Arabako okinek badute zer ospatu. Eltziegoko Barrihuelo okindegiko Georgina Reinaresek irabazi du The Baker 2024, Bartzelonako Okinen Gremioko Baking School Sabadell eskolak Espainiako estatuko okin onena aukeratzeko antolatzen duen sariaren bigarren edizioa. Reinares lehiaketa honetan finalista izan den lehen emakumea da; eta sari nagusiaz gainera, aipamen bereziak jaso ditu bi kategoriatan: hostodun opil onena eta ore amako ogi onena. "Kalitatearekiko arreta zorrotza eta tradizioarekiko errespetua" azpimarratu dute epaimahaikideek.
Aurten, azaroaren 3an hasi zen The Baker, Baking Schooleko instalazioetan. Aurreikusita zegoen bost finalista lehiatuko zirela, baina azkenean lau izan ziren –Marti Alemany, Diego Marin, Georgina Reinares eta Fran Zaragoza–, Antonio Garciak ezin izan baitzuen parte hartu ondoezik zegoelako. Hautagaiek beren maisutasuna erakutsi behar izan zuten ogi nutrizionalak, opil hostodunak, ama oreko ogiak, snack gaziak eta briocheak egiten. Epaimahaia okindegiko aditu ezagunek osatu zuten, besteak beste, Xavier Barriga, Sylvain Herviaux, Enric Badia, Matt Valette, David Hernandez eta aurreko edizioko irabazleak, Daniel Ramosek, Yohan Ferrant eta Mari Cruz Baron izan ziren epaimahaiburu.
Emaitza azaroaren 6an jakinarazi zen Bartzelonako Gastronomic Forumean, eta bertan finala eta aintzatespenen banaketa egin ziren. Forn de La Ramblako Marti Alemanyk nutrizio-ogi onenaren saria lortu zuen, eta Fran Zaragozak, berriz, snack gazi multzo onenarena.
Argazkiak: Gastronomic Forum Barcelona.