EDUARDO MORENO

"Sormena izanez gero, kontserbatorioa ez da zure tokia izango"

Juanma Gallego 2024ko ira. 28a, 06:00

Eduardo Moreno Musikaria. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Musikak pertsona hobea ez zaituela egiten sinetsita dago Eduardo Moreno musikaria, baina gero eta "indibidualistagoa" den gizarte batean musika bandek komunitatea ehuntzeko duten garrantzia ere azpimarratu du. Musika klasikoaren mundua kanpotik igartzen dena baino hertsiagoa dela azaldu du; hori dela eta, pozik dago Guardiako bere lanpostuak ematen dion "askatasunagatik".

Guardiako musika bandaren eta musika eskolaren ardura du duela 25 urtetik Eduardo Moreno San Pedro (Guardia, 1977) musikariak, baina zeregin horiez gain hainbat taldetan jotzen jarraitzen du, eta Arabako Errioxako ondare musikala ikertzen eta berreskuratzen jarduten du. "Pribilegiatua" sentitzen da, horiek guztiak Guardiatik bertatik askatasunez aurrera eraman ahal izanagatik.

'Arraigo' izeneko azken diskoa grabatu berri duzu. Nola joan da grabaketa, eta zer adierazi nahi izan duzu disko honekin?

Nire herrirako egindako musika tradizionala bildu dut diskoan. Hots, bandarako musika, baina nire bilaketa teknikoaren iragazkitik pasata dago. Zinearen mundua edo mundu sinfonikoaren elementuak daude, besteak beste. Finean, nire lurraldearen musika da, baina azken urteetan ikasi dudana gehituta. Oso instrumentazio argitsua erabiltzen ahalegindu naiz, eta musika tresnak gaurko munduari egokitzen. Ez du zentzurik duela 100 urte gauzak egiten ziren moduan errepikatzeak. Jazza, sinfonikoa... saiatu naiz ikasitakoa nire lurraldeko musikan sartzen. Horrela, musikak ez du esentzia galtzen, eta mantentzen ditu herriko musikak dituen alaitasuna eta gogoberotasuna; oraingoan, ez dut ezer deseraiki nahi izan, ezta muga berrietara iritsi ere. Aintzat hartu behar da festarako egin ohi den musika honek batzuetan helburu funtzionala duela: alaitzea eta ondo pasatzea. Laburbilduz, musika honek sormenari lotutako elementuak ditu, baina alaitasuna eta gogoberotasuna galdu gabe.

Herri batean musika irakasle eta banda zuzendaria izanik, berezko mundu bat izango da zurea...

Tira, urte asko daramatzat hemen lanean, gustura. Izan ere, inoiz ez dut kontserbatorioko irakaslea izan nahi. Batez ere sormena baldin baduzu, kontserbatorioa ez da zure tokia. Horregatik oso zoriontsua sentitzen naiz hemen, nire sormena garatzeko aukera daukadalako. Adibidez, jaietan, urte bakoitzean, berezko musika konposatzen dut plazan jotzeko. 

Musikaren munduan ere, akademizismoren ajeak al daude?

Kontserbatoriotik igaro beharra dago, titulu bat behar duzulako; diziplina eta ordena ere eskuratzen dira. Baina nik ez dut sinesten artean. Bai, ordea, sormenean. Izenak dioen moduan, kontserbatorioan kontserbatzen duzu. Baina ez da zertan sartu Beethoven edo Mozart formol ontzi batean. Kontrara, logikoa da bilakaera bat egotea. Estetika unean uneko kontua da; garai bakoitzean gizarteak adostasun bat bilatzen du; eredu bat. Baina, niretzat, ereduak errepikatzeak ez du zentzurik.

Nolakoa da musika eskolako umeekiko harremana?

Sei urterekin sartzen dira umeak, eta hamazazpi dituztenean utzi ohi dute, unibertsitatera edo beste
norabait joateko. Beraz, 11 urte egoten naiz beraiekin. Bukatzen dutenean, pieza bat eskaintzen diet, beren nortasunaren arabera, urte hauek guztiak hemen egon izanagatik eskerrak emateko.

