Giza eskubideak, gordinean

Juanma Gallego 2025eko uztailaren 28a

Giza eskubideen inguruko lehiaketa batean garaile izan dira Assa ikastolako batxilergoko lehen kurtsoko ikasleak. Poloniara egindako bidaia batean lehen eskutik bizi izan dute nazien garaian gertatutakoa.

Giza eskubideei buruzko bideo bati esker saria eskuratu dute Assa ikastolako batxilergoko lehen mailako ikasleek. Modu honetan, gaiaren bueltan hausnartzeaz gain, kurtso amaierarekin batera Poloniarako bidaia bat egiteko aukera izan dute, eta bertan bereziki Bigarren Mundu Gerran izandako holokaustoaz ikasi eta hausnartzeko parada izan dute.

Zehazki, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak antolatutako Etikasi programaren barruan dagoen lehiaketan garaile atera dira Arabako Errioxako ikasleak.

Programa horrek bidaia hezigarri baten bitartez giza eskubideen inguruko hausnarketak, ikasketak eta bestelakoak sustatu nahi dituela azaldu du Assa ikastolako Historia irakasle Gaizka Gonzalezek. Funtsean, EAE mailan antolatutako lehiaketa horretan ikasleek lau minutuko bideo bat prestatu behar izaten dute, giza eskubideen inguruko hausnarketa bat eginez. "Askotan klasean lantzen ditugun baina urrun geratu ohi diren gauzak dira", dio Gonzalezek. Lapuebla de Labarcan kokatutako ikastolan nerabezaroan giza eskubideen inguruan hausnartu dute. Grabazioa, ikastolan

Auschwitzeko kontzentrazio esparrura egindako bisita bereziki gogorra egin zitzaiela aitortu dute. Argazkia: ALAZNE ARANA

"Ikasleei istorio bat proposatu nien, hainbat pertsonaiarekin, eta horiek banatu genituen. Bakoitzak bere gidoia ikasi zuen, eta ikasleen esku egon zen muntaketa hori guztia egiteko beharrezkoak ziren gauzak, atrezzoa, jantziak eta bestelakoak prestatzea", azaldu du irakasleak, grabaketaren egunaz galdetuta.

Aldez aurretik jakin bazekiten bidaia esperientzia latza izango zela

Denboraz "pixka bat justu ibili" zirela aipatu du Alazne Arana ikasle lantziegarrak. "Baina bakoitzak ahal zuen esfortzu guztia egin zuen. Mugikorrarekin grabatu genuen, ikastolaren antzokian, eta argia eta horrelakoekin ere jolastu genuen". Behin grabaziorako material guztia izanda, Gonzalezen esku egon zen etxean bideoaren muntaketa egitea.

Espero izatekoa denez, saria jaso zuteneko albistea poztasun handiz hartu zuten. "Egia esanda, ez genuen espero", aitortu du Aranak. Dioenez, 27 ikastetxek parte hartu dute lehiaketan. "Gainera, ikusi genituen besteek egindako beste hainbat bideo, eta oso ondo zeuden", aitortu du. Ikasleentzako motibazio handia, noski, bidaia bera izan da. Kasu honetan, kurtsoaren amaieran Poloniako Krakoviara hiru eguneko bidaia egiteko aukera izan dute.

Krakovian bertan Banskyren museoa ikusteko denbora izan dute. Argazkia: ALAZNE ARANA

Lehen egunean, judutarren auzoa ikusi zuten: antzinako ghettoa. "Auzo horren inguruko azalpen historikoak eman zizkiguten, bereziki Bigarren Mundu Gerraren aurreko testuinguru horretan", esan du Gonzalezek. "Bertan azaldu ziguten nola baztertzen zituzten judutarrak, kontzentrazio esparruetan sartu arte", kontatu du. Hurrengo egunean Auschwitz Birkenaun egon ziren, eta bertako museoa eta kontzentrazio esparrua ikusi zituzten. "Bidaia horretatik, dudarik gabe, hezigarriena" hau izan dela erantsi du. Bertan lan behartuak egiten zituzten, eta bertan egiten zituzten hilketa guztiak ere; hasieran, fusilamenduen bitartez, eta, gero, gas kamera eta errausketa labeetan errez.

Hezigarri bezain latza

Hezigarriena izateaz gain, noski, gogorrena ere izan zen, Gonzalezen esanetan. Bat dator Arana: "Auschwitz oso latza egin zitzaigun". Baina judutarren ghettoa ikustea ere oso zaila egin zitzaiela gaineratu du. "Aurretik jakin banekien oso esperientzia latza izango zela. Espero duzu ikustea pertsona hauek oso gaizki pasa zutela, baina zeure begiekin konprobatzea zinez gogorra da". Atseginagoa egin zitzaien, zalantzarik gabe, Krakovian bertan den Bansky artista anonimoaren lanen erreprodukzio museoa ikustea. "Gaur egun diren justizia falta ederki erakusten du artista horrek". Etxean bueltan direla, orain oporrez gozatzeko aldia da, baina eskolara bueltatzean pendiente daukate oraindik bidaian ikusitakoaz hausnartzeko beste jarduera bat egitea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago