Mantible zubiaren egitura sendotuko du Arabak

Erredakzioa 2025ko api. 7a, 16:20

Del Valek eta Garcia Ezquerrok bilera egin dute, esku hartzearen gaineko xehetasunak adosteko. Argazkia: AFA

Guardiak 30 urtez lagako dizkio Lasernako lurrak aldundiari. Foru erakundeak 200.000 euro bideratuko ditu zubira.

Aldundiak 196.700 euro inbertituko ditu Mantible zubiaren egitura sendotzeko proiektua gauzatzeko, erakundeak berak ohar batean ezagutzera eman duenez. Aurreratu dute "egitura finkatuko" dutela, eta zubia zaharberritzeko "metodo eta teknika tradizionalak" erabiliko dituztela. 

Guardiako Udalak onartu du lurzatia 30 urterako aldundiari lagatzea, obrak egin ditzan eta zubiaren balio arkeologikoa indartzeko ekimenak egin ditzan. Sei hilabeteko egikaritze epea aurreikusten dute obrak hasi eta gero, eta urte honen amaieran edo 2026aren hasierarako amaituta egotea espero dute.

Ana del Val Kultura diputatuak eta Raul Garcia Ezquerro Guardiako alkateak bilera bat egin dute azken xehetasunak lantzeko. Diputatuaren arabera, foru erakundeak "ondare historikoa kontserbatzeko eta balioesteko konpromisoa" berretsi du inbertsioarekin. Garcia Ezquerrok eskertu du "aldundiaren konpromisoa", udalerriarentzat "garrantzi handiko ondare historikoa" delako. 

Zubiak zazpi arku zituen, eta horietatik bi baino ez daude zutik, alde bakoitzean bana. Errioxako gobernuaren zatia iaz zaharberritu zuten, milioi bat euroko inbertsioarekin.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago