Mahats bilketaren jaiaren 30. edizioa ospatu dute joan den igandean Lezan. Antolatzaileek espero zuten bezala, milaka lagunek parte hartu dute, eta, ohi bezala, hitzorduaz baliatu dira agintariak sektorearen inguruan dauzkaten proposamenak plazaratzeko. Aurten ere, eskualdeko herri bakoitzetik ekarritako ardoek erakusleiho bikaina izan dute duela hiru hamarkadatik egiten den hitzorduan.
Festari berari dagokionez, formatua ez da oso desberdina inguruan egiten diren gainerako festekiko. Besteak beste, eskualdeko dantza taldeak, musika, herri kirolak, pilota partidak, dastaketak, gastronomia postuak, umeentzako jolasak edo artisautza egon dira bisitarien esku, eta aurtengoan gainera eguraldiak egun bikaina opa die antolatzaile zein parte hartzaileei. Baina osagai horiez gain, noski, herri bakoitzetik ekarritako ardoek izan dute erabateko protagonismoa, parte hartzaileek lehen eskutik horiek ezagutu eta gozatzeko aukera izan ditzaten.
Pregoiaren aurretik Luis Mari Bengoari omenaldia egin diote, bereziki herri kirolei lotutako kazetari eta esatari ospetsuak aurten erretiroa hartu duelako. Otxandiarrak dotore mantendu du jasotako txapela egunean zehar, eta, behin festa egunaren puntu gorena pasata ere, alboan eraman ohi duen tronpetarekin ibilbidean zehar jaia alaitzeko ahaleginari batu zaio ere.
Oscar de Marcos futbolari guardiarraren esku egon da jaiari hasiera ofiziala emateko ohorea. De Marcosek ohartarazi du sektorearentzat "oso urte gogorrak" izaten ari direla hauek, eta animatu ditu kontsumitzaileak Arabako Errioxako ardoak eskatu, erosi eta har ditzaten.
Urte bereziki zaila
Ez da urte erraza izan. Uzta guztietan mahastizainak zeruari begira zuhurtziaz egoten badira ere —ur kopuru egokia behar da, eta soilik beharrezkoa den garaian— aurtengo erronka nagusia mildiu onddoaren zabalpena izan da, azken urteotako afekzio handienetakoa izan duelako mahastietan. Nekazaritza arruntean aritzen diren ekoizleek ohi baino tratamendu gehiago egin behar izan dituzte oraingoan, baina ekologikotzat jotzen den ekoizpen motan ari diren nekazariak bereziki une latzak bizitzen ari dira uneotan, landare asko galdu dituztelako. Hori dela eta, aldundiak iragarri du onddoak sortu dituen triskantzak arintzeko 1,6 milioi euroko diru laguntzak martxan jarriko dituela. Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak esan du enegarren ezohiko laguntza hau "ezohiko egoera bati" aurre egiteko planteatu dutela, milduaren zabalpenak arriskuan jarri duelako ustiapen askoren bideragarritasun ekonomikoa.
Ez da igandean publiko egin den neurri bakarra. Jaurlaritzak ere berea iragarri du. Izan ere, naturak emandako ezustekoez gain, gizakien aldetik datozen arazoak ere ez dira gutxi izaten ari.
Sektoreak izan ohi dituen arazoei mildiu onddoaren zabalpen handia gehitu zaie aurten
Salmentek zein merkatu ikerketek argi adierazten dute kontsumitzaileen joerak aldatzen ari direla, batez ere belaunaldi berrien artean, gero eta ardo gutxiago kontsumitzen delako, beste zenbait edariren aldean. Baina askoz eragin zuzenagoa izan ahal dute Donald Trump AEBetako presidenteak zerga mugen inguruan iragarritako neurriak eta kontraneurriak.
Testuinguru honetan, Amaia Barredo Nekazaritza sailburuak iragarri du Guardian berariaz ekoizleak artatzeko bulego bat irekiko dutela, bereziki zerga mugen haritik nekazarien artean sortu diren zalantzak argitzeko.
Mugimenduak sektorean
Bestetik, eta momentuz horren inguruan gutxi hitz egiten den arren, Europako Batasunean alkoholaren inguruko araudietan aldaketak planteatzen ari dira, edarietako etiketetan graduazioaren gaineko ohartarazpenak jartzeko. Norabide horretan joan daiteke Errioxako Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak abuztu honetan iragarritako "esperimentua", graduazio gutxiagoa duten ardoen ekoizpenak arautzen hasteko. Ohi bezala, kontseiluak oso muga zorrotzak jarri dizkie hasierako proba horiei, lortutako ardoak ezingo baitira Errioxa izendapenaren barruan merkaturatu, eta desalkoholizazio teknikak —0,0 garagardoa ekoizteko erabiltzen direnen tankerakoak— debekatuko dituztelako kontseiluan dauden ekoizleentzat.
Azkenik, eta lehen sektoreak bizi duen etengabeko kontraesanen pilaketa horretan, mildiua eta meteorologia direla eta, uzta askoz baxuagoa espero da —zehaztea zaila bada ere, ekoizpena %30 txikiagoa izango delako zifra hasi da aipatzen–, baina, modu berean, merkatua saldu gabeko ardoz gainezka dagoelako kezka ere errotuta dago aspalditik, sektorearen birmoldaketa hitzak gelan dagoen elefantea izaten jarraitzen duen bitartean.