Elkarretaratzea deitu dute gaur Bastidan eraso matxistak salatzeko

Erredakzioa 2025eko ekainaren 9a

Indarkeria matxistaren kontrako manfiestazioa Gasteizen. Argazkia: ALEA

Bastidako Udalak eta Arabako Errioxako Kuadrillak bat egin dute astelehen honetan egingo duten protestarekin.

Bastidako Bakearen Plazan, 19:00etan, elkarretaratze isila deitu du herriko emakumeen elkarteak, Zuregatik, guregatik, guztiongatik. Eraso sexualei ez lelopean. Bastidako Udalak eta Arabako Errioxako Kuadrillak bat egin dute mobilizazioarekin eta eskualdeko herritar guztiei dei egin diete sexu erasoen eta indarkeria matxistaren aurka jarrera irmoa hartzeko eta mobilizazioan parte hartzeko.

Azken orduetan jakin izan da Arabako Errioxan neska adingabe bat modu jarraituan bortxatzea egotzita bi gizon ikertzen ari dela Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko epaitegia eta bortxaketan ustez parte hartu duen hirugarren gizon baten bila ari dela Ertzaintza.

Ustezko bortxatzaileek sare sozialen eta mugikorreko mezularitzaren bidez biktimaren "irudi konprometigarriak eta intimoak zabaltzearekin" mehatxatu zuten adingabea, eta asteak edo hilabeteak zeramatzaten neskari erasoak egiten.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago