, zendutako alkateak horren gauzatzea ikusteko aukerarik ez zuen izan.
Baina gorpuztu, dezente gorpuztu da. Asteklima astearen barruko ekimenetan, ingurunea ezagutarazteko bisita antolatu du Arabako Errioxako Kuadrillak, eta, horretarako, alkatearekin batera hezegunea diseinatu zuen Gabriel Garcia de Marcos ingurumen zientzialariaren kolaborazioa izan dute lehen eskuko azalpenak emateko.

La Mezana udalarena den zortzi hektareako lursaila da, eta lehen txakurrak trebatzeko baino ez zuten erabiltzen; baina Garcia de Marcosek galatxo baten funtzioa beteko zuen ingurunea atontzea proposatu zuen. Alkateari esan zion Jaurlaritzaren laguntza lerro batez baliatu ahal zirela ingurunea eraldatzeko. Bada, proiektuak martxa hartu zuen, eta udalak hasieran jarritako 2.000 euroetatik anbizio handiagoko 100.000 euro inguruko egitasmora igaro zen kontua, aldundia, Aranzadi zientzia elkartea eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren parte hartzearekin
Gaitzarekiko erresistentzia
2020 eta 2021 urteetan landatu zituzten lehen zuhaitzak, baina ez ziren errotu, handik gutxira lehortea gertatu zelako. Haltzak, lizarrak eta, batez ere, zumarrak; azken hauen kasuan, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emandako zumar klonatuak erabili dituzte. Jakina denez, zumarrek grafiosi izeneko gaitza pairatu dute azken hamarkadetan, eta zientzialariak lerro genetiko berriekin ahalegintzen ari dira onddoen triskantzari aurre egiten. "Ministerioak 300 bat laga zizkigun, eta landatu genituen. Suposatzen da hor landatutakoek gaitzarekiko erresistentzia dutela, eta, hortaz, espero dugu onik aterako direla", aurreratu du Garcia de Marcosek.
Hiltzen ari diren makalekin ere esku hartze bat egin dute bertan, adituak bisitan parte hartu dutenei azaldu dienez. "Zutoin batzuk botatzen ditugu, baina beste batzuei 'eraztun' bat jartzen diegu". Motozerrarekin egiten den esku hartze erraza da: bi zentimetro inguruko sakonera duen mozketa egiten zaie, zuhaitzaren izerdiaren igarotzea behin betiko moztuz, zuhaitza behin betiko idor dadin. Naturan gertatu ohi den moduan, gertakarien kate bat abiatzen da laster. "Egur hilez elikatzen dira zenbait intsektu, eta horietaz elikatzen dira gero okilak", azaldu du. Hori ez ezik, okilek zutoin horietan egingo dituzte beren habiak, eta, behin horiek erabiltzeari uzten diotela, beste hegazti espezie batzuek eta hainbat saguzar espeziek berrerabiliko dituzte. "Oroitzen naiz aurreko bisita batean enbor baten gainean sostengatu nintzela, eta bi saguzar atera zirela", gogoratu du ikertzaileak.
Saguzarrak dira, hain zuzen, inguru horretako beste biztanleetako batzuk. "Ebro ibaia oso interesgarria da haientzat, gure eskualdean saguzarrak batez ere ibaietan zehar mugitzen direlako".
Baina, inguruko zuhaitzez gain, babesgunearen harribitxia da bertan sortu den aintzira artifiziala. Bertako ura ibaiari lotuta dago maila freatikoan, eta alde batean uharte txiki baten funtzioa egiten duen muinoa dago. Hezegunearen helburu nagusietako bat da apoarmatuentzako ugalketa gune bilakatzea. Garcia de Marcosek apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa) buruan du, arriskuan dagoelako. "Bastidan eta Asan ikusi ditut, eta hona iritsiko da seguruenera", espero du. Baina, horrez gain, mustelidoentzako ingurune egokia da. Bisoi europarra (Mustela lutreola), erbinudea (Mustela nivalis) edota igarabak ere. Ikustea zaila bada ere, aintziran bertan ikusitako igaraba baten bideoa erakutsi die Aranzadiko adituak bisitariei. "Hauentzat oso egokia da hezegunea, nahi adina jan dezaketelako oso modu errazean".
Espezie inbaditzaileak
Kontserbazioaren munduan ohiko buruhaustea den espezie exotiko inbaditzaileen arazoa lehen eskutik ikusi dute La Mezanan. Bereziki Floridako apoarmatuaren (Trachemys scripta elegans) adibidea jarri du Garcia de Marcosek. Hauek ere, narrastiak izanik, eguzkia hartu behar dute gorputzaren tenperatura orekatzeko, eta horretarako gune egokia da La Mezana. Jendeak opari gisa erabiltzen dituen dortoka txiki horiek dira, baina, jakina denez, animaliatxoa handitzean batzuek askatu egiten dute naturara. "Penintsula osoan zabaldu dira, baina 2020. urtera arte ez da beren arteko ugalketarik ikusi, klima beroagoetara ohituta daudelako. Tenperaturen gorakadarekin, ordea, hasi dira ugaltzen". Bastidan eta La Mezanan ikusi dituzte kumeak. "Batez ere zapaburuak jaten dituzte, eta, lurrean oso geldoak izan arren, uretan ziztu bizian hartzen dituzte harrapakinak".

Hiru urte daramatza zientzialariak laginketak egiten bertan, Espainiako faunaren ebaluaziorako egiten dituen lanetan, eta anfibioen presentzia egiaztatu ahal izan du ere. Besteak beste txantxikua (Alytes obstetricans) eta ur-igel iberikoa (Pelophylax perezi) daude bertan. Ibai-muskuilua (Margaritifera auricularia) ere inguruan dagoen espezie interesgarria da, batez ere beste arrain batekin duen sinbiosia dela eta. "Mende bat bizi daitekeen animalia da", azaldu du adituak. Ugaldu ahal izateko Ibai-kabuxa (Salaria fluviatilis) arraina behar du, haren zakatzetan uzten dituelako muskuiluak bere larbak. Naturan dena lotuta dagoen beste adierazle bat, hain zuzen ere.