emilio aguillo

"Arabako Mahastiak blokeatuta dago, baina bide gehiago daude"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko ira. 7a, 06:00
Emilio Aguillo da Arabako Mahastiak izendapeneko lehendakaria. Argazkiak: PHOT.OK

Errioxan geratzeko aukera guztiz baztertu dute Arabako Mahastiak sor-markarekin bat egiten duten upategiek. Gainera, Emilio Aguillo izendapenaren behin-behineko lehendakariak azpimarratu du bide judizialetik ere ezingo dutela proposamena gelditu. "Gure etorkizuna gurea da", esan du. 

Ez dago atzera bueltarik. Arabako Errioxako ardogileek hasitako bideak aurrera egingo du kosta ahala kosta. "Helburua Errioxa izendapenetik ateratzea da". Argi eta garbi mintzatu da Emilio Aguillo (Guardia, 1961) Arabako Mahastiak sor-markako behin-behineko lehendakaria, eta Errioxatik ateratzeko dituzten aukera guztiak baliatuko dituztela esan du, "sor-marka berria bertan behera uzten badute ere". "Errioxa hondoratzen ari den Titanic bat da", azpimarratu du, "eta guk irteera ordenatua proposatu dugu, bizirauteko".

Zer aldatuko da Arabako Errioxan, eta oro har Araban, Arabako Mahastiak izendapenak aurrera egiten badu?

Jende ugari esaten ari da aspaldi bereizi behar dugula. Horretan, eskualdean adostasuna dagoela ematen du, baina ez ordea prozesua nola egin behar den erabakitzeko. Guk proposamen argi bat egin dugu: erabateko desberdintzea. Izenean ere ez dugu bat egin nahi Errioxarekin, garena izan nahi dugulako, ez beste ezer: arabarrak, eta ez errioxarrak. Ikusten dugu nahasketa dagoela: jendeak, baita ETBk ere, Errioxa eta Arabako Errioxa eskualdea nahasten ditu: Errioxa erkidego autonomo bat da, eta Errioxako erkidego autonomoaren parte bat Errioxa jatorri-deituraren barruan dago; eta Arabako Errioxa inoiz ez da Errioxa izan. Egiaz, eskualde honek Guardiako Kuadrilla du izena, eta abizena edo ezizena Arabako Errioxa izan daiteke. Niri berdin zait errioxarra edo arabarra izatea, baina zergak Euskadin ordaintzen ditut. Ezin da etorri Arabako ahaldun nagusia, eta esan Errioxan dagoela, jakinda, gainera, Arabako Errioxa izena Errioxako sor-markaren kontseiluak erregistratuta duela, alegia, aberatsen klub pribatu batek.

"Garena izan nahi dugu, ez beste ezer: arabarrak, eta ez errioxarrak"

Zer da Errioxa sor-marka?

Errioxa hondoratzen ari den Titanic bat da, aspaldi esan dugu. Handiei eredu horrek funtzionatuko die, baina eskualde honetako txikiei ez.

Zuen proposamena da salba dadila ahal duena?

Ez. Gurea irteera ordenatua da. Errioxa oso melodia polita jotzen ari da, baina iragankorra. Lehen esan dizudan bezala, proposamen bat egin duen bakarra Arabako Mahastiak da, eta horretan ari gara lanean; beste batzuek, ordea, aitortzen dute aldaketak egin behar direla eta urte asko daramatzate esaten Errioxatik desberdindu behar garela, baina ez dute ezer egin.

Arabako Diputazioari buruz ari zara?

Eragile askoren inguruan hitz egiten ari naiz. Ahaldun nagusiak esan du eskualdeko gehiengoak desberdintzea nahi duela, baina ez dakigu non dagoen ahaldun nagusiaren proposamena. Dakidan bakarra da zerbait egin duen bakarra Arabako Mahastiak dela".

Zer bilatzen du Arabako Mahastiak izendapenak?

Alternatiba bat eskaini nahi dugu. Errioxan geratu nahi dena geratu dadila, ez dugu inor Errioxako jatorri-deituratik ateratzera behartuko. Baina guretzat komenigarriagoa da aterki horretatik kanpo egotea, ulertzen dugulako barruan euri gehiago egiten duela kanpoan baino.

Zer desberdintasun nagusi daude Errioxa eta Arabako Mahastiak jatorri-deituren artean?

Mahasti bakoitza desberdina da eta eskualde bakoitza desberdina da, eta ezin dugu dena berdin tratatu. Desberdintasun asko daude, eta ezin dira elkarrizketa batean laburbildu, baina jendeak ulertzeko, deigarrienak aipatuko dizkizut; adibidez, guk ez ditugu ardoak sailkatzen Errioxak egiten duen moduan: urtekoa, ondua, erreserba, erreserba handikoa… Ez dugu sailkapen hori ulertzen, ez dugu uste ardo bat hobeagoa denik barrikan hainbat urte egon delako; izan ere, sailkapen horrek, munduan, bakarrik Errioxan funtzionatzen du, oso artifiziala da. Errioxaren sor-markaren arabera, ardo ondu bat izateko 360 egun igaro behar dira barrikan. Zergatik ez 359? Erreserba izateko, berriz, 1080 egun, 1079 baldin baditu jada ez da erreserba. Guk uste dugu ardoaren munduak ez duela horrela funtzionatzen, ardo bat ez da hobeagoa egun bat gutxiago edo gehiago barrikan egoteagatik. Eta gainera, inportanteena, barrikaren adina, hori ahazten dute. Desberdintasun bat da, baina askoz gehiago daude: Arabako Errioxa oso ondo mugatuta dago, Ebro ibaiaren eta Kantauriko mendatearen artean, eta hori oso inportantea da jatorri-izendapena sortzeko. Hemen mahats gehiago landatzeko tokirik ez dago, eta Errioxa, ordea, duenaren bikoitza baino gehiago haz daiteke.

"Guk argi dugu zergatik hartu dugun erabakia: gure ekonomia salbatzeko"

Arabako Mahastiak jatorri-deitura sortzeko eskaera egin dizuete bezeroek?

Bai, jakina, bide berri bat hastera animatu gaituzte bezeroek, Errioxak noizbait izan zuen ospea galdu duelako eta bezeroei interesatzen zaielako bide berri bat urratzea, Errioxatik kanpo. Zergatik? Errioxak denbora asko darama merkatuko ardorik merkeena izaten, eta ardo merkeak ez du osperik ematen. Arabako Mahastiak sor-markaren alternatibak aspaldiko egoerari erantzuten dio, ez da Ukrainako gerraren ondorioz sortzen den egoera bat, balioa galtzeko joera aspaldikoa da, eta gure upategiak ez dira errentagarriak Errioxako prezioetan. Bide hau hasten dugu gure ustiapenak salbatzeko.

Sarritan azpimarratu duzue erabaki ekonomikoa dela.

Bai. Ez da politikoa. Hau erabaki politikoa dela esaten dute beste argudiorik ez dutenek, Espainia apurtu nahi dugula, Errioxa apurtu nahi dugula, mundua apurtu nahi dugula… Hori da duten argudio bakarra.

Oinarri politikoa al du Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko prozesuaren judizializazioak?

Haiek ez dute esaten zerk bultzatzen duen gure kontra aritzera; guk, ordea, argi eta garbi azaldu dugu zergatik hartu dugun erabakia: gure ekonomia salbatzeko.

Zer dago Errioxa jatorri-deituraren erabakiaren atzean? Nola interpretatu daiteke?

Niretzat aukera guztien artean posibleena da, herrialdean, ardogintzaren industriaren monopolioa mantendu nahi izatea. Enpresa gutxi batzuen eskuetan dago, eta horrela izaten jarraitzea nahi dute, inor ez mugitzea, eta dirua galtzen duenak uztea jarduera.

"Errioxa hondoratzen ari den Titanic bat da"

Geldituta dago Arabako Mahastiak Jatorrizko Deitura sortzeko prozesua. Berririk izan al duzue?