Amak baino hobeto ezagutuko dituzu!

Bai, kar-kar, zenbait alorretan agian bai!

Eta Eduardo gaztea, nola iritsi zen musika mundura?

Eskolaz kanpoko ekintza horietako batean hurbildu nintzen ni musikara. Ondoren, kontserbatoriora joan nintzen. Orain Guardiako Udalaren funtzionarioa naiz, eta Musika Eskolaren eta Udal Bandaren ardura daukat.

Musika bandaren eta eskolaren ardura ditu Morenok. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Lagun min batek esan dit txaranga batean ere ibili zinela, gazte zinenean... 

Bai, Callejón sin salida taldea izan zen. Hamabost bat urte genituenean sortu genuen, eta hainbat urte eman genituen hor. Gero utzi nuen, gainerakoekin aitaren funtzioa betetzeaz aspertu nintzelako, kar-kar! Landa eremuan egoten zen aukera bakarrenetakoa zen, baina txarangan jotzea ez nuen asko gustuko.

Baina txarangak musika eskola ere badira, ezta? Ez al dira musikara hurbiltzeko modu bat?

Ea, eskola ez, baina gauza asko ikasi ditzakezu txaranga batean. Adibidez, ni musika idazten hasi nintzen eskura genituen musika tresnentzako partiturak egokitzeko. Baina, esperientzia handiagoa eskuratzen baldin ez baduzu, teknikoki oso mugatuta egongo zara. Dena dela, nik umeak animatzen ditut txarangetara joan daitezen, asko ikasi dezaketelako.

Ilusioa emateko modua ere bada, hasieran batean bederen...

Bai. Are gehiago, esango dizut gizarteak indibidualismoa saltzen digula. Gero eta politikoki zuzenagoak gara, baina gero eta jende gehiago dago auzokideekin edo beren senitartekoekin ere hitz egiten ez duena. Aitzitik, bandek, koroek eta horrelakoek jendea elkartzeko balio dute. Adin, ideia eta bizitza guztiz bestelakoak dituzten lagunak biltzeko aitzakia, hain zuzen. Positiboa den zerbait egiteko elkartzen da jende hori, eta, niretzat, hori da garrantzitsuena.

Eta ikasitakoa praktikan jartzeko modu bat ere?

Bai. Begira, badira diotenak: "nire semeak pianoa jotzen du". Oso ondo, oso dotore, baina umea bizitza osoa paretaren kontra gaztigatu duzu. Gure gazte bandak, adibidez, oso jomuga argiak ditu: gabon kantak, udaberriko kontzertua, erretreta... hori guztia jo beharko dute. Oso argi ikusiko dute helburua zein den, eta astero ikasitakoa martxan jarriko dute. Dena dela, musikari lotutako erakunde asko husten ari dira, helbururik ez dutelako. Jende guztiak ez du zertan ikasi barroko berantiarreko musika. Araban bederen, esango nuke banda eta koroak gainbeheran daudela; askotan bandak ikusten ziren zaharkitutako zerbait bezala, eta koroak, sarritan, elizarekin lotu izan dira, baina argi dago beste toki askotan disfrutatu daitezkeela koroak. Uste dut buelta eman behar zaiola egoerari, bandek eta koroek gizartearentzat duten balioa nabarmentzeko.

"INDIBIDUALISMOAREN GARAIAN, MUSIKA BANDEK ETA KOROEK JENDEA ELKARTZEKO BALIO DUTE"

Askotan musika ondarea aldarrikatu duzu, eta musikaren historia ikertu.

Bai, musika ondarea aldarrikatzen dut, eta orain arte bi liburu idatzi ditut: La música en Laguardia del siglo XII a la actualidad eta Más allá de las bandas de música de Rioja Alavesa. Etorkizunean, denbora izanez gero, gustatuko litzaidake biltzea musikaren alorrean zer gertatu den Arabako Errioxan XVI. mendetik hona. Gaiari buruzko aipamenak daude mende horretatik.

