Birikarik eduki ez arren, arnasten duten bizidunak dira landareak; modu berean, begirik ez dute, baina argiaren espektroa detektatzeko gai dira. "Are, landare espezie batzuk gizakiak baino espektro zabalagoa atzemateko gai dira. Urdin motaren arabera, gai dira jakiteko egunaren edo urtearen zein momentutan dauden", azaldu du Amador Prieto botanikariak.
Lapuebla de Labarcan eman ditu adituak gaiari buruzko azalpenak joan den astean, Ekintza biodibertsitatearen alde zikloaren baitan. Arabako Errioxako florarena ez ezik, Euskal Herriko floraren egoera zertan den argitu du botanikariak.
Alor horretako adituen artean dagoen aspaldiko kezka izan da mahai gainera ekarri duen lehen kontua. "Agerikoa den zerbait", hain justu, baina "beti behar bezala aintzat hartu izan ez dena": landareak bizidunak dira, eta, animaliek bezala, beste bizidunekin eta beren inguruarekin elkarrekintza izaten dute, jende askorentzat paisaiaren parte "ikusezin" izan ohi diren arren. Egoera pixkanaka aldatzen ari da, ordea, Stefano Mancuso bezalako zientzialarien lanari esker, landareen munduan dauden harremanak azalerazten ari direlako.
Zentzu honetan, begirada arras garrantzitsua da, Prietok gogora ekarri duenez, orain arte landareen eta animalien arteko harremanak beti begiratu izan direlako animalien ikuspuntutik. "Adibidez, animalien eta landareen arteko harremanetan, polinizazioarena beti izan da klasiko bat; baina gero eta argiago dago landareak direla harreman hori gobernatzen dutenak, eta ez intsektuak. Jakin badakite zein intsektu erakarri eta nola". Prietok dioenez, orain jakin badakigu hainbat landareren hostoen kokapenak faboratzen duela aire bidez etorritako polinizazioa, aire lasterrak sortuz.
Mundu mailako banaketari dagokionez, landareen kokapen geografikoa ez da ausazkoa; kontrara, hainbat faktorek gidatuko dute banaketa hori. Horien artean, nagusiena da tokian tokiko historia ebolutiboa. "Hainbat familia eratu ziren kontinente guztiak elkartuta zeudenean, eta, horregatik, munduan zehar zabalpen handia dute". Beste familia batzuk, berriz, kontinenteak bereizita zeudenean eratu ziren, eta hala daude gaur egun ere.
EAE MAILAN, LANDARE BIODIBERTSITATE HANDIENA DAGO ARABAKO ERRIOXAN
Glaziazioetan, aterpe
Duela 70 milioi urte inguru Europan klima pseudotropikala zegoenean —gaur egun Kanariar uharteetan, Madeiran edo Azoreetan dagoen klimaren parekoa—, landare sorta zabala zegoen, baina duela bospasei milioi urte zabaldu zen klima mediterraneoak erronka berria ekarri zien landareei: beroa mantendu zen, baina hezetasun gutxiagorekin, eta egoera horretara egokitu behar izan ziren. Baina azken milurtekoetako erronka handiena, zalantzarik gabe, glaziazioen garaia izan zen, iparretik hegoalderako bidea egin behar izan zutelako landareek bizirik mantentzeko. Alabaina, ihesaldi geldo horretan, Europaren berezko orografiak zeresana izan zuen: Ameriketan edo Asian mendilerro gehienak gutxi gorabehera ipar-hegoko orientazioa duten arren, Europan mendilerro askok mendebalde-ekialde orientazioa dute, horrek bihurtu zituen muga zeharkaezin espezie askorentzat. "Mediterraneoko penintsuletan espezie askok aterpea lortu zuten glaziazioetan, baina, hara iritsi ez zirenak, iraungi ziren", azaldu du Prietok, gaur egungo egoera azaltzeko.
Orainaldian ere, mendilerroek ezinbesteko rola jokatzen dute espezie bakoitzaren habitatak baldintzatzerakoan; "Arabako Errioxaren kasuan, Kantabria mendilerroa gakoa da", nabarmendu du Prietok. "Baso asko ditu, baina ez daude ondo kontserbatuta, hau esaten dudanean zenbait administrazio beldurtzen diren arren. Euskal Herrian daudenekiko, ondo daude, baina Euskal Herrian basoen egoera oso kaxkarra da. Izan ere, Europako Batasuneko eremu narriatuenetakoa gara; oso eremu natural gutxi ditugu, eta naturaltzat hartzen diren askok gizakien presioa nozitzen dute".
Gaurkotu gabe
Klima eta zorua aintzat hartuta, giza jardunik egon ezean, Arabako Errioxa gehiena arteez beteta egongo litzatekeela dio adituak. "Baina aspalditik gizakiak inguruarekin elkarrekintza izan du, eta azken lauzpabost mendeetan, giza jarduera ikaragarria izan da". Gauzak hala izanik ere, landare espezie kopuruari dagokionez, EAEko landare biodibertsitate handiena dago berton. Ebro ibaiaren ibarrean izanagatik ere, zoru idor eta gatzdunetara ohitutako "espezie interesgarri asko" daude eskualdean. "Bestalde, izozte puntua ezinbesteko faktorea da ere espezie askorentzat". Ikerketarekin jarraitzeko beharra azpimarratu du adituak: EAE mailako azken katalogoa 1984. urtekoa da, eta gaurkotu gabe dago. "Gaur egun zenbat landare aipatuta dauden ez dakigu, aipuak leku desberdinetan argitaratzen direlako, nahasita".