Nortasun agiri zahar multzo handi bat pilatuta dago mahaiaren gainean, eta esku batetik bestera pasatzen dira, testuinguruak eskatzen duen errespetu eta umiltasunarekin. Bertan idatzitako izen-abizenek garai latz baten lekukoaren memoria piztuko dutelako esperantzaz egiten ari da ariketa Javier Gomez Calvo EHUko historialaria. Txiripaz kontserbatu diren nortasun agiriok ustekabeko tresna metodologiko bilakatu dira hitzordu horretan. Metatutako urteen ondorioz begirada nekatuta duela, Ponciano Quintana bastidarra arretaz ahalegindu da izen horiek zerbait esaten ote dioten asmatzen. Ariketa xume horri esker, beste hainbat lagunekin batera Gerra Zibilaren garaian bi urte inguruz Bastidan ezkutuan mantendu zen Daniel Quintana anarkistaren semeak oroimen batzuk azaleratu ditu, eta horiek interes handiz jaso ditu historialariak. Honek grabagailua du albo batean, baina Quintanarekin izandako solasaldian argi eta garbi ikusten da ez duela horren beharrik, historialariak izen horiek guztiak ondo maneiatzen dituelako buruan. Interesa pizten dion datu bat entzun orduko, arreta igartzen zaio aurpegian, historia berreskuratzeko ahaleginean zirrikitu txiki bat aurkitu duen seinale.
Bastidan ez ezik, Eltziegon ere ibili da Gomez Calvo azken hilabeteotan Gerra Zibilaren eta ondorengo frankismoaren garaiko oroimenak jasotzen. Interes berezia du indarkeria politikoak komunitate txikietan duen rolaren inguruan, eta azken urteotan Arabako Errioxa izan du jomugetako bat. Interes horren emaitza da aurten kaleratu duen No vuelvas si no vences (Tecnos) liburua. 1936 urtearen bueltan Guardian izandako indarkeria politikoa xehetasun handiz jorratu du liburu horretan. "Indarkeria komunitate bat nola sortzen den aztertu" nahi izan duela esan dio egileak ALEAri, Eltziegoko artxiboetan aztarna berriak arakatzen ibili eta minutu gutxira. "Halako kontuak aztertzerakoan, aintzat hartu behar dugu krimen horiek ez zirela gertatu edonola, testuinguru jakin batean baizik". Hori dela eta, egilea sinetsita dago indarkeria abiatu zuten zio politikoak ulertu behar direla. "Horrek ez du esan nahi, noski, justifikatu behar direnik", ohartarazi du.
Gerra Zibilaren hasierako uneetan eta ondorengo errepresio frankistan biktima ugari egon ziren arren, hil zituzten sei lagunen inguruan arreta jarri du liburuak. Baina, horietan ez ezik, krimenak bultzatu zein modu aktiboan hilketa horiek egin zituztenenak ere lehen lerrora ekarri ditu. "Are, biktimetan baino, indarkeria bultzatu zutenengan jarri nahi izan dut arreta", azaldu du Gomez Calvok. Dioenez, bere ikerketa historikoetan beti ahalegindu izan da indarkeria politikoko testuinguruak aztertzen, eta, bereziki, atzeragoardian gertatutakoak azaltzen, bertan populazio zibilak "rol garrantzitsu bat jokatu ohi" duelako. "Kasu horietan, subjektu agente edo paziente izan ohi da, baina beti dago tartean". Argi utzi nahi izan du, beraz, 1936an gertatutakoa ez dela "kontu militar soila", eta populazio zibila ez zela alde batera geratu. Dena dela, Gerra Zibilean eta ondoko frankismoan arreta jarri duen arren, Gomez Calvok argi du testuingurua askoz zabalagoa dela, eta, horregatik, liburuan XIX. mendeko errepasoa egin du, 1808an hasitan; Espainiako Independentzia Gerrarekin, hain justu.
