Arabako Errioxan eta inguruan sakabanatutako dolareen gaineko ikerketa zabala egiten ibilitakoa da Salvador Velilla etnografoa, eta oraindik ere horretan dihardu. Ikertu ez ezik, dibulgazioan dabil, eta urte hauetan guztietan bildutako ezagutza jendaurrean jartzen ari da egunotan, harrian landatutako dolareei buruzko hitzaldien bitartez. Urtarrilean Lantziegon eman zuen horietako bat, eta joan den astean eman zuen azkena, Lapuebla de Labarcan.
Egitura horien gaineko ezagutza nahiko berantiarra da: XX. mendearen hasiera arte ez zen hitz egiten hasi dolareen inguruan, baina lehen uneetatik nahasmen ugari sortu izan dute. Hala, hasieran sakrifizioetarako aldare zirelakoan zeuden aditu batzuk. Zorionez, odola baino, orain nahiko argi dago muztioa zeriela egitura horiei.
Gurean, Sonsierran dagoen dolareen banaketa bitxia da arreta ekartzen duen lehen gauza. Izan ere, mendebalean pilatzen dira gehienak, Buradon Gatzaga eta Bastidatik hasi eta gehienez Abaloseraino. Velillaren arabera, eskualdean dauden 200 bat dolareetatik 180 inguru eremu horretan daude. Adituaren esanetan, banaketa hori ez dago ardogintzaren presentziari lotuta, historikoki ezaguna delako eskualde osoan landu izan dela ardoa aspalditik.
HASIERAN USTE ZEN SAKRIFIZIOETARAKO ALDARE ZIRELA, BAINA GERO ARGITU ZEN ARDOA EGITEKO ZIRELA
Hortaz, zeren ondorioa da pilaketa hori? "Zaila da erantzutea", dio adituak. "Bertan ere hilerri antropomorfo gehiago daude —600 inguru Sonsierra osoan—, bai eta zulatutako haitzulo ugari ere". Velillak uste du agian jendearen mugimenduekin lotu daitekeela banaketa hori. "715 inguruan musulmanak Calahorrara iritsi zirenean, jende askok iparraldera ihes egin zuen". Mugimendu horren aztarna euskarazko toponimoekin ere jarraitu daitekeelakoan dago ikertzailea, jakina baita gaur egungo Errioxan hasi eta Trebiñutik gora eginez oso zabalduta daudela euskal toponimoak. "Aztarnen arabera, jende horrek harria gehiago lantzen zuela dirudi. Baina hau suposizio bat baino ez da", ohartarazi du.
Bestelako itxura
Orain horietako dolare bat naturan ikusten dugunean mahatsak prentsatzeko oso txikiak zirela iruditu ahal zaigun arren, adituak ohartarazi du harrizko beste zenbait tresnarekin gertatzen den berdina gertatzen dela dolareekin ere: ez da aintzat hartzen harrizko elementuak egitura osoaren zati bat besterik ez zirela. "Gauza berdina gertatuko zaigu, adibidez, Brontze Aroko La Hoya herrixka bisitatzen dugunean. Harrizko egiturak oso txikiak direla ikusiko dugu. Kontua da orain ikusten ditugun harrizko zati horiek oinarriak baino ez zirela, eta horien gainean paretak eta teilatuak osatzeko egurra edo adobea erabiltzen zirela". Dolareen kasuan, zenbait kasutan erabilera hori ahalbidetzeko egindako egituren markak badirela dio Velillak. Haren esanetan, La Huesera trikuharriaren alboan dagoen dolarea izan daiteke horren adierazle.
Beste zenbait dolaretan, berriz, bestelako egituren zantzuak ere agertzen dira. Egurrezko habeak jartzeko zuloak azaldu dira dolare batzuen alboan, eta, zenbaitetan, gertu aurkitu dira ere prentsa lanetarako kontrapisua egiteko harritzarrak.
Dena dela, horrelakoak aurkitzea sarritan oso zaila da, horietako asko denborarekin puskatu direlako edo sastrakez eta harriez bete izan direlako. "Gure eskualdean dauden ohiko arrokak hareharri direnez, askoz errazago puskatzen dira. Galizian, Italian edo Israelen, adibidez, askoz hobeto kontserbatu dira, bertako harriak gogorragoak direlako", azaldu du Velillak.
"HEMEN HAREHARRIA DAGOENEZ, DOLAREAK ASKOZ GEHIAGO PUSKATU DIRA". SALVADOR VELILLA, ETNOGRAFOA
Apurka bada ere, aurkikuntza berriak azalarazten dira. 2022an bertan erromatar garaikoa zen dolarea agertu zen Oionen, bertaratutako arkeologoek egitura hori ardoa ala olioa egiteko erabiltzen ote zen argitu ezin izan bazuten ere. Eta azken-azkena duela oso gutxikoa da: joan den urrian aurkitu zuen Vellillak dolare berri bat Villabuenan. Arkeologoei abisua eman zien, eta iazko abendurako ingurune hori ikertua eta txukunduta utzi zutela ezagutarazi du etnografoak. "Zuek zarete argazki hau ikusten duzuen lehenetakoak", esan die hitzaldian bertaratutakoei, primizia horren berri emanez.
Oiongoaren kasuan testuinguru arkeologikoak kronologia ebazteko aukera utzi badu ere, gainerako kasu gehienetan noiz eraikiak izan ziren argitzeko modurik ez dago momentuz. Izan ere, elementu organiko edo bestelakoen faltan, landutako harri bat noiz izan zen zizelkatua jakitea ez da batere erraza. X. mendean lehen erreferentziak daude eskuizkribuetan, torculare hitza aipatzean, baina, handik aurrera gehiago ebaztea arras zaila da. Hortaz, landa eremuan sakabanatutako harrizko egiturek beren misterioa ondo gordeko dute oraingoz.