Araba Euskaraz ez da eskualdetik aldatu iazkotik. Joan den urtean Oiongo San Bizente ikastolaren alde deitutako jaiak Bastidako ikastola izango duelako aurten protagonista. Ketxu Bedialauneta (Ondarroa, 1961) zuzendaria jaia iristeko "desiratzen" dabil, baina, pilatutako lanez gainezka, eguna igarotzeko ere irrikan dagoela aitortu du.
Araba Euskaraz, beste behin, Gasteizen. Zergatik?
Bi arrazoirengatik. Batetik, guk ez daukagu bakarrik antolatzeko ahalmen, indar, baliabide edo boluntario nahikorik. Bestetik ikusten genuen Gasteiz leku egokia zela, hiria hurbil dagoela, euskaltzale asko Gasteizen bizi direla, eta aukera izugarria zela jai polit bat egiteko.
Azken orduan lekua aldatu behar izateak lan asko emango dizue?
Bai, lan handia. Batetik denbora gutxi izan dugulako dena berreraikitzeko. Lekuak aukeratu, gauza bakoitza bere lekuan kokatu, hiru gune aukeratu programazioa ez aldatzeko, baimen berrien eskariak egin, autobabes plan berria. Ikusten duzunez, lan izugarria. Baina eskerrak eman behar dizkiet jaiaren koordinatzailea den Rober [Gonzalezi] eta boluntario moduan lagundu digun beste ikastoletako jende guztiari.
Zaila izan da erabakia hartzea?
Zaila izan da bai. Baina bi aukera genituen, jaia bertan behera uztea edo egitea. Eta argi geneukan egingo genuela eta Gasteizen izango zela. Hortik aldaketaren erabakia.
Azken egunetako prestakizunetan, zertan egon zarete indarra jartzen?
Muntaiarekin hasi gara, baina orain arte indarra zera honetan jarri dugu: eredua aldatu da, eta zortzi ikastolen artean antolatzen dugu. Izan ere, ikastola txikiok ezin dugu hau guztia bakarrik egin. Hainbat ekintza antolatu ditugu: Araba Euskarazen aurkezpenarekin hasi, gero Gazte Talent egin genuen, Goazen!-en bi kontzertu, pilota topaketak, abestiaren aurkezpena, Jai Alai Master Series, Non eta mugan topaketa Bastidan. Azkenean, jaialdia etengabe egin izan dugu hemen, gure komunitateari herri mailako gauza bat eskaini ahal izateko. Gasteizen ospakizun nagusia eginez, halako Araba Euskaraz txiki bat egin ahal izateko, hain zuzen.
"Bi aukera genituen, jaia bertan behera uztea edo egitea. Eta argi geneukan egingo genuela"
Urtean zehar, herriarekiko harremanak nolakoak dira?
Ondo konpontzen gara. Ekintza bateratu batzuk egiten ditugu eskola publikoarekin; Emakumeen Nazioarteko Eguna elkarrekin ospatzen dugu. Bitartean Jolasean elkartearen bitartez, adibidez, Poetak Maiatzean ekimena egin dugu, olerki errezitaldia egiten. Udalarekin ere harreman ona izaten da.

Diru irabaziak nora bideratuta joango dira?
Ikastola txikia izanik, gauza batzuk baditugu konpontzeko, baina, batez ere, proiektuetara bideratu nahi ditugu, horiek kostu bat daukatelako. Hots, proiektuekin jarraitzeko, eta beste zenbait proiektutan murgiltzeko. Adibidez, joan den urtean InnovaMat proiektua sartu genuen, eta Ikastolen Elkarteak datozen urteetan beste hainbat proposatu dizkigu. Azken finean, hezkuntza hobetu nahi dugu.
Beraz, zorionez, jada ez da lehen bezala, izugarrizko behar estrukturalak izaten zirelako... egoera normaltzen ari gara...
Bai, hori da. Gauzak normalizatzen ari gara, eta hezkuntza hobetzeko baliabideetan inbertitzen ari gara.
Hezkuntzaren aldetik, zein da gehien nabarmenduko zenukeen proiektua?
Irakurzaletasuna edo irakurketaren ulermenaren gaia, adibidez... orain umeen atentzioa hobetzeko Jaurlaritza martxan jartzen ari den proiektu batean sartzen ari gara. Horrez gain, batez ere aholkularitzan, eta ongizatean... horretan inbertsioak egin behar ditugu. Gero, programa berri batzuk sortzen dira. Leloak dioen moduan: etengabe gabiltza. Ezin zara geldi egon, beti dago zerbait berria egiteko.
"Herriko jende gehienak euskaraz daki. Arazoa betikoa da: jakin bai, baina erabili ez"
Aurreko batean esan zenigun gero eta ikasle gutxiago daudela. Nabaritzen al duzue hau bereziki eskualdean?
Bai. Ez da soilik eskualde honetan. Emazteak Gasteizen lan egiten du, eta hor berdin gertatzen da. Leku guztietan jaitsi dira zenbakiak. Hor gabiltza, borrokan, kontzertazioa lortzeko zenbaki batzuk behar ditugu, eta nik uste dut ratioak jaitsi beharko liratekeela. Ez da normala zenbaki berbera eskatzea Bastidan edo Bilbon; hori ezinezkoa da.
Aipatzen didazun horren haritik, zer eskatzen diozue Jaurlaritzari?
Ratioak jaistea, landa gunean. Ez da normala hamahiru eskatzea hiri nagusi batean eta guri ere hamahiru eskatzea. Hamar, bederatzi... halako zerbait eskatu beharko ligukete. Zenbakiak txikiagoak dira, baina atentzioa ere berezia da. Neurtzeko eskatuko nieke. Bestela, halako guneetan, ikastola txikiok ez dugu zereginik.
Ez zara berria ikastolan. Zer nolako ibilbidea ikusi duzu azken urte hauetan?
Hasi ginenean, goian geunden: eskola eta ikastola, batera. Txikiak ginenez, bi gela, ikasle banarekin. Gero hasi zen zazpi eta zortzigarren mailan lanean, eta pertsona batek egiten zuen. Hazten joan ginen, eta proiektu honetan sartu ginen. Une batean ia berrehun ikaslera arte iritsi ginen. Baina gero jaiotza tasaren beherakada hasi zen, eta orain hemen gaude, mantendu nahian. Bilakaerari berari dagokionez, ikusi dut herrian euskara zabaldu dugula, herriko jende gehienak euskaraz badakiela. Arazoa betikoa da: jakin bai, baina erabili ez. Erabilera askotan murrizten dugu ikastolaren hesitik pasatzean, jendeak ez duelako erabiltzen. Erabiltzen du Harora joan eta jende erdaldunak enteratzerik nahi ez duenean. Baina ez da erabilera normala egiten. Eta hau ez da soilik hemen gertatzen, Gasteizen ere berdin gertatzen da. Ni, izatez, ondarroarra naiz, eta tristeena da Bermeo eta inguru horietan pila bat jaisten ari dela euskararen erabilera.
Familiekin, zer nolako ekintzak landu dituzue euskara zabaltzeko?
Aukera gutxi ditugu, saiatzen garen arren. Kontua da gure ikasle asko kanpotarrak direla. Autobus bat datorkigu Errioxatik, eta beste bat Miranda Ebrotik. Beraien guraso gehienak erdaldunak dira. HIZPRO —Hizkuntza Proiektua— taldearen bitartez saiatzen ari gara umeen artean euskara bultzatzen. Baina ez dakit zer gertatzen den. Kaletik topo egiten dugunean, nire ikasle ohiek euskaraz egiten didate, baina ni naizelako. Aldamenekoekin gazteleraz hitz egiten dute, biek euskaraz jakinda ere.
Maila pertsonalean, nola daramazu ardura?
Dagoeneko esperientzia daukat, 2004an Araba Euskarazen aurkezle lanak egin nituelako. 2008ko edizioan, beste ardura batzuk izan nituen, eta 2012an eta 2017ko Araba Euskarazetan ikastolako zuzendari nintzen. Adina ez da berdina, eta nekea nabaritzen da, noski. Tentsionatuta nago, hori bai, dena batera etortzen delako, eguna gero eta gertuago dagoelako. Eguna iristeko desiratzen nabil, baina baita pasatzeko, ere, kar-kar!