Ehunka urtez isilpean geratu da, zuhurtziaz

Juanma Gallego 2024ko mai. 26a, 06:00

Eztabaidan dago Mantible noiz sortu eta noiz eraitsi zen. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Inoiz Errioxa eta Araba lotu zituen Mantible zubiak mendeak daramatza suntsituta, eta 2021eko uholde batek azken kolpea eman zion. Mugaz bestaldeko zatia lehengoratu berri dute, baina lanek ez dituzte argitu zubiak gordeta dituen misterioak. 'Piedra de rayo' aldizkariak aurreratu duenez, bidean dauden analisiek jatorria behintzat argitu lezakete.

Arabako Errioxak gordetzen dituen dozenaka altxorren artean bigarren edo hirugarren plano batean geratu ohi da Mantible zubia. Baina harri zahar horien inguruan zerbait ezagutu bezain pronto, ezinbestean sortzen da egitura horrekiko kuriositatea. Mendeetan zehar Araba eta Errioxa elkartu ditu Ebro ibaiaren gaineko pasabide gisa, baina zeregin horretan zenbat urtez eman zuen ez dakigu. Ez da ziurgabetasun bakarra; kontrara, Mantibleren inguruko zalantzak pilatzen dira, gaurdaino, eta horietako alde ilun batzuk argitu dezaketen bi zientzia analisi bideratuta dauden arren, oraindik ere gehiago da zubi horren inguruan ezagutzen ez duguna, dakiguna baino. Misterio horietan argi pixka bat emateko helburuarekin osatu dute Piedra de rayo aldizkariaren azken zenbaki monografikoa, eta Arabako Errioxa aldean ibili da ere bertako zuzendari Carlos Muntion zenbakia aurkezten. Logroñoko Herri Unibertsitatean erretiroa hartua duen irakasle honek, besteak beste, Lantziegoko gizarte etxean egin du gaiaren bueltako aurkezpena, herritar askoren arreta erakarriz.

Herrian dagoen interesa agerikoa da, gertutik ezagutzen dutelako zubia. Izan ere, udalerriaren parte den Asa auzotik oso gertu dago Mantible, eta, adibidez, Wikipediaren gaztelerazko bertsioan zubia Asan dagoela aipatzen da. Euskarazko bertsioan, baina, ondo agertzen da kontua, Julen Diaz de Argote historialariak Alea Irratian emandako azalpenei jarraiki: berez, Guardia udalerriaren parte den Serna herrixkan dago.

"ASKOTARIKO HIPOTESIAK DAUDE, BAINA ORAINDIK EZ DA EZAGUTZEN ZERK BOTA ZUEN ZUBIA". CARLOS MUNTION

Duela mende askotatik Ebro ibaia Gaztelako eta Nafarroako arteko muga gisa erabili izan da, eta gaur egun ere bada Errioxako eta EAEko erkidegoen arteko muga. Azken honek, hein batean, ekarri du bi administrazioen artean ados jartzeko beharra. Gaur egun, jatorrizko zazpietatik bi arku baino ez dira geratzen, bakoitza ibaiaren alde bakoitzean egonda. Bada, Errioxa aldeko zatia duela hainbat hilabete lehengoratu berri dute, zeregin horretan milioi bat euro inguru inbertituz. Arabako aldean bezala, bertan ere hainbat eragilek denbora asko zeramaten eskatzen zubia zaintzeko. Ohi bezala, eskari horiek ez zuten behar bezalako erantzunik izan, harik eta naturaren oldarraldiak gauzak behartu zituen arren: uholdeen ondorioz 2021eko urtarrilean Ebro ibaiak izandako goraldi batek are gehiago kaltetu zuen Errioxa aldeko arkua, eta azkenean urgentziazko esku hartze bat egin behar izan dute.

Lehen zientzia lanak

Piedra de rayo aldizkarian kontatu dutenez, lehen hurbilpen zientifikoa 1971n egin zuten, Jose Gabriel Moya Valgañon eta Hortensia Ruiz Ortiz de Elguea historialariek, azken honek berriki erositako SEAT 850 batean sartu eta zubira joan zirenean, lehen neurketa zehatzak eginez. Ruiz agertzen da, hain justu, aldizkariaren azalean, zubiarekin batera. Urtebete geroago, 1972an, Estudios de Arqueología Alavesa aldizkarian argitaratu zuten ikerketa, Manuel Antonio Martin Buenok eta Moyak berak sinatuta. Zientzia artikuluan, ordea, Ruiz "kolaboratzaile" gisa baino ez zuten aipatu.

Lantziegoko gizarte etxean aurkeztu zuen Muntionek azken 'Piedra de rayo'.

