Gorrebustoko elizan Espainiako Gerra Zibilean frankisten alde borrokatu zuten zortzi gorrebustarren omenezko plaka dagoela iragarri du Oiongo PSE-EEk. Plaka hori indarrean den Memoria Demokratikoaren Legea urratzen duela salatu dute, eta, ondorioz, Oiongo Udalaren hurrengo udal bilkuran kentzeko eskatuko dutela iragarri dute.
Oscar Layana zinegotzi sozialistak "balio demokratikoen aurkako elementurik gabeko espazio publiko baten alde" lanean jarraituko dutela esan du, Frankismoaren errepresioa gaitzestearekin batera. Salatu duenez, plaka hori elizako "leku pribilegiatu batean" kokatuta dago, eta legearen kontrakoa da. "1936ko estatu-kolpea eta ia berrogei urteko diktaduran egindako errepresioa espresuki gaitzesten ditugu. Memoria Demokratikoaren Legea aplikatzeko eta balio demokratikoen aurkako elementurik gabeko espazio publikoa sustatzeko dugun konpromisoa berresten" dutela adierazi du Layanak.