Bitxia da, ondare immateriala aipatzean, musika ez dela burura datorren kontu bat...

Baina bada. Oraindik erreskatatu ez den musika andana dago, partitura eta bestelakoetan. Esango nuke horretan sinetsi beharko luketen askok ez dutela benetan sinesten, eta laguntza gutxi eskaintzen da. Zorionez, diru laguntzei dagokienez, Euskadik ez dauka parekorik Espainiarekiko; askoz hobea da hemengo egoera. Nik egin ahal izan ditudan hainbat gauza agian ezingo nituzke egin 25 kilometro beherago egonez gero.

Dena dela, zuk musika bizia aldarrikatzen duzu.

Hala da. Askotan esaten da: "Begira, zer artista handia! Beethovenen Biolontxelo, piano eta klarineterako Opus 1 interpretatzen ari da!". Baina, hori egitean, funtsean testu bat irakurtzen ari zara. Gainera, ausarta baldin bazara, eta nahi duzuna egitea ahalbidetzen dizun maila sozial batean baldin bazaude... aukerak dituzu. Bestela, soilik beste norbaitek esan zuena errepikatzen ari zara. Niri horrek asko arduratzen nau. Zer da ba sormena? Dagoeneko ondo finkatuta dagoen estetika bat maila gorenera eramatea, ala zerbait berria asmatzea? Posible al da zerbait berria sortzea? Eta, sortuz gero, jendea gai izango da hori ulertzeko? Ulertzen ez badute, ez da aintzat hartuko? Zalantza horiek guztiak daude Sinfonía abstracta diskoan.

Zuk ere ondo ezagutzen duzun lagun horrek esan dit disko horretarako aukeratutako espazioak oso bitxiak izan zirela. Nora jo zenuen, ba?

"ESPERIENTZIA HANDIAGOA ESKURATZEN BALDIN EZ BADUZU, TEKNIKOKI MUGATUTA ZAUDE" 

Bai, toki egokia bilatzen ibili nintzen, trikuharrietan sartuz, eta abarrekoetan. Baina ezin duzu imajinatu landa eremuan egonda ere zenbat zarata dagoen! Azkenean Los Husosen (Elvillar) grabatu nuen disko erdia, bertan akustika oso ona zegoelako. Beste erdia Gasteizen grabatu nuen, kalean. Jotzen nuen bitartean jendearekin nolabaiteko elkarrizketa bat izaten ahalegindu nintzen. Pertsona gehienek ez dute pentsatuko disko horretan jasotakoa musika denik, askorentzat, musika ezagutzen duten elementuen multzo bat baino ez delako. Hori da, funtsean, ikasi dutena. Bada, ni hiriko soinuei erantzuten saiatu nintzen. Ahalegindu naiz nire musika tresna mugara eramaten. Ikerketa prozesua izan da, funtsean.

Zure lehen tresna, klarinetea da...

Bai. Egia esanda, denetarik jotzen dut, baina batez ere klarinete historikoaren interpretazioan espezializatu nintzen, munduko autoritate handiena den Eric Hoeprich musikariarekin. Baina askotariko taldeetan nabil klarineterekin. Kasurako, Recordando a Édith Piaf —Geraldine Ramirez abeslariarekin eta beste hainbat musikarirekin— , Estilo Galante bikotea —Jorge Nicolas Manriquerekin—, Trío Corni 439, Cuarteto Lefèvre... Tira, milaka gauzetan nabil; ez dudana nahi da berdina egitea. Badago jendea egunero gauza berdinak egiten dituena, eta, egia esanda, ez dakit nola ez diren aspertzen!

Eta horrenbeste saltsatan sartuta egonda, nola kudeatzen dituzu batera erregistro hauek guztiak?

