Ertzaintza hiru gizonezko, horietako bi adingabeak, ikertzen ari da Arabako Errioxako udalerri batean neska adingabe bat taldean bortxatzeagatik. EFE albiste agentziak eman du ikerketaren berri. Ustez erasoa egin duten bi gizonezko adingabeek epaitegian deklaratu zuten larunbat honetan, eta hirugarren susmagarria, heldu bat, ez dute oraindik aurkitu.
Antza denez, ustezko erasotzaileek sare sozialen eta mugikorreko mezularitzaren bidez biktimaren "irudi konprometigarriak eta intimoak zabaltzearekin" mehatxatu zuten adingabea, eta asteak edo hilabeteak zeramatzaten neskari erasoak egiten.
Azkenean biktima hezitzaile batengana joan zen, eta helduak Ertzaintzari gertatutakoaren berri eman zion. Gasteizko Instrukzioko 2 zenbakiko epaitegia ari da kasua ikertzen.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.