Salgaiak eramateko mandazainek egin ohi zuten ibilbidearen zati bat jarraituko dute uztailaren 20an, Logroñon hasi eta Binasperirako bidea eginez. Orotara, hamabi kilometro inguruko ibilbidea izango da herriko kultur eragileek Lantziegoko Udalaren babesarekin prestatutako txangoa.
Hasierako hitzordua Binasperin jarri dute, goizeko bederatzietan. Bertatik, autobusean eramango dituzte txangolariak Logroñoraino, eta handik ekingo diote oinezko ibilbideari.
Berez bideak Logroño eta Villafría lotzen ditu, baina antolatzaileek bide hori guztia bi zatitan banatu ohi dute, Binasperi herria helmugatzat jarrita. Bertako tabernan, gainera, hamaiketako bat atontzen dute, indarrak berreskuratzeko.
Iaz egin zuten Logroño eta Binasperi arteko zatia aurrenekoz, eta aurten ere, maiatzaren 12an, Villafría eta Binasperi lotu zituzten, oraingoan kuadrillaren babesarekin.
Parte hartzea doakoa da, eta hilaren 12ra arte irekita dago izena emateko epea, goizean 945608041 telefonora hots eginez.