Jende guztia prest dago bisita gidatuari hasiera emateko, baina, ohikoa denez, beti dago despistaturen bat taldera berandu batzen dena. Haserre dator, gainera. Oso haserre. "Ez duzue ez sentimendurik ez bihotzik", oihukatu du. Andre zaharra da, eta, dioenez, baditu motibo nahikoak horren marmarti egoteko. Jantziak aspaldikoa ematen du. Ez da, ez, Desigualen erosten diren pieza bakarreko jantzi horietako bat. Ahotsagatik, inork ez luke esango emakumezkoa denik; baina, auskalo. "Jakin badakit erregeak esan duela Buradon utzi behar dugula, Gatzaga honetara etortzeko. Baina semea Buradonen erditu nuen, eta asko kostatu zitzaidan, gainera. Ez dakizue zeinen buruhandia zen!". Lehen barreak hasi dira taldean, eta horiek ez dira ahituko bisitak iraungo duen ia bi orduetan zehar. Herri baten ondareari eta historiari hurbiltzeko modu arin eta atsegina da Gatzaga Buradonen udan egiten dutena, eta urteak daramatzate berdinetan.
Emakumeak azalpenekin jarraitu du. Haren esanetan, "erromatarren garaietatik" bizi zen jendea Buradonen; ondoren toki horretan eraiki zuten gaztelua oso estrategikoa izan zen. "Buradongo gazteluagatik izan ez balitz, orain guztiok Mekari begira egongo ginateke. Abd ar-Rahman III.ak gaztelua eta herria erre zituen, eta, halere, eutsi egin genion", aldarrikatu du andreak. Ez zen izan, baina, mende gatazkatsu horietan izandako liskar bakarra. Mairu eta kristauen arteko liskarrak ez ezik, kristau erreinuen artekoak ere etorri ziren gero. "Egun batean ohera joaten ginen gaztelarrak izanik, eta hurrengo goizean nafarrak ginen, aizue! Eta hurrengo egunean... kontrara berriz ere!".
Gauzak hala, Alfontso X.a Jakintsuaren agindua etorri zen, orain dagoen tokian herria eraikitzeko. "Jakintsua izango da, baina, doilor hutsa zela esango dizuet! Atxilo eraman nazatela nahi badute", oihukatu du berriro emakumeak.
Eta, hain justu, erregearen ordezkaria etorri da gero, kanpaitxo batekin bisitariei herrirako sarbidea igartzera.
'Zoraida, musikala'
Dena dela, jakina da herri baten historia liburu eta eskuizkribuetan jasota dagoela, baina herriaren arima, hein handi batean, kondairetan ere badagoela. Eta herrian badutere gatzagaren jatorria azaltzeko kondaira eder bat. Zoraida, musikala izena eman diote lotsa askorik gabeko antzezpen honetan. Arazoa da musikalean parte hartu behar duten aktoreek alde egin dutela Madrilera, Netflixen telesail baterako kontratatu dituztelako. "Ea, publikotik Zoraida bat beharko dugu orduan. Izan behar da emakume polita, dantzari trebea, abeslari bikaina, negarrez egiten dakiena eta negarrez hiltzen ere ondo dakiena. Erraza, ezta?". Ez dago alde egiterik. "Rubia, zu ez. Ilehoriegia zara printzesa mairua izateko". Harrigarria bada ere, lortu dute neska bat oholtza inprobisatura joatea. Eta modu horretan kontatu dute, erromantze zaharretan bezala, nola Zoraida printzesa mairua kristau batez maitemindu zen, eta nola kristau hori eta Zoraidaren aita, biak ala biak, bataila batean hil ziren, elkarren kontrako borrokan. Horren handia izan zen printzesaren samina, ezen haren negarrek sortu baitzuten gerora herriko gatzaga izango zena. Zoraidaren papera egin duen neska dantzan jarri dute, eta txalo zaparrada jaso du. Baina antzerki konpainiako aktoreek gauza are harrigarriagoa lortu dute, minutu gutxian publikoa poltsikoan sartzeko gai direla erakutsiz: laurogei bat pertsona jarri dituzte kantuka, Carmina Burana baten erritmoan.
ANDRE BAT AZALDU DA, HASERRE BIZIAN. HERRITIK MUGIARAZI DUTE. "ERREGE HORI DOILOR HUTSA DA!"
Hurrengo hitzordua herriko elizan izan da, eta bisitaldiaren arlo serioagoa daraman Maria Jesus Reinosaren esku egon da bertan topatutako altxor baten berri ematea. "Erretiroan zegoen apaiz batek erreferentzia bat aurkitu zuen agiri historikoetan. Ondorioz, aldarearen atzeko aldetik sartu zen... eta bi hilobi aurkitu zituen!", azaldu du Reinosak. Orain, bisitari ororen eskura daude hilobiok, koroaren azpian kokatu dituztelako: Juana de Acuña Enriquez eta Pedro Velez de Gebararen hilobiak dira.
Baina historia ez ezik, herriko tradizioen berri eman du ere gidariak. Hala, kontatu du abuztuaren amaieran egiten diren San Juan Lepogabetuaren jaietan herriko biztanle guztiak biltzen direla, guztiak elkarrekin afaltzeko. "Garai batean bakailaoa eta piperrak prestatzen zituzten, eta orain ohitura hori berreskuratzen ari da", azaldu du.
Elizatik atera ondoren, herriko gunerik ezagunena bisitatzeko ordua da: Oñatiko kondeen jauregiaren aztarnak. Horretarako, Jose Luis Madroño izeneko gida madrildar baten laguntza izan dute. Hirietan gidek erabiltzen duten banderatxo horietako batekin azaldu da ustezko Madroño hori. Baina arnas egiteko arazo larriak ditu, herriko airea garbiegia delako. "Ez nago ohituta, CO2 pixka bat ere behar dut!", aldarrikatu du. Ez da izango falta den pertsonaia bakarra. Ondoren bisitariek mamu batekin topo egiteko aukera izango dute, bai eta duela 100 milioi urteko pertsonaia batekin ere. Spoiler gehiagorik ez egiteko, aurreratu dezakegu zera hori bere kategorian munduko garrantzitsuena dela. Kito, honaino irakur daiteke.
Familia giroa
Logroñoko Sapo Producciones konpainiaren esku daude uztaileko igandeetan gazteleraz arrakasta handiz egiten diren antzezpenak. Ohi bezala, Labrazan ere egingo dituzte, udazkenean. "Familiari begirako ikuskizunak dira, umore askorekin. Horrela, umeek ondo pasa dezakete, eta baita helduek ere", nabarmendu du Martin Nalda konpainiako aktore eta zuzendariak. Gatzaga Buradonen kasuan, hamar bat urtetik hona egiten dituzte. "Horiekin jarraitu dugu, beti oso ondo funtzionatu dutelako, eta herriaren historia kontatzeko oso modu atsegina delako". Urte bakoitzean esketx edo aldaera berriak sartzen ahalegintzen dira, errepikatzen duen jendeak zerbait berria aurki dezan. "Kale antzerkia denez, inprobisaziorako tartea ere badago, noski", dio Naldak. Jaso duten txalo kopuruari helduta, argi dago jendea pozik ateratzen dela, eta publikoa dantzan eta kantuka ikustea ere arras adierazgarria da. Edozein gairi buruz hitz egitea gero eta zailagoa den garai hauetan, umorea egiteak are meritu handiagoa du. Jakina baita ironia eta umorea direla territorio libre bakarrak. Momentuz.