Arabako Mahastiak sor-markaren kontrako EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiak balorazio andana eragin du gaurko egunean zehar. Arabako Mahastiak markaren sustatzaile ABRA elkarteak euskal auzitegiaren erabakia deitoratu du. "EAEko Autizegi Nagusiaren jokaera sinestezina da, arau prozesalen kontrakoa da; eta Arabako Mahastiak sustatu duen ABRA elkartea erabat babesgabe uzten du", azaldu du elkarteak ohar batean.
Arabako mahastizainen eta upategien elkartearen arabera, auzitegiak "baieztapen oker" batean oinarritu du ebazpen formala, Errioxa Jatorri Izendapena eta lurraldea nahastu dituelako. Hartara, Arabako markak Errioxa izendapenaren produkzioa eta zabalkundea mugatuko lukeela jaso du. "Ohikoa da Europako eta Espainiako beste izendapen batzuek lurralde berdina hartzea. Errioxa izendapenak berak ere urteak daramatza lurraldea partekatzen Cava Jatorri Izendapenarekin", gogoratu du ABRAk.
Horretaz gainera, elkarteak dioenez, "kontuan hartu ezin diren" bi txostenetan oinarritu du EAEko auzitegiak bere asmoen kontrako epaia. Horietako bat Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren arduradunek idatzitako txostena da. ABRAk dio auzitegiak berak aitortu zuela ministerioak eskudunik ez zuela auzian, eta horrenbestez bere txostena "erabat deuseza" dela azpimarratu du. Bigarren txostena, Errioxa Jatorri Izendapenarena da; eta elkarteak adierazi duenez, auzitegiak bere kabuz sartu du, "prozesuaren jardunbideetan jaso gabe". "Legez kontrako jardunbidea da hori", nabarmendu du ABRAk, oinarri prozesalak "urratzen" dituelako. Gainera, txosten hori auzia itxi eta zazpi hilabetera sinatutakoa dela esan du elkarteak.
Arabako upategien elkarteak oraingoz ez du argitu Auzitegi Gorenean erabaki horren aurkako errekurtsorik egongo den.
Eusko Jaurlaritzarentzat, "diskriminatzailea"
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak "diskriminatzailetzat" jo du epaia, eta argudiatu du Europan "izen desberdinak" daudela "eremu geografiko beraren barruan". Barredok defendatu du proposamenak baldintza administratibo guztiak betetzen dituela, eta gogorarazi du Errioxa JDKren barruan bereizketa handiagoa nahi duten ardogileen kolektiboaren "asegabetasunetik" jaio zela proposamena. Hori dela eta, esan du Kontseilu Arauemaileak oraindik ere erronka bera duela mahai gainean.
Barredok, bere aldetik, adierazi du zerbitzu juridikoak aztertzen ari direla epai horren aurka kasazio-errekurtsoa aurkezteko aukera; eta esan du erabaki hori Arabako Mahastiak-ek errekurtsoarekin aurrera jarraitzeko duen asmoaren araberakoa izango dela.
Kalteak
Bestalde, Errioxako Kontseilu Arautzaileko zuzendari nagusiak ziurtatu du "ez dagoela ezer ospatzeko" EAEko auzitegiaren epaiaren ondoren, eta deitoratu du ABRAk eta Eusko Jaurlaritzak berak eutsi egin diotela hasiera-hasieratik, bere ustez, Europako araudian sartzen ez zen ekimen bati bizirik eusteari. Gainera, Errioxako Jatorri Deiturari egin zaion "izen onaren kaltea" azpimarratu du.