Mañuetako erakin publiko baten leihoburuan lau pertsonaren izenekin batera Caídos por Dios y por España esaldia agertzen duen lelo frankista bat dagoela salatu du gaur Arabako Errioxako PSE-EEk.
Alderdiak ohar batean ezagutzera eman duenez, herritarren lankidetzari esker izan dute Memoria Demokratikoaren legea urratu eta frankismoa goratzen duen lelo horren berri, eta kentzeko eskatu diote Alderdi Popularrak gidatzen duen udalari.
Arabako Errioxako talde sozialistako idazkari nagusi Aretx Vallejok frankismoaren oroitzapen hori "laster kentzea" espero du. "Informazio hori ikusita, espero dugu Mañuetako udalak, PPk gobernatuta, indarrean dagoen legedia betez jardutea, eta, ahalik eta lasterren, bere udalerrian frankismoaren sinbologia hori ezabatzeko eta kentzeko ekintzak hastea", azaldu du.
"Jazarpen, errepresio eta elkarbizitza demokratikoarekiko mespretxuaren oroitzapen gaitzesgarri horiek kokatzeko" jaso duten "herritarren lankidetza" eskertu du Vallejok.
Otsailaren amaieran Gorrebuston antzeko aztarna bat zegoela salatu zuen Oiongo PSEk. Salaketa horren harira, udalak egun gutxian kendu zuen herriko elizatik.