Zubia bisitatzen duen edonor berehala konturatzen da azpiegitura zaharraren egoeraz. Alabaina, zergatik iritsi da gaurdaino horren egoera kaxkarrean? Hori da, hain justu, aztarna zaharrek argitzeko mantentzen duten zalantzetako bat. "Enigma bat da noiz amildu zen", azaldu du Muntionek. "Gaur egun ezagutzen ditugun argazki eta grabatu guztietan bi arku baino ez dira agertzen", nabarmendu du. Zentzu honetan, argi dagoen gauza bakarrenetakoa da duela mende asko eraitsita dagoela, hala ondorioztatu daitekeelako bederen XVI. mendeko agiri batetik. 1567ko dokumentuan Pedro Velez de Guevara izeneko bizilagun batek Guardiako kontzejuari baimena eskatu zion bertako harriak hartu eta horiekin hainbat eraikin egiteko.

"Lehen aukera da Ebrok gainezka egin zuen urte batean zubia eraman izana. Bigarren aukera da norbaitek nahita suntsitu zuela", azaldu du Muntionek. Beste adituen artean ere denetariko jarrerak daudela dio irakasleak. Nahita bota izan zutela dioten hainbatek proposatu izan dute, adibidez, Petri I.a Gaztelakoaren eta Henrike II.a Trastamarakoaren arteko gerra zibilean bota zutela Naiarako batailatik (1367) ihesean zihoazen tropek. Dena dela, beste batzuek argudiatzen dute normalean gerra batean egindako ekintza handi batek ospe handia hartu ohi duela, eta arraro samarra dela halakoren bat aipamen historikoetan jasota geratu ez izana. Gainera, normalean militarrek zubien zati bat baino ez dute botatzen, behar duten bakarra delako arerioarentzako pasabidea moztea modu azkar batean. "Funtsean, askotariko hipotesiak jarri dira mahai gainean, baina, egia esanda, oraindik ere ez da ezagutzen zerk bota zuen zubia". Nahita ala nahi gabe, dakigun bakarra da zubia amildu zela, eta ondorengo mendeetan, Muntionen arabera, zubia berreraikitzeko egindako saiakera guztiak azkenean ezerezean garatu zirela. Adituak uste du ibaiaren bi aldeen arteko lehia ekonomikoa gailendu zela, kolaborazioa beharrean.

Jatorria, ezbaian

Nola suntsitu izan zuten ez jakiteaz gain, bigarren zalantza handi bat badago ere, urtez urte mantendu izan dena. Erromatarren garaian altxatu zuten, ala Erdi Aroan? Ez da galdera hutsala, milurteko baten aldeko aldeaz hizketan ari baikara. Erromatar jatorriaren alde egiten dutenek II. mendearen hasieran kokatzen dute, eta aipatzen dute zubia eraiki zutela, besteak beste, gertu zegoen Tritium Magallum herriaren inguruan ekoitzitako terra sigillata motako zeramika Mediterraneo eta Europa osora eramateko. Horrez gain, gertu zegoen Asako Ama Birjinaren baselizan dokumentatutako bi hilarri erromatar aipatzen dituzte beren argudioetan.

BI LABORATEGITARA LAGINAK ERAMAN DITUZTE, ETA ORAIN EMAITZEN ZAIN DAUDE IKERTZAILEAK

Erdi Aroaren alde azaltzen diren adituek, berriz, eraikitzeko teknikari erreparatzen diote ondorioztatzeko garai horretakoa zela. Besteak beste, erromatar ingeniaritzan aditu den Isaac Moreno Gallok babesten du zubia eraikitzeko erabilitako teknikak ez duela erromatarrenekin zerikusirik. Kontrara, Gareseko (Nafarroa) zubi erromaniko ikusgarriarekin duen antza handia aipatzen du. Gehienbat, hipotesi honen alde egiten dutenek diote Antso III.a Nagusiak eraiki zuela Mantible, bere erreinuko bi hiri nagusiak batzeko: Iruñea eta Naiara (Errioxa), bai eta Done Jakue bidea Nafarroan zehar indartzeko ere. Honetan arrazoia nork duen argi ez duen arren, Muntionek dio bera Erdi Aroko hipotesiaren alde lerrokatzen dela, baina aurreratu du ere zorte pixka batekin agian jatorriaren zalantza laster argitu ahalko dela. Izan ere, zubiaren bi aldeetan egin diren esku hartze arkeologiko banatan materialetako laginak hartu dira, eta, nork bere aldetik, laborategietara bidali direla, analisiak egin diezazkieten. Esperantza agertu du Muntionek analisi horien emaitzen inguruan, baina, momentuz itxarotea baino ez dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago