Mahasti artean ezkutatzen diren babeslekuak

Juanma Gallego 2024ko urr. 6a, 06:00

Dagoeneko erabiltzen ez diren ur biltegi txikietan anfibioentzako babeslekuak bermatzen ari dira Aranzadiko adituak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Anfibioen eta beste hainbat animaliaren onurarako, ur biltegi zaharrak egokitzen ari dira Aranzadi zientzia elkarteko ikertzaileak. Gune horietan esku hartze txikia eginez, anfibioak ugaldu daitezela eta ugaztunak edo hegaztiak harrapatuta geratu ez daitezela lortzen ari dira, mahastien jabeei kalte egin gabe.

Putzuan sarea sartu aurretik, eskularruak jantzi ditu Gabriel Garcia de Marcos ingurumen zientzialariak. "Ez dut egiten ni babesteko, eurak babesteko baizik", azaldu du. Zapaburuei buruz ari da. "Anfibioentzat oso arriskutsuak izan daitezkeen gaitzak kutsatu ahalko nizkieke bestela, gizakiok hainbat birus eta onddoen transmisio bektore izan gaitezkeelako".

Lehen begirada batean bederen, zientzialariaren aurrean dagoen egitura ez da oso ikusgarria. Berez, hormigoiez egindako egitura karratu bat da, goiko aldean zulo bat duena. "Putzu deitzen diegu, baina, benetan, metro kubo inguruko ur biltegiak dira", argitu du zientzialariak. Baina, ohi bezala, dena da tamaina eta ikuspegi kontua. Izan ere, askotan, oharkabean paisaian galduta dauden halako egiturak anfibioentzako oasi txikia bilakatu dira. Eta Aranzadiko zientzia elkarteko kideek bizimodua erraztu nahi diete animalia txiki hauei.

Kontserbazio proiektuak Mahastigel izena du, eta dagoeneko ibilbide luzea du eskualdean. Izan ere, Garcia de Marcosen gradu amaierako lanetik abiatu zen, bere herria den Navaridasen, baina, ondoren, Aranzadirekin elkarlanean, Arabako Errioxa osora eraman dute pixkanaka.

Navaridasen, udalaren laguntzarekin, urmael artifizialak sortu zituzten. Honezkero, eskualdean 35 hezegune baino gehiago egin dituzte, lur publikoetan. Besteak beste, Bastidan, Guardian, Samaniegon edo Lezan sortu dituzte, eta aurten Lantziegon egiteko asmoa dute. Baina ia-ia mahastien monolaborantza den eskualde baten kasuan, laster konturatu ziren bestelako neurriak behar zituztela, mahastiez betetako lur pribatuetan oasi txiki hauek egokituz.

"Putzuak aztertzean, konturatu ginen hainbatetan zapaburuak zeudela. Guztiak, txantxiku arruntak (Alytes obstetricans) ziren. Penintsula osoan zabalduta dagoen arren, mehatxatuta dagoen espeziea da, onddo baten erasoa jasotzen ari delako. Batez hezegune txiki eta egonkorren inguruan biltzen da, baina, jakina, Arabako Errioxan ez dago halako asko".

Txikitik abiatuta

Hala, gauza handiak gauza txikietatik abiatu daitezkeela jakitun, proiektuaren planteamendua berez oso sinplea da: mahastietan sakabanatuta eta utzita dauden ur biltegiak egokitzea, animalientzako tranpa bihurtu ez daitezen, eta, aldi berean, anfibioentzat eta beste hainbat animaliarentzat erabilgarri izan daitezen. Kasu askotan, egokitzeak animaliak atera eta sartu ahal izateko aldapa bat jartzea baino ez da. "Esku hartze hau, merkea da, batere ez inbaditzailea, eta elementu nagusia —putzuak— dagoeneko eraikita daude", azaldu du ingurumen zientzialariak, aurrean duen putzutik zapaburu sorta bat ateratzen duen bitartean. Eskualdean zortzi anfibio espezie daudenez, adituak berehala igartzen du zer espeziekoa diren zapaburuak. Lehen putzu honetan txantxiku arrunta da nagusi, eta bide ertzetik hartutako lasto txiki batekin presio ñimiño bat erabiltzea besterik ez du behar Garcia de Marcosek animaliaren espirakulua non dagoen jakiteko, espeziea bereizteko modua baita hori. Gertu dagoen beste putzu batean, berriz, apo lasterkariaren (Epidalea calamita) kumeak identifikatu ditu. "Tira, orain espezie hau baino ez dago putzu honetan, baina hemendik bost bat urtera edo, seguruenera, txantxikuak ere egongo dira, edo agian uhandre palmatua [Lissotriton helveticus] ere. Izan ere, anfibioak azkar egokitzen dira baldintza berrietara". Gizakiaren eragina

Ur biltegi askotan ari dira lantzen proiektua, eta zenbaitetan azalpen panelak paratu dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Ez da kasualitatea halako inguru batean anfibioek laguntza behar izatea. Izan ere, EAE mailan "eremu eraldatuenetako bat" da Arabako Errioxa, Aranzadiko biologo Jon Garinek azpimarratu duenez. "Gizakiak aspalditik mahastiak landatzera bideratu ditu lur gehienak, eta hemen biodibertsitatea asko kaltetu da historian zehar". Horregatik, interesgarria iruditu zaie bertako mahastietan dauden ur putzuak bideratzea bizidun urtarrei lagundu ahal izateko. Garinek gogora ekarri du botanikaren ikuspegitik egiten den ikerketa lerro bat dela eskualde jakin bateko landaredi potentziala aztertzea; hots, jakitea zer landare espezie egongo ziren gizakia egongo ez balitz. "Horren arabera, eskualdean baso baxuak egon beharko lirateke; artadi edo antzerako zuhaitzenak. Baina oso lur egokiak izan direnez mahastizaintzarako, animaliak eta landareak egokitu behar izan dira, hezeguneen menpekoak diren animalientzako kalte handia sortuz".

Putzu edo ur biltegi hauek erabiltzeari zergatik utzi zitzaion azaldu du biologoak. "Sortu zirenean, helburua zen mahastian bertan nekazariek ura eskuragarri izatea. Garai batean fitosanitarioen tratamendua eskuz egiten zen, motxila bidez, eta ur biltegi hauek premiazkoak ziren mahastitik gertu ura hartzeko". Gaur egun, ordea, ia inork ez ditu erabiltzen, normalean traktore baten laguntzarekin egiten baitira mahastien tratamendu horiek.

ARABAKO ERRIOXAKO LUR GEHIENAK PRIBATUAK DIRENEZ, NEKAZARIEKIN LANEAN ARI DIRA PROIEKTUAN

Gero eta zailagoa den merkatu batean produktuak bereiztea ezinbestekoa den une honetan, ezinbestean burura datorren galdera da: upeltegietako jabeek beren lurretan bioaniztasunaren alde egiten diren imintzio txiki hauek beren marketinean erabili ahalko lituzkete? "Oraindik ez dugu hori beraiekin hitz egin, baina, bai, uste dut hori balio erantsi bat izan zitekeela", erantzun du Garinek. Kasurako, etiketan anfibioen kontserbaziorako proiektu baten alde daudela zehaztu ahalko zela dio Garinek. Bide beretik, ingurumen zientzialari gisa, jardun pribatuaren eta ingurumenaren arteko "harreman positibo bat" lantzea bere ogibidearen helburuetako bat dela gogora ekarri du Garcia de Marcosek. "Etorkizunean, sektore pribatuarekiko elkarlan hau indartu nahi dugu, upategiekin gauzak egiten. Askotan esaten da hori greenwhasinga izan daitekeela, baina, gauzek onera egiten badute, niri hori berdin zait", babestu du. Are, zientzialariak esan du askotan horrelako ingurumen proiektuetan laguntzen duten enpresek gero ez dutela jardun hori aldarrikatzen beren marketin kanpainetan. Hortaz, zaila da pentsatzea laguntzeko prestutasun horretan atzean ezkutuko arrazoiak egon daitezkeela.

Garcia de Marcosek uste du mahastizaintza horren zabalduta dagoen eskualde batean ezinbestean "proiektu errealistak" martxan jarri behar direla. "Jende askoren ogibidea jardun honetara bideratuta dago. Mahastiak mahasti dira; kito. Hortaz, zentratu gaitezen mahasti ez diren tokietan: baso txikiak, ibaietako ertzak, sakanak edota hezegune txikiak, horiek dira gure arreta guneak". Pixkanaka, gainera, ingurua hobetzeko ideia osagarriak lantzen ari dira. Hala, zenbait putzutan bereziki udan uraren lurrunketa saihesteko material natural batekin partez estaltzeko asmoa dute, eta inguruan zuhaitzen bat landatzekoa ere. "Adibidez, espezie batzuek landaredian txertatzen dituzte arrautzak; horregatik, bertoko zume zuriak edo ihiak sartu nahi ditugu putzuen alboan".

Oreka kontua

Arabako Errioxan ez ezik, Euskal Herriko beste leku askotan antzeko proiektuekin lanean ari direla azaldu du Garinek. Kasurako, Gipuzkoan azken bi urteetan egin duten proiektu bat Euskal Herri osora zabaldu nahi dute orain: Mikroklima izenekoarekin, besteak beste, hezegune txikietan bizi diren bizidun "ez maitatuen" gaia lantzen ari dira. Besteak beste, anfibioak, burruntzi eta sorgin orratzak edota eltxoak. "Azken hauei dagokienez, azken urteetan beti hezeguneekin lotu izan dira, eta iritzi korronte nahiko txarra zabaldu da horien bueltan, jendeak uste duelako hezeguneak sortuz gero eltxo gehiago izango ditugula".

ANFIBIOEK HEZEGUNE TXIKIAK BEHAR DITUZTE, BAINA HORIEK NORMALEAN EZ DAUDE BABESTUTA

Bada, hori horrela ote den ala ez ezagutzeko, Gipuzkoako 25 putzutan laginketak egin dituzte, eta nahiko nabaria geratu da eltxoen proportzioa orokorrean nahiko baxua dela. "Hots, naturalizatutako putzuetan, eltxoei aurre egiteko etsai naturalak daudenean, normalean eltxo gutxi topatzen ditugu". Arazoak gehienbat eremu hiritartuetan gertatzen direla azaldu du Garinek. "Gure helburu nagusia da hezegune hauetako batzuk jotzea mikrobabesgune figura bezala, gehienetan ohiko babesguneetatik kanpo geratzen direlako", aurreratu du Garinek.

Ohi bezala, naturan dena da oreka kontua, eta argi dago Garcia de Marcosen eskuetan dauden zapaburu horiek apo bihurtuko direla aurki, dena ondo bidean. Horiek izango dira, besteak beste, eltxoak arrastoan sartzeko gakoetako bat. Baina, momentuz, hazi egin behar dute, mahasti artean zabaldutako oasi txikietan. Denbora eta zorte pixka bat besterik ez dute beharko horretarako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago