Gaitaren munduan 45 urtez erabateko erreferenteak izan ostean, Ziekoko Gaiteroek erabaki dute honezkero ordua dela atsedena hartu eta taldearen ibilbideari amaiera emateko. Hiru taldekideen artean adostutako erabakia izan dela azaldu du Juantxu Gomez Palacios musikariak. Juan Carlos anaiarekin eta Jose Luis Gallego Caracolekin batera osatu du Gomezek orain arte jardunean izan den hirukotea.
Eltziegoko jaietan eman zuten beren azken kontzertua, baina azken asteotan zabaldu dute herritik kanpo taldea bertan behera uzteko erabakia. Adinak eta "atseden pixka bat" hartzeko nahiak eragina izan dutela dio Gomezek. "Bereziki udan denbora guztian boloak egiten ibili gara, hainbat egun etxetik kanpo emanda. Azkenean gogorra egiten da. Horregatik, familiarekin gehiago disfrutatzeko unea iritsi zaigula uste dugu".
Haien kasua berezia da, gainera. Jakina, beste edozein musikariri ere gogorra egingo zaio norabait abiatzea kontzertu bat emateko. Baina gaiteroak herri batera joaten direnean, emanaldi ugari daudela azaldu du musikariak. "Dianak, erraldoiak, kalejira, pasabaresa... tira, azkenean egun osoa ematen duzu jotzen". Gauzak hala, beren bizitzetatik gaita eta danbolina alboratuko ez dituzten arren, orain modu profesionalean bederen jotzeari utziko diote.
Euskal Herrian bertan zein Euskal Herritik kanpo emandako emanaldi andana uzteaz gain, disko formatuan ere utzi dute beren ondarea. 1987an argitaratu zuten lehena, Arabako dantzak izenburu esanguratsuaren pean. Guardia, Villabuena, Paganos eta Ekorako dantzak bildu zituzten bertan. Sei urte geroago, bigarren bolumena kaleratu zuten, bertan Eltziego, Kuartango, Oion eta Pipaongo dantzak bildu zituztelarik.
HERRIKO DANTZARIAK LAGUNTZEKO HASI ZUTEN TALDEA, BAINA GERO MARTXA PROPIOA HARTU ZUTEN
Dantzei eskainitako lan horiez gain, ondorengo diskoak taldearen bilakaeraren bidetik joan dira. Hala, Guardiako gaiteroek bildutako 760 partituren artean 22 aukeratu zituzten beste disko batean. Ondoren, gaitaren soinua beste hainbat haize tresnarekin lagundu zuten Gaiteros de Elciego & Friends proiektuaren bitartez. Osagarri horiekin nahikoa ez eta, konformatu beharrean, gaitak inoiz izandako laguntzarik oparoenarekin batera osatu zuten Rioja Alavesa diskoa: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin, hain zuzen.
Rapsodia, gaitaz
Hori guztia ez da kasualitatea izan, taldearen helburu gisa abiatutako asmoa baizik: "Atzera begira jarrita, asko pozten gaituen kontu bat da uste dugula musika tresnari, gaitari berari, beharrezko prestigioa eman diogula", nabarmendu du musikariak. "Ahalegindu gara gaitak zeukan maila baino handiagoa izan dezan. Izan ere, guk uste dugu musika tresna tradizionalak beste edozein musika tresna gisa hartuak izan behar direla. Bakoitzak bere mugekin, baina piano batek jota bat jo dezakeen modu berean, nik gaitarekin rapsodia bat jo dezaket ere". Hala, eta taldearen hasieran dantzari eta ospakizunei lotuta egon den arren, musikariak dio "aukera gehiago" ikusten zizkiotela gaitari, eta diskografiari begira aise ikus daiteke lortu dutela hori. Harago, musika tresnari berari ez ezik, gaiteroaren figurari behar bezalako prestigioa ematen saiatu direla azaldu du Gomezek. "Badakizu, ohiko iruzkina da: zer ondo pasatzen duzuen, egun osoan jaian eta parrandan!'. Tira, ondo pasatzea, ondo jatea eta hori guztia ederki egon daiteke, noski, baina guk beti lehenetsi nahi izan dugu gure lana ahalik eta ondoen egitea. Hau da, gaiteroaren lanbidea duindu eta profesionalizatu nahi izan dugu ezer baino lehen. Behin egin beharrekoak eginda, nahi izanez gero, aukera egon da, demagun, ardo batzuk hartu eta herrian gure kabuz jotzeko".
"GAITEROAREN LANA DUINDU ETA PROFESIONALIZATU NAHI IZAN DUGU". JUANTXU GOMEZ, MUSIKARIA
Ibilbide hau guztia 1977an hasi zen Eltziegon, herriko dantza taldeko erakustaldiak laguntzeko beharragatik. Ordura arte, Guardiako eta Villabuenako gaiteroek musika jartzen zieten emanaldiei, baina horiek desagertu zirenean, herrian bertan gaiteroak izateko beharra are agerikoagoa bilakatu zen. "Gainera, garai horretan herrian nolabaiteko gorakada kulturala egon zen. Testuinguru honetan, Jesus Fernandezek eta [Juan Carlos Gomez] nire anaiak gaita talde bat sortu zuten. Beren kabuz ikasi zuten, oso tresna eta material kaskarrekin, urte horietan oso zaila zelako material ona eskuratzea".
Material txukunagoa
Haiei laguntzen, Juantxu Gomez gaztetxoa danborra jotzen hasi zen. Baina handik gutxira Fernandez gaiteroak lanagatik herria utzi eta Bilbora joan behar izan zuen. "Orduan, nik danborra utzi nuen eta gaita jotzen hasi nintzen", ekarri du gogora Gomezek.
Piezak mugitzearekin, ordea, ez zen konpondu hirukotearen hirugarren adarrarena. Hala, Jose Luis Gallego Caracol bigarren lehengusua fitxatu zuten danbolin jotzaile lanetarako. Denborarekin trebatzen ziren heinean, apurka-apurka material hobea eskuratzea lortu zuten. Garai horretan bereziki Iruñeko gaiteroei eskertu behar diete gaita eta mihi txukunagoak lortu izana.
Mihinarena ez da apeta kontua: mihi bikoitza duen musika tresna izanik, horien bibrazioaren bitartez musika lortzea ez baita kontu hutsala. "Mihia duten tresna guztiek konplexutasun puntu bat dute, eta zailak dira ulertzeko eta jotzeko. Kasurako, hezetasunak edo beroak mihiei eragin diezaieke. Horrelakorik ez zaie gertatzen metalezko haize tresnei. Fagota, oboea, adar ingelesa... halakoak dira ere; nahiko delikatuak dira. Nafar gaitaren kasuan, finean zuloak dituen makila bat da, eta, bai, nahiko exijentea da".
Gomezek aipatutako nafar abizenak terminologiaren eremu lausora eramaten gaitu. Izan ere, espezializatuta ez dagoen publikoaren kasuan, gaita hitza entzutean burura datorren lehen irudia galiziarra edo asturiarra da; poltsa bat duen horietako bat. "Tira, horiek berez kornamusak lirateke, baina mota eta izen asko daude. Gure tresnaren kasuan, izenik egokiena nafar gaita dela uste dugu. Eltziegoko agiri historikoetan gaita gisa agertzen da gutxi gorabehera 1700. urtera arte. Handik aurrera dultzaina terminoa ere aipatzen da, eta bi hitzak erabiltzen dira. Baina berez dultzaina giltzak dituen gaita da; halakoak gehiago erabiltzen dira Gaztelan edo Madrilen, adibidez". Aragoin edo Katalunian, adibidez, antzeko tresnak dituzte, nork bere berezitasunekin.
Digitazio berdina ere? Baietz dio Gomezek. "Normalean zulo berdinak dituzte aldaera desberdinek. Hori bai, afinazioa desberdina izan ohi da. Dultzaina re maiorrean dago; gurea, berriz, don dago".
Gonzalezen esanetan, Nafarroan dago zabalduen beraiek jotzen duten gaita, eta bertakoak dira ezagutzen dituzten luthier guztiak. "Baina Euskal Herriko gaitero gehienek nafar gaitaren eragina dute, modu batean edo bestean". Musikariak dioenez, nafar gaita Euskal Herri osoan jotzen da. "Araban ez ezik, Gipuzkoan ere asko daude, eta Bizkaian hainbat bikote daude. Ipar Euskal Herrian, bestetik, gaitero andana dago, loraldi handia egon da bertan azken urteotan".
Musikari lotuta
Eurak ere Euskal Herri osoan ibili dira, bai eta kanpoan ere. Taldea desegingo zela jakin denean, sare sozialen bitartez urte hauetan guztietan egindako lagunek emandako agurrengatik pozik azaldu da Gomez. Baina agurrik beroenak Arabako Errioxan jaso dituzte, noski, eskualdeari hertsiki lotuta ibili direlako. "Arabako Errioxan lagun handiak egin ditugu; zaletu handiak izan ditugu. Badakizu, hemen oso jende zintzoa eta jatorra dago!". Gauzak horrela, "ahoan zapore ona" dutela hartzen dute erretiroa; horrela deitu badaiteke hori, argi dutelako modu berean edo bestean musikari eta gaitari lotuta jarraituko dutela. "Nik, adibidez, Gasteizko Folk Akademian gaita klaseak ematen jarraituko dut. Baina, orain gutxienez familiarekin denbora gehiago izateko aukera izango dut, bai eta nire buruarekin ere. Sikiera udako oporrak izango ditut; nire bizitza gehienean izan ez ditudan horiek!".
Azken hamarkadetako talde enblematikoena galduta ere, Guardian gaitero talde bat geratuko da momentuz, eta beren herrian bertan ere, Eltziegon, oinordetza uzten saiatu direla azaldu du musikariak. Hala, herrian belaunaldi berri batek hartuko du orain lekukoa, sikiera herrian egin behar diren ekitaldi protokolarioetarako. "Unai Caballero gure iloba eta Raquel Martinez de San Vicente geratuko dira gaitero gisa, eta Ander Laorden danborrean ariko da". Haienak izango dira, momentuz, zerbitzu minimoak emateko ardura. Eta, batek daki, agian tresna tradizional bati enegarren iraultza eramateko aukera ere.