GUARDIA

Guardiako osasun zentro berriak 1.250 metro koadro izango ditu

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 22a

Alberto Martinez Osasun sailburuaren bisita antolatu dute osasun zentroaren berri emateko. Argazkia: IREKIA

Ez dute zehaztu noiz jarriko duten martxan. Orotara Jaurlaritzak 3,8 milioi euroko inbertsioa egingo du.

Jaurlaritzak Guardian eraikiko duen osasun zentro berriak 1.250 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, egungo zentroaren ia bost aldiz handiagoa. Barbacana eremuan kokatuko den eraikina egiteko, 3,8 milioi euroko inbertsio egingo dute. Espazioa ez ezik, zerbitzuak era handituko dituela aurreratu du Jaurlaritzak, orain Lezako ospitalean ematen den pediatria zerbitzua Guardiatik bertatik eskainiz.

Gaur egindako bisita batean, Alberto Martinez Osasun sailburuak "kokalekuaren irisgarritasuna" eta "aparkalekuaren egokitasuna" azpimarratu ditu. Raul Garcia Ezquerro alkateak esan du lantalde teknikoak lanean hasiko direla. Martxan jartzeko data zehatzik ez dute aipatu, baina lanak "ahalik eta azkarren" hastea aurreikusten dute. Otsailean ALEAri emandako elkarrizketa batean alkateak esan zuen "legegintzaldia bukatu aurretik" proiektua bukatuta izatea nahiko luketela.

Zentro berriak familiako medikuntzako bi kontsulta izango ditu, bai eta familiako erizaintzako hiru kontsulta ere. Horrez gain, pediatria, pediatriako erizaintza, hortzetako higienea eta odontologia kontsulta bana egongo dira, fisioterapiako gela batekin batera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago