Posta zerbitzua berreskuratu dute Bastidan

Juanma Gallego 2024ko ots. 21a, 17:27

Joan den astean Bastidako Udalak agiri gogor bat bidali zion Correosi, zerbitzuarekiko "atsekabea" azalduz. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Bi astez posta zerbitzurik gabe egon dira herrian, bertako postariak baja hartu duenean Correosek ez duelako langilea ordezkatu. Daniel Garcia Ruiz alkateak "tamalgarritzat" jo du gertatutakoa.

Bi aste inguru posta zerbitzurik gabe egon ostean, Correosek zerbitzua berrezarri du Bastidan, eta, pilatutako lana aurrera eramateko, bi postari jarri ditu lanean.

ALEAk gaiaren bueltan galdetu dionean, Daniel Garcia Ruiz alkateak "neurrizko gogobetetasuna" adierazi du, zerbitzua berreskuratu dutelako, baina arazo ugari izan dituztelako. "Egun batez zerbitzurik gabe egotea ulergarria izan daiteke, baina ez da batere normala horrelako kontu bat bi astez luzatzea, Bastidan gertatu zaigun moduan", azaldu du. Alkateak dio horrelako gabeziak sarri gertatzen direla landa eremuan, eta horren adibidetzat jo du Zanbranan eta Urizaharrean aurretik ere hilabete inguruz postaririk gabe egon direla.

Hilaren 14an, astebete inguru zerbitzurik gabe zeramatenean, izapide baten bitartez Correosi agiri gogor bat bidali zion alkateak, azken hilabeteetan zerbitzuan izandako gorabeherekiko "atsekabea" azalduz. Agirian, alkateak "tamalgarritzat" jo du herrian bizi izandako egoera. "Honek erakusten du zuen konpromiso falta, ez soilik ordezkatzen duzuen zerbitzuarekiko; baita herriekiko eta beren biztanleekiko ere", irakurri daiteke udalak estatu operadoreari bidalitako agiri ofizialean.

Landa eremuaren kalterako

Eskualdeko hainbat eragilek behin baino gehiagotan adierazitakoaren haritik, Garcia Ruizek agirian nabarmendu du oinarrizko zerbitzuetan izandako horrelako gabeziek eragiten dutela herritarrak landa eremutik aldentzea, "baina, aldi berean, Vive donde quieras moduko kanpainak egitera milioiak bideratzen dituzue, biziarazten diguzuen errealitate lotsagarria ezkutatuz".


OHARRA: Paperezko edizioan akats bat dago Bastidako alkatearen izena aipatzean. Daniel Garcia Ruiz da izen zuzena.


Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago