Araban beste elkartasun egun bat antolatu dute Kenyako Turkana herriko biztanleekin. Aspaldikoa da lotura, Amor Sin Barreras Gobernuz Kanpoko Erakundeak urteak daramatza Turkanarekin lanean, eta Pole-Pole eskola finantzatzen lagundu dute bertan, haurrei hezkuntza eta elikadura osasuntsua bermatzeaz arduratzen dena.
Egun osoko egitaraua antolatu dute larunbaterako, Turkanarekin loturak lelopean, Guardiako Udala eta beste eragile batzuekin elkarlanean. Elkartasun ibilaldi batekin emango diote hasiera egunari, 10:00etan, eta ondoren mural margoketa, Kenyako artisautza azoka, argazki erakusketa, zuzeneko musika eta beste hainbat ekimen burutuko dituzte.
Jarduera batzuetan parte hartzeko 3 edo 5 euroko dohaintza eskatuko dute. Azken finean, Turkanako Pole-Pole eskolarentzako dirua biltzea da egunaren helburua, eta beste hainbat modu ere aurkeztu dituzte ekarpena egiteko, izan hilabeteroko dohaintza, elkarteko bazkide egitea edota transferentzia bidez laguntzea.
Antolatzaileek nabarmendu dute "egun berezia izango dela, bizitzaz, kulturaz, konpromisoz eta komunitatez betea". Turkanako ehunka haurren hezkuntza, elikadura eta duintasuna bermatzeko laguntza ematera deitu dituzte herritarrak.