Bueno, bizitza normala daramat, ordutegi ordenatu batekin. Emazteari galdetu diezaiokezu, kar-kar! Baina, tira, zortea daukat hemen egoteagatik, libre naizelako nahi dudana egiteko. Eta hala egiten jarraituko dut. Zentzu honetan, azken diskoan sartu dudan abesti baten izenburua oso adierazgarria da: Amenazo con más. Hori izan da nire asmoa Arraigo diskoan: nire bizitza osoko musikariak hartu eta forma berrietara eraman ditut. Adibidez, swing estiloko biribilketa bat konposatu dut. Seguruenera orkestra sinfoniko batean daudenei irudituko zaie zikin bat naizela horrela jotzen, baina berdin zait. Mundu honetan daudenen lanak kanpotik ikusita oso sortzaile eman badezake ere, funtsean zuzendariak esaten dienari jaramon egin behar diete.


"MUSIKA LANTZEAN, EZ DA ZERTAN SARTU BEETHOVEN EDO MOZART FORMOL ONTZI BATEAN"

Orkestren munduan dagoen jende frustratu asko dagoela uste al duzu?

Erabat. Asko erreta egongo dira. Euskadi orkestran behin pizzicatoarekin biolinista bat jolasean zegoen, eta esan nion mesedez isiltzeko, maisuari —zuzendariari hala deitzen zaio—, ez niolako entzuten. Bada, erantzun zidan behin hogei urte barruan eraman eta gero jakingo nuela zer den "kartzela hori," eta zuzendari hori ez zela "ez maisu ez ezer". Horregatik diotsut, zoriontsua naizela hemen, lanean ordu asko sartuta ere... atzo bertan gaixo nengoen, zorabioekin, eta plazara atera nintzen, dantzaldian jotzeko. Baina pozik nago. Pablo Sorozabalek zioen musikari bat ezin dela funtzionario izan, eta, nik, ororen gainetik, musikaria izan nahi dut.

Zure ustez, balioesten al da nahikoa musika? Azken hamarkadetan, hobera ala txarrera egin du?

Modu objektiboan, musikaren mundua asko hobetu da azken hogei urteetan, beste gauza asko bezala. Orain badira, adibidez, oso musikari trebeak dituzten txarangak. Hau esanda, ni ez nator bat musikak pertsona hobea egiten zaituelako ideiarekin. Musikari izanda ere gaiztoak diren pertsonak ezagutzen ditut. Beste ogibideetan ere gertatuko dela imajinatzen dut. Halere, uste dut maila kolektiboan musika oso lagungarria dela. Banda batean norberak bere tokia dauka, eta denen artean zerbait berria sortzen dute. Gainera, kolektibo horretan denek dute zerbait emateko aukera. Adibidez, ume batek saxofoia oso ondo jotzen ez baldin badu, agian ez duzu jarriko lehen maila batean soloak ematen, baina agian baritono txiki bat egin dezake, eta horrela bere ekarpena egin dezake bandan, eta seguru aski zoriontsua sentituko da horregatik.

Raquel Zabala arte historialariak esan dit Guardiako Erregeen Andre Mariaren elizan agertzen diren zenbait irudirekin aspaldiko proiektua duzula esku artean. Zertan datza?

Tira, berak guk biok baino askoz hobeto dakienez, artean denak du esanahi bat, baina askotan galdu egin da. Bada, musikologiaren alorrean ari garen askok uste dugu portikoetan musikak zeresana duela. Adibidez, kordofonoa purutasunarekin lotzen zen; haize tresna bat, bakanalekin, jaiari lotutakoa egongo da. Hori aintzat hartuta, aspaldiko ideia dut Erregeen Andre Mariaren elizako portikoan agertzen diren tresna musikalak berreraikitzeko, garaiko teknikekin. Hamalau bat tresna inguru izango dira. Idealena izango litzateke ahalik eta kalitate onenarekin argazkiak ateratzea, eta hainbat luthierrekin berreraikitzea, osotasunari koherentzia bat emanez, tresna horiek guztiak batera jo ahal izateko, eta kontzertuak emateko. Ez litzateke oso garesti aterako. Proposamena aspaldi pasa diegu instituzioei, baina momentuz ez dugu erantzunik jaso.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago