Navaridasko alkate ohiak PP utzi du

Erredakzioa 2024ko eka. 10a, 10:07

Hamabi urtez Navaridasko alkate izan da Fernandez. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Alderdiko zuzendaritzarekin desadostasunak dituela azaldu du Miguel Angel Fernandezek, arabarerrioxa.eu blogak zabaldu duenez.

Hamabi urtez Navaridasko alkate izan ostean, Miguel Angel Fernandezek PP utzi duela iragarri du hauteskunde eguneko biharamunean.

Gaur arabarerrioxa.eu blogak jakitera eman duenez, politikariak gutun batean azaldu du Alderdi Popularra utzi duela, erabakia duela hainbat hilabetetik hartua zuen arren. 

"Egungo egoeraren eta errealitatearen inguruan ditugun ikuspuntu desberdinek halabeharrez eskatzen dute elkarrengandik urruntzen diren bideak hartu behar izatea", adierazi du Fernandezek gutun batean.

Alderdiarekiko sakoneko desadostasunak dituela iradokitzen du Fernandezen adierazpenak. Izan ere, alkate ohiak eta egungo zinegotziak erantsi du ahalegindu dela bere proiektuei "balioa ematen", eta haren "herrikideen beharren eta landa eremuarekiko errespetua" bultzatzen, baina, hori "egokia aintzat hartu ez bada", berak ez daukala jada "ezer gehiago esateko". 

Azken udal hauteskundeetan alkatetza galdu zuen Fernandezek EAJren egungo alkatearen aurrean, hurrenez hurren PPk 50 eta EAJk 52 boto erdietsi zituztelarik. Alderdia utzita ere, Fernandezek aurreratu du zinegotzi gisa jarraituko duela herrian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago