Lanean ari diren mahaietako batetik aldendu, eta Elvillarreko andre batek eman dion telefonoa belarrira gerturatu du Beatriz Gallego antropologoak. Herriko auroran abesten duten kanta bat jasota dago bertan, eta arretaz entzun nahi izan du, galdetegi baten inguruan hizketan ari diren pertsonak molestatu gabe. Andrak harro azaldu dio Gallegori herriko auroretan kanta desberdin bat dutela egunaren arabera. Beste herrietan ez dagoen ezaugarri bat da hori, hain zuzen.
Ez da ausaz atera den kontua, galdetegi horretan jasota dagoen Arabako Errioxako ondare immaterialaren adierazpen bat baizik. Aurreko urteetan Mendialdea, Añana eta Gorbeialdea jorratu ondoren, Arabako Errioxako txanda iritsi da oraingoan.
Hala, ordu pare batez lanean jardun dute, horien gaineko erradiografia gaurkotu bat osatzen lagundu nahian. Dozena bat lagun bildu ziren hori egiteko joan den astean Lantziegoko zentro sozialean, Labrit Ondarea enpresako antropologoak deituta. Oraingo honetan, Lantziego, Elvillar eta Kripan udalerrietako lagunak deituta zeuden topaketara, baina aurreko egunetan beste horrenbeste egin dute Arabako Errioxako beste udalerriekin: orotara, aurrez aurreko bost hitzordu deitu dituzte eskualdean, hainbat herri erreferentzia hartuta, inguruetako herrietako jendea konbokatuz. Hori egin dute Villabuenan, Guardian, Oionen, Bastidan eta Lantziegon.
Lan bilkura hasi aurretik, bertaratu diren lagunei ariketaren nondik norakoak azaldu dizkie Gallegok. "Zuekin kontrastea egin nahi dut, bizirik omen dauden ohitura edo tradizioen inguruan". Dioenez, identifikatu nahi dute zehazki herri bakoitzean zer dagoen bizirik. "Izan ere, batzuetan gertatzen da informazio bat liburu batean jasota egon daitekeela, edo turismo bulego batean gai baten inguruan zerbait esaten dizutela, baina gero herrian ez da hori gertatzen". Baina kontrakoa ere gertatu daitekeela azaldu die: antropologo eta etnografoen ikerketetan jasota ez dauden kontu berriak atera daitezke. "Funtsean, zuen herrietako kronistak zarete", laburbildu die bertaratutakoei.
Ukitzen ez den ondarea
Aurrean duten erronka ez da makala, askotariko adierazpenek osatzen dutelako mota horretako ondarea. "Baselizak edo jauregiak ez bezala, askotan ondare immateriala ez da ikusten. Gauza asko izan daitezke: ahozko tradizioak, ipuinak, esaerak, ezizenak, bertsolaritza, musika, dantzak, jaiotza bizi baten erakusketa, gastronomia, elkartzen gareneko ohiturak, auzolanak, joko eta kirolak, jaiak, lanbideak, eguraldiaren ezagutza…".
Komunikazioa errazteko hiru mahaitan banatu dituzte parte hartzaileak, eta berehala hasi da informazio jarioa. Baina gauzak taxuz antolatu ahal izateko, Labrit Ondareko antropologoak hainbat irizpide eman dizkie, informazio hori guztia modu egokian sailkatu eta, ondoren, ondo antolatu ahal izateko.
Adituaren irizpideen arabera, jasotako informazioak hainbat ezaugarri izan behar ditu, "dena ez delako ondare immateriala". Lehen irizpidea oso argia da: bizirik egon behar da. Baina ez da baldintza bakarra. Beste ezaugarri garrantzitsu bat da jendearentzat identitarioa izan behar dela. Gainera, kolektiboa izan behar da; hots, ez da izan behar esanguratsua soilik lagun batentzat, askorentzat baizik. Bestetik, adierazpen horrek toki eta une zehatz bat izan behar du, eta belaunaldiz belaunaldi transmititu beharra dago — duela gutxi sortu diren adierazpenen kasuan, ordea, etorkizunean hala izango dela aurreikusi daiteke—. Beste iragazki bat egiletzari dagokiona da: erakunde baten laguntza izan badezake ere, benetako motorra pertsonak izan behar dira. "Funtsean, garrantzitsuena da ondare immaterialaren adierazpen horrek esanahi bat izan behar duela guretzat", argitu du Gallegok.
Herrietako informatzaileak lanean jarri direnean, hainbat mailatan egituratu dute informazioa. Goitik behera zoom bat eginda, Araba mailako adierazpenek herrian presentziarik ote duten analizatu dute. Izan ere, badira hainbat elementu herri askotan eman daitezkeenak: kintoak, musika bandak edo auzolanak, esaterako. Gauza bera egin dute eskualde mailakoak izan daitezkeen adierazpenekin, jakin nahi izan dutelako norainoko presentzia duten herrietan. "Berberanako erromeriak oihartzunik al du Lantziegon? Nola bizitzen dute Elvillarren mahats bilketaren jaia?".
Aurretik zituzten datuak kontrastatu eta informazio berria jaso dute
Herri mailara jaistean nabarmentzen zaie parte hartzaileek beren herriaz duten jakintza, eta harekiko duten maitasuna ezkutatu ezinean dabiltza batzuk. Eskualdeko udalen artean deialdia zabaldu dutenean, herriaren gaineko ezagutza izan da, hain zuzen, irizpide nagusienetakoa. "Egin dugun adierazpenen proposamenaren balidazioa egiteko, gure irizpidea izan da herrikoak izatea, edo herrian urte asko emanak izatea", azaldu du Gallegok bilkuraren ondorengo solasaldi batean. "Adierazpen horiek bizirik ote dauden jakiteko, adineko jendea zein gazteak bilatu ditugu. Berez, ahozko tradizioen bilketa egiten dugunean, adinekoak nahi ditugu; baina oraingoan, gaur egungo egoeran oinarritzen garenez, horren berri ematen digun edozein profil baliagarria zaigu, beren herriaren errealitatea ezagutzen baldin badute".
Adierazpen andana
Bilkuran etenik gabe atera dira esperientziak. Horietako batzuk jasota daude Gallegok pasatako galdetegian, eta parte hartzaileek adostu behar izan dute horietako bakoitza oraindik bizirik ote dagoen, herritik kanpo adierazgarria den edota herriko jendearentzat adierazgarria ote den. "Ahula al da, eta bere transmisioa arriskuan dago? Mantendu al da belaunaldi batetik bestera?". Normala denez, askotariko kontuak jasota daude galdetegian, baina beste hainbat berri ere gehitu dituzte. Kasurako, Sorginaren txabolaren, Barrerako errotako sorginen edo Dontzeilen mendiaren inguruko kondairak, herri bakoitzean egiten diren kantak, Elvillarren oraindik ospatzen duten meriendatxoak, martxoak, esker oneko jaiak, aurorak... Duela gutxi berreskuratutako ibilbideak ere atera dira, hala nola Mandazainen Bidea edo Bernedorekin lotura egiten duen Estraperloaren Ibilbidea.
Gallegok argitu du informazio hori guztia osatuko dutela topaketetara hurbildu ezin izan diren zenbait lagunen informazio baliotsuarekin. Adibidez, Lantziegoren kasuan, Binasperiren inguruko informazioa duen jendearekin telefono bidezko elkarrizketa bat lotu du, herri horretan ere ohitura baliotsuak daudelako.
Hori guztia Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Errioxako Kuadrillari emango dioten datu base batean jasota geratuko da. Baina, horrez gain, sei adierazpen esanguratsu hautatu eta horien gainean txostentxo bat idatziko dutela aurreratu du Gallegok.