Indar handia dauka Errioxako lobbyak. Europako Batzordeak eman behar du jatorri izendapen berri bat sortzeko baimena, ez epaile batek, baina Espainiako Gobernuaren gutun bat dago espedientea bertan behera uzteko eskatzen, eta tramitazioa geldituta dago, Europako estatu kidea Espainia delako. Beste alde batetik, hamabost hilabete eta gero, zain gaude Errioxa jatorrizko deiturak espedientea tramitatzeagatik Eusko Jaurlaritzaren kontra jarri zuen helegitearen epaia ezagutzeko. Hemen kaltetu nagusiak gu gara, eta haiek bere helburua lortu dute: tramitazioa gelditzea. Bitxia da nola lortzen duten prozesua judizializatzea, finean Europako batzorde tekniko bati dagokionean erabakia hartzea, eta ez epaile bati. Zergatik gelditu du EAEko Auzitegi Nagusiak tramitazioa? Epailea ezin da Europako batzorde teknikoaren esparruan sartu, eta hori egin du. Zer egiten du epaileak jatorrizko deitura batek izan behar dituen ezaugarriei buruz erabakitzen? Ez dagokio berari, Europako batzordeari dagokio. Zergatik ez diote uzten Europari erabakitzen? Baimena emango ligukeelako.

Arabako Diputazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izaten ari zarete?

Tira, diputazioak aspaldi esan du ez duela proposamena babestuko, haiek Errioxan jarraitzea defendatzen dutelako. Guk ez diegu laguntzarik eskatu, nahi duguna da ez dezatela trabarik egin, ez daitezela erdian jarri. Eskualde osoa ados dago zerbait egin behar dela esatean, baina inork ez du ezer egiten; zerbait egin duen bakarra Arabako Mahastiak da, eta egiteagatik gelditu gaituzte; eta gainera, erabili dute justizia horretarako, Europako batzorde teknikoaren erabakia denean.

Bide judizialetik ito zaitzakete?

Ez. Gure etorkizuna gurea da, eta badira bide gehiago. Arabako Mahastiak jatorrizko izendapena autobidea da, blokeatua dago, baina horrek ez du esan nahi biderik ez dagoenik, beste aukera batzuk ditugu, bihurgune gehiagorekin, bihurriagoak. Europako Batzordeak bestelako bideak aurreikusten ditu, ardogileen elkarteak daude eta bestelako figura batzuk. Oso argi dugu Errioxatik ateratzeko erabakia, eta Arabako Mahastiak sor-marka sortzeko aukera ixten baldin badute, beste aukera batzuk baloratuko ditugu.

Zenbat denbora itxarongo duzue?

Ez dakit. Ez gara betierekoak. Guretzat une honetan inportanteena da mahatsa biltzea, eta mahats-bilketaren ostean eseriko gara eta erabakiko dugu zer egin epaitegien aldetik erabakirik ez badago. Zirriborratuak ditugu alternatibak. Oso argi dugu Errioxan etorkizunik ez dugula, eta zenbat eta denbora gehiago eman Errioxan, orduan eta denbora eta diru gutxiago. Helburua Errioxatik ateratzea da, eta horretarako aukera asko aurreikusten ditugu.

"Limosna bat ematea berde biltzeko? destilatzeko? Hori adabakia da, ez soluzio bat"

Gehiegizko ekoizpenari aurre egiteko, bilketa mugatu egin du Errioxa sor-markak. Eusko Jaurlaritzak ardoak destilatzeko ezohiko laguntzak iragarri ditu. Nolako mahats-bilketa aurreikusten duzue?

Galdera da: Baina hau ez zihoan hain ondo? Errioxa jatorrizko deitura ez zen izan behar gure arazo guztiak arinduko zituen aterki bat? Ba ez, ezin dugu esan besteek inbidia dioten sor-marka bat garenik; ospe handiko marka garenik esa, eta aldi berean, mahatsa berde bildu, edo destilatu. Merkaturatzen dena baino gehiago produzitzen da, hor dago koska, eta hori ez da gertatu egun batetik bestera, ez da Ukrainako gerraren ondorioa; lehertu den puxika bat da. Salmentak jaisten ari zela ikusten ari ziren, eta mahats gehiago landatzen ari ziren; zenbat eta ardo gehiago jarri merkatuan, orduan eta merkeagoa da, eskaintzaren eta eskariaren legea da.

Aipatu neurriek egoera arintzeko balio dezakete?

Adabakiak jartzen ari dira. Arazoak konpontzeko soluzioak behar dira, ez limosnak. Limosna bat ematea berde biltzeko, limosna bat ematea destilatzeko... Hori ez da soluzio bat.  

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide