Arabako Foru Aldundiak ematen duen papera eta kartoia biltzeko zerbitzu "eskasa" salatu dute Oiongo eta Arabako Errioxako zenbait udalek eta merkatarien zein bizilagunen elkartek. Azaldu dutenez, kexak ugaritu egin dira azken hilabeteetan "bilketak irregularrak direlako, hondakinak pilatzen direlako eta egoera horrek gure herrietako irudian eta higienean eragin negatiboa duelako".
Gaineratu dutenez, udalek eta norbanakoek akats horiek behin eta berriz aldundiari jakinarazi arren, ez da hobekuntza nabarmenik ikusi zerbitzuan. Daorje da Gasteiztik kanpo Arabako papera eta kartoia jasotzen duen enpresa.
Zerbitzu "murriztua"
"Egoera jasanezina da", azpimarratu du Jose Manuel Villanueva Oiongo alkateak. "Auzotarren eta merkatarien kexa ugari jaso ditugu, hondakinak nola pilatzen diren ikusten dutelako, zikinkeria fokuak eta irudi txarra eraginez. Bilketaren erregulartasun faltak gure herrien estetikari eragiteaz gain, herritarren eta negozioen birziklatze lana ere zailtzen du, hondakinak bereizten ahalegintzen baitira", esan du.
Duela hilabete batzuetatik hona nabarmen murriztu da papera eta kartoia biltzeko zerbitzuaren maiztasuna eta eraginkortasuna Arabako Errioxan, eta edukiontziak askotan gainezka egoten dira egun luzez. "Egoera hori bereziki kezkagarria da merkataritza guneetan eta hirigunean edukiontzietatik kanpo kartoiak pilatzea ohiko irudi bihurtu baita".
Premiazko neurriak eta ikuskapenak
Egoera horren aurrean premiazko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari Arabako Errioxan, "gabezia horiek konpontzeko eta Arabako Errioxan eta Oionen papera eta kartoia biltzeko zerbitzu duina eta eraginkorra bermatzeko". Era berean, AFAri eskatu diote "gertutik ikuska dezala zerbitzu horren prestazioa eta har ditzala behar diren neurriak haren funtzionamendu egokia ziurtatzeko".
Prestutasun osoa agertu du Oiongo Udalak aldundiarekin batera konponbidea bilatzen laguntzeko. "Gure bizilagunei eta ingurumenari mesede egingo dieten konponbideak bilatzen laguntzeko prest gaude", esan du Villanuevak.
Akats ugari
Daorje enpresaren zerbitzuan ematen diren akatsak zerrendatu dituzte Arabako Errioxako erakundeek eta herritarrek. Batetik azpimarratu dute bilketak ez direla ezarritako aldizkakotasunarekin egiten, eta horrek edukiontziak gainezka egotea eragiten duela. "Ohikoa da papera eta kartoiaren edukiontziak beteta aurkitzea, hondakinak kanpoan pilatuta, zikinkeria sortuz eta bidea oztopatuz", esan dute.
Era berean, garbiketa faltak eragin estetikoaz gainera sanitarioa ere baduela azaldu dute Arabako Errioxan. "Kartoia eta papera bide publikoan pilatzeak udalerrien irudia hondatzen du eta izurriteak erakar ditzake".