Elurzuloek esateko dutena

Juanma Gallego 2025ko ots. 1a, 08:30

Elurzuloen inguruko azterketa historiko eta etnografikoa azaldu du Salvador Velillak Guardian emandako hitzaldi batean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Arabako Errioxan eta beste hainbat lekutan elurzuloek historikoki izan duten garrantzia azpimarratu du Salvador Velilla ikertzaileak. Garaiko bizimoduaz ez ezik, iraganeko klimaren berri ematen dute agiriek.

Garatutako gizarte industrialetan munduko gauzarik normalena da: hozkailua ireki eta ia-ia konturatu gabe elikagaiak kontserbatzeko ingurune egokia aurkitzen dugu. Soilik argindarra hainbat orduz joaten denean edo gailua bera apurtzen zaigunean jabetzen gara hozte sistemarik gabe egoteak suposatzen duenaz. Gauzak ez dira beti horrelakoak izan, noski, hozte sistemak azken mendeetako kontua baino ez direlako. Izan ere, XIX. menderaino ez baitziren asmatu izotza sortzeko lehen makinak.

Argindarrik ez zegoen garaietan, ordea, pilatutako elurra hotza mantentzeko baliabide preziatua zen, eta elur hori ahalik eta denbora gehien kontserbatzeko tokiak erabili izan dira. Zenbaitetan, mendietako haitzulo naturalak izaten ziren toki horiek, baina beste zenbaitetan beren-beregi atondutako egiturak izaten ziren.

Kuriositateak bultzatuta, eta beste hamaika gaien artean, hamarkadak daramatza Salvador Velilla ikertzaileak elurzuloei erreparatzen, eta gaiaren bueltan bildutako ezagutza partekatu du joan den larunbatean Guardian emandako hitzaldi batean.

Halakoetan ohikoa den bezala, nagusiki, bi bide jorratu izan ditu informazioa lortzeko. Batetik, landa lana, lurraldean zehar sakabanatuta geratzen diren arrastoen atzetik. Bestetik, agiriak arakatuz, gaiari buruzko dokumentazioa kontserbatu delako. Osagarri gisa, toponimiaren jarraipena egin du: Arabako Errioxako herrietan orain desagertu diren azpiegituren oroimena zenbait kaletan edo leku izenetan mantendu izan dira, gaurdaino.

ARGINDARRIK EZ ZEGOENEAN, HOTZA MANTENTZEKO BALIABIDE PREZIATUA ZEN ELURRA

Horietako agiri bat 1672. urtean Lantziegon egin zuten kontratu bat da. Bertan, elurzuloa egiteko beharrezkoak ziren neurri eta bestelako baldintza guztiak xehetasun handiz jasota daude. Guardian ere idatzita geratu da elurzulo bat eraikitzeko dokumentazioa: herri horren kasuan, 1648an udalak hartu zuen halako azpiegitura bat eraikitzeko erabakia, besteak beste, "herri honetako medikuak" hala gomendatuta, "herritarren osasuna kontserbatzeko". Lurpean eraiki zuten bost metroko diametroa zuen egitura, goiko aldeak harrizko kupula bat zuela.

Geruzetan

Askotariko egiturak zeuden arren, funtsean, oinarrizko abiapuntua zen elurra isolatu ahal izatea, tenperatura egokian mantendu zedin. Horretarako, belarrarekin, lurrarekin eta bestelako materialekin hainbat geruza tartekatzen ziren, lasagna baten moduan.

Toloñoko elurtegiaren inguruan udalerrien elkarte bat sortu zen. Argazkia: SALVADOR VELILLA

Jabetzari dagokionez, ohikoena zen elurzuloa udalerri batena izatea, elurra herriarentzat ziurtatu beharreko baliabidea zelako. Zenbaitetan, hainbat udalerriren artean sortutako dibisa edo elkarte batena zen. Hori gertatu zen, adibidez, Toloñoko Aingeruen Andre Mariaren inguruan sortutako elkartearekin. Kasu horietan, udalerri bakoitzak hainbat lagun bidali behar zituen elurraren kudeaketan laguntzeko. "Urte batean, herri bat dibisatik kanporatu zuten, jendea ez bidaltzeagatik", gogoratu du. Beste zenbait kasutan, erlijio kofradiek edo ospitaleek ere izan ahal zituzten elurzuloak jabetzan.

Horietako asko desagertu diren arren, Arabako Errioxan hainbat kontserbatzen dira: Elvillarren, Toloñon (Bastida), Labrazan, Moredan, Oionen eta Ekoran. Azken herri honen kasuan, gainera, oso ondo mantentzen omen da, baina orain jabetza pribatukoa da, aukeran izan arren, udalak ez baitzuen erosi.

Labrazaren kasuan, Velillak gertutik jarraitu ahal izan du herriko bi elurzuloetako baten eboluzioa. Izan ere, duela bi hamarkada baino gehiago ingurua bisitatu zuenean, hondarretan zegoen etxe baten barruan ikusi ahal izan zuen elurzuloaren aztarna. Hainbat urte pasata bueltatu zenean, berriz, horren gainean etxe berri bat eraiki zutela egiaztatu ahal izan zuen, eta bertako jabeek elurzulo berritua ikusteko aukera eman zioten.

Paleoklimaren adierazle

Beste agirietan jasota geratu denez, Guardian elurra eskura ez zeukaten urteetan kanpoko herrietan erosi behar zuten. Zentzu honetan, Velillak nabarmendu du paleoklima ikertzeko oso informazio interesgarria jasota dagoela egitura horien inguruan idatzitako agirietan. Kasurako, horri esker jakin badakigu 1680an elur asko egin zuela, Guardiako elurzuloa bi aldiz bete zelako. Eta 1759an ez zegoela elurra lortzerik, eta Guardiako herritarrek prokuradoreari hori egotzi zioten. Beste adibide bat aipatzearren, 1811n Lapuebla de Labarcako herritarrek Toloñora jo behar izan zuten elur bila, abuztu erdian, San Bartolomeren omenezko jaietan edariak hozteko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago