Aurreko urteetan erabilitako formatua berreskuratuko dute uda honetan Gatzaga Buradongo historia, ondarea eta kondairak bisitariei kontatzeko. Izan ere, Logroñoko Sapo Producciones antzerki konpainiaren eskutik egingo dituzte Arabako Errioxako herri harresitua erakusteko eta irakasteko bisita antzeztuak.
Uztailean zehar egingo dituzte bisitaldiak, igandeetan, eguerditik aurrera. Bisitariari hasiera emateko geralekua Oñatiko kondeen jauregia izango da, baina ondorengo ibilbide baten bitartez herriko hainbat leku ikustaraziko dituzte. Harresiaren atetik hasita, herriaren abiapuntu historikoa azalduko diete bisitariei. Iturriaren alboan, Zoraida printzesa mairuaren kondaira kontatuko dute, tartean, bisitarien beraien parte hartzearekin. Beste interesgune batzuk dira Oñatiko kondeen jauregia eta herriko eliza. Azkenik, herriko biztanle zaharrenaren istorioa ezagutu ahalko da, kanta eta guzti. Esketx horiek guztiak modu serioagoan egindako azalpenekin osatu ohi dituzte.
Bisitak 5 euroko prezioa du, eta doakoa da 8 urtera arteko umeentzat. Izena emateko Bastidako turismo bulegora (945331015) hots egin behar da.