Zibil asko erantzukizunetik salbu ez daudela uste du historialariak. Izan ere, askotan atzeraguardian izandako krimenak oso modu arinean azaltzen direla nabarmendu du. "Jende askok bere burua justifikatzen zuen, egindakoak azaltzeko. Adibidez, eremu errepublikanoan, askotan anarkistei botatzen zioten errua. Beste aldean, batzuetan ia-ia azalpen psikiatrikoa zen. Ero batek pistola batekin norbait hil zuela esaten zuten". Kasuak kasu, historialariak argi du ere indarkeria politikoko prozesu guztietan hiltzen dutenak ez direla zoroak. Euskal Herrian azken hamarkadetan izandako indarkeria politikoa jarri du gertuagoko adibidetzat. "Logikoa denez, ETAkide bat ez da psikopata bat. Baten bat egongo da, noski, erotuta dagoena. Baina arrazoi ideologikoengatik hilketak egin dituztela jakinda, ulertu nahi dut beren buruetan zerk egin duen klak". Solasaldian zehar behin era berriz errepikatu nahi izan du egileak gauzak ulertzea ez dela zertan justifikatzea.
Gizarteak ere jakin behar du horrelakoak kudeatzen, batez ere iraganean izandako une latzek oraindik ere orainean isla dutenean. "Gehien kostatzen zaiguna da aitortzea zure komunitateak berak iraganean indarkeria sortu zuela; aitortzea 60 urteko jendeak agure kutun gisa ezagutu izan dituen horiek benetan hilketak egin zituztela; norbait salatu zutela edo krimenarekin kolaboratu zutela. Eta, seguru aski, pertsona ederrak izan ziren krimen horiek egin zituztenak". Baina sorraraziko kalte eta minek hor jarraituko dute. "Indarkeria politikoa bukatzen denean, zuk jada ez duzu hiltzeko ziorik. Bergizarteratzen zara, kontzientzia arazorik gabe. Arlo hori asko interesatzen zait ikertzaile bezala, oso kontu asaldagarria delako".
Markoari dagokionez, egileak argi du Guardia beste hainbat herri eta herri txikitarako eredu izan daitekeela, eta, horregatik, uste du liburuan ematen diren ondorio eta azalpenak "orokortu" daitezkeela, lehen unetik matxinatuen aldean geratu ziren beste hainbat lekurekin parekatuta. "Agian azalpen hauek ez dira egokiak, demagun, Madrilerako, hiru urtez Errepublikaren alde leial mantendu zen hiria zelako. Baina, Burgos baterako, adibidez, bai balio dezake".
Guardiaren kasuan, errazagoa izan da agiriak aurkitzea. Garai horretan ere tamaina erdiko udalerria zenez —2.500 inguru biztanlerekin—, barruti judizial baten burua zen, eta dokumentazio asko sortzen zuen. Gainera, dokumentazio hori denboran zehar kontserbatu da. "Hori oso garrantzitsua da, noski, dokumentaziorik gabe historialariok ez garelako ezer". Horri esker, izen-abizenen sorta zabala berreskuratu ahal izan du kontakizun historikoa osatzeko, eta horrek ere interes handia piztu du herrian, liburuaren aurkezpenaren egunean eta udalak antolatutako biktimei ondorengo omenaldian agerian geratu zenez. Izan ere, aurkibide onomastikoan 480 izen agertzen dira, eta jende askok bilatzen du, ea hor, izen horien artean, aitonaren edo beste senide edo ezagun baten izena agertzen ote den.
Guardia zibilik gabe
Guardian eta beste leku askotan gertatu zena ulertzeko, aintzat hartu behar da gerraren hasieran izandako botere hutsune garrantzitsu bat. Historialariak azaldu duenez, estatu kolpea eta bi egunera ez zegoen Araban autoritate militarrik, lurraldeko guardia zibil guztiak Gasteizera eraman zituztelako, gerraren lehen lerroan aritzeko. Horrek eragin zuen agintari militarrik gabeko hiru hilabete horietan izandako indarkeriaren atzean batez ere herritarrak egon izana. Tarte horretan gertatu ziren Guardiako sei hildakoak, Guardia Zibila herriko kuartelera bueltatu arte. Bigarren faktore bat ere egon zen: errepublikazaleen seme-alaba asko falangeko milizietan sartu ziren, beren buruak babesteko. Halere, herriko karlistek ez zuten sinisten beren konbertsioa benetakoa zenik, eta jazarri egin zituzten. "Guardia Zibilaren babesari esker onik atera ziren gazte hauek, eta askotan razziak izaten zirenean, kuartelera korrika ateratzen ziren". Babes horrek tirabira indartsuak eragin zituen karlisten eta agenteen artean: 1938an, Guardia Zibilaren babes honetaz ahituta, kaboaren kortara joan ziren herriko liskargile eskuindarrak, eta oiloak erre zizkioten.
Bastidako topoen aferan ere guardia zibilek rol garrantzitsu bat jokatu zutela babestu du historialariak. "1938an bi urte ezkutuan zeramaten pertsona horiek aurkitu zituztenean, karlista batek tiro bat eman zion aurkitutako lehen topoari. Bastidako bizilagun batzuk topoak lintxatzen saiatu ziren, baina guardia zibilek ekidin zuten hori. Topoak zein haiei estaldura emana zieten emakumeak atxilotu zituzten, eta ondoren Gasteizera eraman zituzten".
Orduko alkateen rola ere funtsezkotzat jo du Gomez Calvok. "Sarritan esaten da alkateek ezin zutela ezer egin, baina hori ez da egia", babestu du. "Argi dago gauza asko egin ahal zutela. Horregatik Bastidan hogei lagun hil zituzten, baina Mañuetan edo Oionen, bat ere ez". Oionen kasuan, adibidez, idatzita geratu da testigantza, bertako alkateak adierazi zuelako bere herrian ez zutela inor hil.
Biktimak eta egileak
Aipatu bezala, indarkeriaren biktimetan ez ezik, ikerketak indarkeria bultzatu zutenengan jarri du arreta bereziki, eta horren beharra azpimarratu du egileak. Dioenez, 1980ko hamarkadan idatzitako liburuetan alde batera utzi ziren frankismoak eragindako biktimak, eta, horregatik, ahalegin erraldoia egin zen horiek berreskuratzeko. Baina indarkeria bultzatu edo egin zutenak alde batera utzi ziren.
"Hori ez zen landu, ematen zuelako Heriotzaren Eskuadroietan parte hartzen zuen bati edo falangista bati elkarrizketa egitea hari zilegitasuna ematea zela. Baina honek ez du zentzurik. Norbaitek pentsatuko luke Ted Bundy serieko hiltzaileari elkarrizketa bat egitea berari zilegitasuna ematea dela? Bada, hori dela eta, hiltzaile asko eta asko hil dira, eta justiziaren aurrean kontuak ez emateaz gain, kazetari edo historialari baten aurrean kontuak eman gabe hil dira".
"IRITSI ZEN UNE BAT NON HERRIKO APAIZA ERE NEKATU EGIN ZEN LISKARGILEEZ". JAVIER GOMEZ CALVO
Herrian errepublikazaleak jazarri eta hil zituzten liskargileen artean, nabarmentzekoa da Salvador Brionesek zuzendutako taldea, eta lagun horri buruzko orrialde asko idatzi ditu Gomez Calvok. Haren atzean testuinguru jakin bat ere badago, noski. Hain justu, bere anaietako bat Madrilen hil zuten, beste hainbat karlistarekin batera, haiekin lanean ari zen anarkista batek salatu zituenean. "Beraz, horrelakoak egiten ari zenean, Brionesek hau ere bazeukan buruan", ekarri du gogora historialariak. Brionesen taldeak herria beldurtu zuen, eta horren handia izan zen zabaldutako izua, bere alderdikoak ere ahitu zituela. "Iritsi zen une bat non herriko apaiza ere nekatu egin zen liskargileez, eta Gasteizera gutun bat bidali zuen. Ondorioz, Briones erbesteratu zuten, eta Bilbora bidali zuten, udaleko funtzionario gisa. Bera kanpoan, zela, liskargileen taldea desegin zen".
Sei hildako
Hildakoei dagokienez, lehen biktima guardia zibil errepublikazale bat izan zen: Domingo Caballero. Sortzez Zamorakoa zen arren, lehen destinoa Artziniegan izan zuen, eta bertan emakume errepublikazale batekin ezkondu zen. Hurrengo destinoa Guardia izan zen. Ideologia politikoaz, historialariak ez du argi Errepublikarekiko atxikimendua ote zuen ala leialtasuna hutsa ote zen. Modu batean edo bestean, kontua da Isaac Sarabia guardia zibilaren arerio handia zela, eta azken hau tiroz hil egin zuela. Prentsak dio ondoren Caballerok bere buruaz beste egin zuela, baina ikerketari esker historialariak arrazoiak ditu pentsatzeko benetan fusilatu zutela. "Guardiako emakume batek esan zidan haren ama Marinak oso harreman ona zuela guardia zibilen emazteekin, eta udaletxera joan zela galdetzera". Bertan esan omen zioten arazoetan ez sartzeko, eta, gaztigu gisa, plazan ilea moztu zioten Marina Saez de Samaniegori.
Bigarrenari dagokionez, Nicolas Santamaria nekazariaren inguruan idatzitako esaldi bat errotik geratu zaio buruan gordeta Gomez Calvori. "Arratoiak baino pobreagoa" zela esaten zen. El Fray Lazo edo La Traca bezalako aldizkari satirikoak irakurtzen zituen, baina berez ez zen ez errepublikazale edo anarkista. Besterik gabe, elizari lotuta ez zegoen, eta horrek Guardian arreta asko ematen zuen. Zentzu honetan, garaiko idazkietan salaketetarako erabilitako zerrenda batzuetan azaltzen zen esaldi latz bat ekarri behar da gogora: "Frío con la Iglesia". Eltziegoko errepidera eraman zuten bere gorpua 1936ko abuztuaren 6an, "hilketa guztiz basati batean". Kasu horretan, hilketa guardiarrek berek egin zuten, eskumako banden artean zabalduta zegoen ohituraren kontra: normalean, herri bakoitzeko zerrendak elkarri trukatzen zizkioten, herri batekoek beste herri batekoa hiltzeko. Modu horretan hilketa horien arrastoa zaildu nahi zuten, eta, seguruenera, ezagunak hiltzeagatik kontzientziaren zamak arindu. Bi aste geroago, karlistek Julio Martinen bila jo zuten. Ceniceroko (Errioxa) maisua zen, baina Guardian urte asko zeramatzan. Ceniceron hartu zuten, eta Logroñoko hilerrian hil zuten Martin.
ALDE MILITAR HUTSAZ GAIN, HERRITAR ASKOK ROL GARRANTZITSUA JOKATU ZUTEN GARAIKO KRIMENETAN
Gainerako hiru hilketak batera gertatu ziren, urrian, garaian ohikoa zen presoen ateraldi batean. Gasteizen preso zeunden hiru guardiar gaueko bederatzietan atera zituzten erreketeek, askatasun agindu faltsua aurkeztu eta gero. Zanbranara eroan eta bertako La Pilastra izeneko tokian hil zituzten Luis Puelles aguazila, Serviliano Etxeberri botikaria eta Antonio Uribe.
Lehen bi lagun horien inguruko informazioa eskura dagoen arren, oraindik ere Uriberen gaineko daturik ez du aurkitu historialariak, baina argi dago ikerketa jardunean aurrera egin ahala, balitekeela haren gaineko datu apurren bat azaleraztea. Ez da erraza izango, garai latz horiek ezagutu eta oraindik bizirik dauden lagunak gero eta gutxiago direlako. Baina itxaropena ez dute galtzen ikertzaileek, jakin badakitelako ezein lekutan eta unetan agertu daitekeela garai ilun batean argi pixka bat emango duen pistaren bat. Historia eraikitzeko modua izango da, baina baita lagun horien memoria eta duintasuna berreskuratzekoa ere.