Bastidako ikastolako ikasle guztien parte hartzearekin, teknologia digitalak lantzeko proiektu bat landu dute ikastolan, eta, horren emaitzak kanpora begira erakusteko, metabertsoan oinarritutako ihes gela digital bat sortu dute.
Gorka Elgoibar Bastida ikastolako irakasleak azaldu du proiektuaren abiapuntua duela bi urte inguru izan zela, irakasleek digitalizazioaren inguruan egin zuten formazio batean oinarrituta. "Kasualitatez, gure lankide batek bazeukan lagun min bat unibertsitaterako ikerketa bat egiten ari zena social media, hezkuntza mediatikoaz eta inklusibitateaz". Dioenez, pandemiaren ondoren irakasleek digitalizazioari lotutako kontuekin titulazioak ateratzeko beharrean izan ziren.
Lehen urtean formazio orokorra egin zuten, besteak beste, jakiteko nola bideratu baliabide digitalak hezkuntzara. Baina bigarren urterako formazioa ematen zutenei eskatu zieten gela barruko jarduerara zuzendutako trebakuntza espezifiko bat egiteko.
Erronkak gainditu
Sarritan gertatu ohi den moduan, hasiera batean ez zuten kanpora begirako ezer egiteko asmorik, baina ihes gela bat egiteko ideia otu zitzaien, eta, eraiki ahala, txukun geratzen ari zela konturatu ziren. Zazpi erronka planteatu zituzten, galdera irekien bitartez. Kasurako, "Zer da ikastola, zuretzat?". Tutore bakoitzak, bere gelarekin, erantzun bat eman behar zuen, eta tresna digital batzuk erabiliz, baliabide digital bat sortu behar zuten galdera horri erantzuteko: e-book bat, letra zopa bat edota adimen artifiziala erabiliz egindako zerbait.
Modu honetan, tresna horien bitartez, ikasleekin edukiak landu dituzte. Bada, beraiek egindako lan berdina gainontzeko ikastolei proposatu diete. Baina, oraingoan, jada Bastidan egindako lanak ikusi ahal izan dituzte beste ikastoletan, besteak beste, adibide bezala hartu ahal izateko.
Bidean topatutako zailtasunez galdetuta, Elgoibarrek egutegiari lotutako kontuak aipatu ditu. "Arazoa da maiatza amaieran bukatu dugula formazioa, eta, gainontzeko ikastaroei proposamena luzatzerakoan, bagenekien maiatza eta ekaina oso hilabete konplikatuak izan ohi direla ikastetxeetan, besteak beste, ebaluazioak eta kurtso bukaera tartean daudelako". Araba Euskaraz ere ate joka izanik, Bastidan ere ez da izan garairik aproposena.
Teknologia berriek gazteen artean duten harrera onaz baliatu dira
Hori jakinda, hasiera batean beldur ziren kasu askorik ez ote zieten egingo. "Halere, aurrera egitea erabaki genuen, egindako lanaz harro geundelako", azaldu du irakasleak. Hala, Euskal Herriko ikastola guztiengana jo dute, proposamena zertan den azaldu aldera.
Begirada kritikoa
Teknologia digitalek gazteenen artean duten harrera ona aintzat izanda, irakasleak dio, "begirada kritiko batekin" bada ere, hori ikastolan ere baloratzen ikasi dutela. Ondorioz, ikasleak asko inplikatu dira proiektuan. "Euskara, soziolinguistika edota Euskal Herriko gaiak jorratzeko beste modu bat izan da; askoz modu ludikoagoan, Euskal Herriko herri edo herrialdeei buruz". Modu berean, gainerako ikastolen inguruko ezagutza ere eskuratu dute gazteek; adibidez, Herri Urrats edo Kilometroak bezalako jaiei buruz.
"Gauza horiek ezagutu eta barneratzeko modu oso polita izan da hau; orain, gainera, beste ikastolek egindako lanak ikustean, beste aldea jasotzen ari gara, eta gela horietan sortu dituzten bestelako baliabideak kuxkuxeatzen ari gara".
Bi urtez irakasleek izan duten formazio batean oinarritu dute proiektua
Elgoibarrek nabarmendu du ihes gelarena bukaerako produktu txiki bat dela, prozesuan egindako lana hedabideei zein beste ikastolei erakusteko asmoz. "Metabertso bat da: zure abatarrarekin, museo moduko batean sartzen zara, eta zuk nahi du duzun gelara joan zaitezke. Bertan dauden erakusleihoetan klik eginez, erronka bakoitzean egin ditugun lanak azaltzen dira".
Gainerako ihes geletan bezala, maila bakoitzean lortutako kode edo giltza hurrengo pausoa ahalbidetuko duen gakoa da. "Egun bakoitzeko erronka bat bidali dugu. Modu polita izan da egindako lan guztia ikustarazteko".