Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak Lesbosko (Grezia) iheslarien alde Arabako Errioxan atzo egindako kanpainan 1.613 kilo arroz eta 1.106 euro bildu ditu.
Mezu batean, Arabako Zaporeak elkarteak Arabako Errioxako Kuadrillari eta bertako udal guztiei "beren kolaborazioa eta laguntza" eskertu die. "Arrakastatsua izan da, eta hau ez zen posible izango zuen inplikaziorik gabe", adierazi du gobernuz kanpoko erakundeak. "Beste behin, argi geratu da Arabako Errioxako bizilagunek errefuxiatu guztiekiko erakutsi izan duten eskuzabaltasuna eta konpromisoa", erantsi dute.
Elkarteak egunean 3.000 bat otordu ematen dizkie Lesbosen aterpe hartutako iheslariei. Ekainean Mendialdean egin zuten Arabako lehen bilketa, eta asteburu honetakoa bigarrena izan da. Ekimena beste kuadrilletara eramateko asmoa agertu du elkarteak.