EAEko auzitegiak atea itxi dio Arabako Mahastiak sor-markari

Erredakzioa 2024ko aza. 7a, 17:57

Samaniegoko mahastiak. Argazkia: PHOT.OK

Errioxako jatorri izendapenarekin bat egin du auzitegiak, eta Araban sor-marka propioa sortzeko Eusko Jaurlaritzak 2022an emandako baimena behin betiko ukatu dute.

Iaz, EAEko Auzitegi Nagusiak behin-behinean eten egin zuen ardoa saltzeko Arabako Mahastiak izena erabiltzeko aldi baterako baimena, Errioxako Kontseilu Arautzaileak egindako eskaerari erantzunez. Gaur, erabaki hori berretsi du auzitegiak, eta Arabako sor-marka berria trabatu nahi duten aldeko ebazpena eman dute epaileek.

BERRIA egunkariak eskuratu du epaia, eta zera dio: ez direla betetzen sor-marka berria sortzeko legeak ezartzen dituen baldintzak, hiru arrazoirengatik batez ere. Bat: ez dagoelako egiaztatuta Arabako Mahastiak izenaren "erabilera eta sona" merkaturatu nahi den produktuarekin. Bi: ez dagoelako justifikatuta sor-marka berriko ardoek Arabako Errioxako gainerakoen jatorri desberdina dutelakoa. Eta hiru: ardoaren nortasunari buruzko aipamenak kontsumitzailea nahastea ekarriko lukeelako, Arabako Errioxa marka gisa erregistratu zuelako Errioxako Kontseilu Arautzaileak 2000. urtean.

Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Eusko Legebiltzarrean eman du erabakiaren berri, baina horren inguruko xehetasunik eman gabe. Saileko zerbitzu juridikoak ebazpena aztertzen ari direla adierazi du, EH Bilduk egindako galderari erantzunez; eta esan du epaia aztertu ondoren erabakiko dutela zer egin: helegitea jarri edo sor-markaren ekimena behin betiko ezetsi. ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak ez du aurreratu oraindik zer urrats egingo duen erabakiaren aurrean.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago